Europako Ondare Jardunaldien barruan, bi ekitaldi Topic-en

Tolosaldeko Ataria 2017ko ira. 29a, 11:46

Europako Ondare Jardunaldien barruan, bi ekitaldi antolatu dituzte Tolosan: Topic zentroak Tolosako paisaiaren eraikuntzan izan duen eragina aztertzeko mahai ingurua eta Tolosako eskultura garaikideak ezagutzeko bisita gidatua.

Europako Ondare Jardunaldiak Europa osoan egiten dira "herritarrei kultur ondarea ezagutarazteko eta horri buruzko interesa pizteko". Guztira 50 estatuk baino gehiagok hartzen dute parte jardunaldietan, eta Tolosak ere bigarren aldiz hartuko du parte. Olatz Peon Tolosako alkateak, Julian Lacunza Turismo Ekinbide Etxearen lehendakariak eta Idoia Otegi Topic-eko zuzendariak aurkeztu dituzte jardunaldien harira antolatu dituzten ekitaldiak.

Olatz Peonek azaldu duenez, aurtengo gaia Ondarea eta paisaia da eta bi ekitaldi antolatu dituzte: "Ekitaldi horien bidez, herritarrok ondarea beste modu batera ezagutzeko aukera izango dugu, eta zer suposatzen duen horrek gure eguneroko bizitzan".

Alde batetik, Topic, Tolosako pasaiaren eraikuntzan mahai ingurua egingo dute urriaren 4an, 20:00etan, Topic-en bertan. Helburua da Topic zentroaren ondarea balioan jartzea, eta Tolosako herriaren paisaian izan duen eragina aztertzea: "Ikuspuntu kulturalaz gain, ikuspuntu arkitektonikoa, ekonomikoa eta turismoa aztertu ere nahi ditugu", adierazi du Topic zentroko zuzendariak. 

Horretarako, mahai inguruan izango dira Julian Lacunza Turismo Ekinbide etxearen lehendakaria, Olatz Peon Tolosako alkatea, Paula Amutxastegui Euskal Herriko Arkitektoen Elkarteko Ofizialaren ordezkaria, Mercedes Rodriguez Bilboko Turismo zuzendaria, Frantxis Lopez de Landatxe Donostiako Koldo Mitxelenaren zuzendari ohia, Nekane Garayalde Herrikideko DBH irakaslea eta Ibon Leunda 19-90 gastrotekako kidea.

Bestalde, Tolosako eskultura garaikideak ezagutzeko "luxuzko" bisita gidatua antolatu dute urriaren 8an, igandea, 11:00etan. Eskulturen egileek beraiek edo egileen senitartekoek azalduko dituzte eskulturak. "Benetan luxuzko gidariak izango ditugu: Ricardo Ugarte, Iñaki Olazabal, Tomas Hernandez, Ionan Bastarretxea, Juan Carlo Huercanos –Alzuzako Oteiza Museoaren zuzendariordea– eta Mikel Chillida". Erreserba mugatuak dira –50 pertsona– eta izena emateko 943 65 04 14 telefonora edo cit@cittolosa.com helbidera idatzi behar da.   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!