"Tolosa CF eskualdera begira lan egiten duen klub bat da"

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 4a, 10:50

Ostiralean Tolosa CF-k presidente berria aukeratu zuen, Iñaki Martixa (Tolosa, 1963). Agintaldia lau urterako izango da.

Sekzio guztietako presidentea aukeratu zen ostiralean.  
Tolosa CF-k zortzi sekzio dauzka. Bakoitzak bere zuzendaritza dauka, eta gero, horren gainetik dagoen batzordea dago. Horko zuzendaritza aukeratu zen joan den ostiralean.


Zerrenda bakarra aurkeztu zen, zuena. Beraz, aurrera.  
Hautagaitza bakarra aurkezten denean, estatutuek horrek aurrera egiten duela esaten dute. Ez da bozketarik izaten kasu horretan.


Lanean hasteko aukera izan al duzue?
Aurreko zuzendaritzarekin ari gara paper kontuak egiten. Talde horretako batzuk gurekin jarraitzen dute, beraz, ez da erabateko aldaketa, jarraipen bat baizik. Martxan gaudela esan daiteke.


Asanblada baketsua izan al zen ostiralekoa?
Bai. Klubaren egoera ona da une honetan. Orain arte egon direnek egoera onean utzi dute; bai antolakuntza aldetik eta baita ekonomikoki ere. Pena, asanbladara jende gutxi joaten dela da. Baina joan zirenak, baikorrak ziren.


Zer da zuretzat Tolosa CF-ko presidente izatea?
Lehenengo gauza, ohorea. Txikitatik naiz Tolosako klubeko bazkidea, haurra nintzenetik. Ardura ere bada, handia gainera. Eta lana, baina horrek ez dit beldurrik ematen. Ohorea eta ardura esango nuke, beraz.


Azken urtean futbol sekzioan egon zara. Beste sekzioek beldurtzeko arrazoirik ba al dute?
Inondik inora. Bakoitzak bere bidea jarraitu behar du, orain arte bezala. Beldurra inolaz. Ni ez noa inori burua moztea. Lanean jardun den eta dabilen jendeari babesa eman behar zaio, ez errieta egin. Futboletik nator, bai, zuzendaritzan komunikazio arloan egon naizelako. Baina beste sekzioak ere ezagutzen ditut, eta ni laguntzera nator, ez beste ezertara.  


Jarraipena izango da zuen helburua.
Orain arte egin denaren jarraipena. Sostengu bat izan nahi dugu, eta ahal den neurrian gauzak hobetu. Beti daude gauzak hobetzeko. Nire ibilbidea amaitzen denean ere, gauzak hobetzeko egongo dira. Asanbladan esan nuen bezala, bazkide guztien lana eta ekarpenak beharrezkoak dira. Eta baita bazkide ez direnenak ere. Hobetzeko zerbait ikusten baldin badute, klubera hurbiltzea besterik ez dute; irekita gaude.


Buruan duzun erronka bat?
Klubak gizartearekin batera joan behar duela uste dugu. Horretarako, webgunea eta sare sozialak indartu behar direla uste dugu. Beste erronka bat? Guretzat garrantzitsuena jendeak kirola egitea eta zoriontsu izatea da. Irabazten baldin baduzu hobe, baina ez da helburua irabaztea. Tolosa eta eskualdeko jendearekin egiten dugu lan, Tolosaldeko bokazioa duen kluba garelako. Horretan lan egin nahi dugu, eta lanean ari denari lagundu.


Zenbat kobratzen duzu presidente bezala?
Momentu honetan nahiko ondo: zero.


Eta hemendik urte batzuetara ere horrela izango dela iruditzen zait.
Ez dut uste ogasunak diru asko kenduko digunik hemendik.


Hau borondate kontua da.
Zalantzarik gabe. Zuzendaritzan gauden guztiak borondatez ari gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!