"Emozio guztiak ezin kontrolatu gaude"

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 2a, 13:47

Bartzelonan da Beñat Sarasola Tolosaldeko Gure Esku Dagoko kidea, eta "oso pozik, euforiko" dagoela esan du Katalunian gertatzen ari denarekin. Gure Esku Dagoko hainbat kide izan dira asteburuan Katalunian, beraien hitzetan, "han egon behar genuela sentitzen genuelako, eta bertako herritarrak animatzen eta ahal genuenetan laguntzen".

Urriaren 1aren ondorengo eguna nolakoa da Bartzelonan?
Atzo denak irribarretsu baldin baginen, gaur ez dakit zein adjektibo jarri honi. Oraindik eta irribarretsuago gaude, kontentu, lasai, euforiko… emozio guztiak ezin kontrolatu.


Zein izan zen zuen egitekoa igandean?
Herritar xume izatea eta egunaz beraz gozatzea. Ez ginen begirale bezala etorri, eta hauteslekuetan ere ez genuen egon behar. Baina bai sentitzen genuen presente egon behar genuela; laguntza behar zuen horri laguntzen eta bitartean, aztertu, ikusi eta baloratu. Hori izan da gure egitekoa.


Goizean goiz irten zineten kalera.
Larunbatetik hasi zela esango nuke. Bartzelonan, hainbat hautesleku izango zirenak bisitatu genituen, zer giro zegoen ikusi  han zeudenak animatuz. Gero entzun dugu poliziak ere ez duela lortu hau geratzea. Nik alderantzizkoa esango nuke: herriak lortu duela aurrera eramatea. Herri horrek egunak eta gauak pasa ditu hautesleku horiek zaintzen. Ikaragarrizko antolakuntza zutela ikusi dugu, eta izugarrizko borondatea. Igandean 05:00etan eskola batera joan ginen. Gu zehazki Antzerkiaren Institutuan egon ginen. Ordu horretan jendetza zegoen. Askok gaua bertan pasa zuten, eta besteok goizean goiz joan ginen. Hor hasi zen eguna, eta pausoz pauso ikusi genuen: nola osatu zituzten mahaiak; nola ekarri zituzten famatu bilakatu diren hautetsontziak; nola boto-paperak inongo arazorik gabe jarri zituzten eta garrantzitsuena, 09:00etan nola normaltasun osoz erreferendumari hasiera eman zitzaion.


Polizia oldartu zen arte normaltasuna izan zela ikusi dugu. Gero, 800 zauritutik gora.
Horren balantzea nola egin? Gaur egun, zorionez, sare sozialek izugarrizko lana egiten dute. Irudiak berehala zabaldu ziren mundu osora. Munduak epaituko ditu irudi horiek; nik uste ia epaitu dituela. Oso latzak dira. Gure kinieletan horrelako bortizkeriarik ez zen sartzen inondik inora. Baina horretarako gai izan dira. Baina ez dute lortu.


Nazio artean zeresana eman du poliziaren jokabideak.
Nazioarteko prentsak hori dioen bitartean, hemengook ikusi dugu. Aztertu beharko litzateke hori ere.
Mugimendu handia ikusi zen Katalunian. Hiru milioiren parte hartzea, hau da, %55etik gorakoa.
Larunbatean galdetuz gero, zer erantzun ere ez nuen jakingo. Baina datuak horiek dira. Ez genuen espero zenbaki horietara hurbilduko zirenik ere. Atzo bizitakoa izugarria izan zen; atzo lortutakoa. Historiaren atal berri bat ireki dute, itxita ez dagoena. Hemendik aurrera ea nola bideratzen den ikusi beharko da. Baina bai, herriak eman duen erantzuna ikaragarria izan da.


Erreferendum legea jarraituz, 48 ordura independentzia aldarrikatu beharko lukete. Espainiako gobernuaren jarrera ere ikustekoa izango da.
Eta nazioartekoek ere zeresana izango dute. Ez dakit zer gertatuko den hemendik aurrera, baina argi dudana da herriak zer esan duen. Horri entzungor egin behar al zaio? Ez ikusiarena egingo dugu? Zer lortuko genuke horrekin? Espainiak zer erabakiko du, oraindik eta bortizkeria handiagoa erabiltzea? Ez dakit. Gauza asko dira aztertu beharrekoak. Herriak atzo emandako hitzaren ondoren, politikarien esku geratu da orain, baina zalantzarik ez izan herria beti hor egongo dela zelatan.


Zein da Gure Esku Dago-ren ikasgaia?
Hemen ikusi dugunarekin argi dugu oraindik ere sarea loditzen joan beharra daukagula. Herritarrengana iritsi behar gara, eta sare sozial handia lortu behar dugu. Gero, Katalunian eman den pauso hori noizbait Euskal Herrian emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!