Luis Txapartegi, Aizarnazabaleko aizkolaria eta Asier Pellejero aresoarra aritu dira egurra mozten. Hauek, bi lan egin behar izan dituzte. Batetik, kanaerdikoa mozteko kolpe gutxien ematea zen eginbeharra. Txapartegik 44 behar izan ditu, eta bat gehiago Pellejerok. Ondoren, 60 ontzako egurra bost aldiz ebaki behar izan dute. Lan honetan ere, aizarnazabaldarra izan da azkarrena, 14 minutu eta 32 segundoko denborarekin. Bost segundo geroago amaitu du aresoar aizkolariak.
Harria jasotzen, berriz, Joseba Esnaola 23 urteko berrobitarra aritu da. Honen lanak honako hauek izan dira: Lehenik, 113 kilotako kopari bi minututan ahalik eta altxaldi gehien ematea; ondoren, 180 kilotako errektangularrarekin berdin, baina denborarik gabe; eta azkenik, 140 kilotako zilindroa, lehen aldiz esku bakarrarekin altxatzea, 2 minututan. Lehenengoan, 8 altxaldi egin ditu; bigarrengoan, 4 eta azken saioan, 3 altxaldirekin amaitu du. Herri kirolariek beraien lanak hasi baino lehen eta amaitu ondoren, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek alaitu dute festa giroa.