Tolosaldeak eta Goierrik kantuz bat egingo dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urriaren 4a

Duela hiru urte Goierri eskualdean hasitako bideari Tolosan jarraituko diote datorren urriaren 28an, egun osoko egitarauarekin

Goierriko kantu jira guztiek bat egin eta egun osoko festa ospatzen hasi ziren duela hiru urte, Beasainen. Orduz geroztik, Idiazabal eta Segura ere izan dituzte topaleku, eta Tolosaldeko hainbat kantuzale bertaratu izan dira hitzorduetara. Horrela, aurten, estreinakoz, Tolosaldeak eta Goierrik bat egingo dute, Tolosan, kantuz. Urriaren 28rako prestatu dute ospakizuna, eta bazkari txartelak eskuragarri dira jada.

Tolosan hilean behin elkartzen badira ere, beste zenbait herriren maiztasuna txikiagoa izaten da, eta hilaren 28koak festa erraldoia izatea nahi dute Tolosa Kantariko antolatzaileek.

11:00etan harrera izango dute udaletxean, eta ondoren ekingo diote kantu jirari, ezohiko ibilbidea hartuz: Plaza Zaharra, Zerkausia, Artxiboa, Palestinarren lorategiak, Lopez Mendizabal plaza eta Trianguloa.

Ondoren bazkaria izango dute, Zerkausian, eta Udaberriko fanfarreak girotuko du otordua. Gehienez ere 500 pertsonarentzako tokia izango dute, eta zenbaki horren bueltan ibiltzea espero dute Tolosa Kantarikoek. Txartelak salgai dira, jada, 25 euroan, Irrintzi, Beti Alai eta Xirimiri tabernetan. Gainerako herrietan, berriz Asteasu, Larraul, Aduna, Villabona, Irura, Anoeta, Beasain, Idiazabal, Zerain, Segura eta Zaldibia, kantu jiretako arduradunek banatuko dituzte txartelak. Aipatzekoa da, datorren urriaren 18a izango dela, bazkari txartelak eskuratzeko azken eguna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!