Amaia Beitia Udaberriko kideak azaldu duenez, «urteurrenaren antolaketa pentsatzerakoan hainbat ideia atera ziren. Zerbait ezberdina egin nahi genuen. Udaberrik jantzi tradizionalen bere ondarea du, hauek jende aurrean erakusketako zerbait egin nahi genuen, eta desfilea antolatzea erabaki genuen». Hamabi bat dantzetan erabiltzen diren jantziak erakutsiko dituzte. «Ez da desfilatzea bakarrik izango. Ez da, nolabait esateko, ohiko moda desfile bat izango. Azkenean jantzi hauek dantza bati lotuta daude, beraz, jantzia erakusteaz gain, dantza ere erakutsi nahi dugu», esan du Beitiak. «Desfilea egiterakoan, dantza pausoren bat egingo dugu, eta bitartean bideoak edota argazkiak jarrita izango dira tokian tokiko jantzienak». Bi aurkezle izango dira azalpenak ematen, eta taldeko txistulariek jarriko dute musika.
Udaberrikoak ohituta daude jantzi bat beti dantza batekin lotzen, eta agian dantza emanaldia ikusten ari dena ez da guztiz horretaz jabetzen. Jantziak bere izaera propioa ere baduela esan du Beitiak: «Erakutsi nahi dugu jantzi hori nondik datorren. Gipuzkoan ohituta gaude baserritar jantzia erabiltzen dantzarako, baina jantzi hau garai batean ez zen erabiltzen dantzarako, baizik baserriko lanak egiteko, bere eguneroko jantzia zen».
Eltziegoko dantzako jantzia, Otsagabiakoa, Markina-Xemeingo ezpata dantza, Lanestosako arkuen jokoa egiteko erabiltzen den jantzia, Erronkarikoa, Nafarroan egiten diren inauterietako jantziak, Iturengo joaldunak... Denetatik pixka bat erakutsiko dute desfilean. «Zerrenda egiterakoan pentsatzen genuen askoz ere jantzi gehiago lortu beharko genituela kanpotik, baina ondarean begiratzen hasi eta uste baino gehiago genituen. Halere, batzuk, berezienak edo ez direnak hain ohikoak, eskatu egin ditugu». Erronkarikoa, esaterako, oso berezia da eta bertara jo dute jantzia lortzeko. Markina-Xemeinen eskapulario batzuk erabiltzen dituzte eta horiek lortzeko bertako dantza taldearekin jarri dira harremanetan eskuratzeko.
Oholtza gainean egotera ohituta daude Udaberriko dantzariak, baina modelo izatea bestea kontu bat da. «Egia da ohituta gaudela oholtzara igo, dantza egin eta jaistera. Modelo izatearenak bere kezka sortu zigun. Azkenean desfilea gure egin dugu, eta esan bezala, dantza pauso batzuk ere egingo ditugu. Erronka moduan hartu dugu, eta ilusioz gaude emaitza ikusteko».
Hainbat belaunaldietako dantzariek parte hartuko dute desfilean. «Une honetan taldean bosgarren eta seigarren belaunaldietakoak gaude, eta bi horietakoak bertan izango gara. Baina jende gehiago behar genuen eta aurreko belaunaldietara jo dugu. Laugarren belaunaldiko dezente eta hirugarrenekoak ere izango dira», azaldu du Beitiak. Guztira 70 lagun inguru igoko dira pasarela gainera.
Egindakoari begirada
Aurretik gauzatutako ekitaldiei begiratzean, orain hiru aste egindako Dantza Dezagun Tolosa ekimena ekarri du gogora Beitiak. Bertan taldeko belaunaldi guztietako kideak elkartu ziren eta emozio handiz bizitu zuten: «Egun oso berezia izan zen, denontzat, partaide guztientzat, bai Udaberritik pasatako belaunaldi guztientzat, eta baita tolosarrentzat, batez ere Udaberri jarraitzen dutenentzat». Ekitaldiaren ondoren jasotako «komentario denak izan dira zorionak emateko, errepikatzeko eskatuz, 10 urte itxarotea gehiegi dela esanez, eta lehenago beste topaketa bat egin behar dela esanez. Eguna mundiala izan zen».
Lehenengo belaunaldietako kideek asko bizitu zuten egun hori: «Azkeneko hilabetean astero elkartzen ziren eta entseguak egiten zituzten egunean bertan dantza ondo ateratzeko. Urte asko dira utzi zutela, eta beraiek ere berriz elkartu dira eta beraien garaiak gogoratu dituzte, eta oso berezia izan da elkartze hori. Hamar urte gehiegi dela berriz horrelako zerbait egiteko zioten». Aurrera begira, beraz, ideia berriak ere ateratzen dira urteurrenaren ospakizunen harira.
Ekainean beste bi ekitaldi nagusi izan ziren. Horietako bat urteurreneko emanaldia, Gogoan izenekoa. «Garai batean Udaberri eta Tolosako Musika Bandaren artean emanaldi bat egiten zen, eta hori berreskuratu nahi izan genuen. Zorion mezu asko jaso genituen emanaldiarengatik».
Bestalde, ekainean ere estreinatu zuten Aulkien kulunka dokumentala. Belaunaldi guztien lekukotza jaso nahi izan da bertan. «Udaberrik zer eman dion, bakoitzaren bizipenak jaso dira. Taldeko proiektu bat izan da, eta etorkizunerako ere hor geratu den lan bat da». Beitiak dio oso berezia izan dela belaunaldi ezberdinetakoen bizipenak entzutea: «Gaur egun taldean gaudenok ere asko ikasi dugu, eta ikusi dugu gauzak zenbat aldatu diren batetik, baina baita ere beste gauza batzuk ez direla hainbeste aldatu talde baten funtzionamenduari dagokionez».
Dokumentalerako egindako elkarrizketa guztiak ez dira bere luzera osoan txertatu ikus-entzunezkoan, eta orain Facebook bitartez elkarrizketa horiek zabaltzen ari dira. «Elkarrizketa bakoitza hamar minutu ingurukoa da, ezin zen beraz osotasunean sartu dokumentalean, eta orain pixkana ari gara elkarrizketa osoak zabaltzen», esan du Beitiak.
Komunikazio arloari garrantzi berezia eman diote urteurrenaren antolaketan eta zabalkundean. Esaterako, taldeak urteurrena ospatuko zuela plazaratzeko, urte hasieran bideo batzuk egin zituzten.
«Moskeo kanpaina moduko bat egitea pentsatu zen», esan du Beitiak. «Egun normal batean dantzan hasten ginen herriko tokiren batean, eta jendearen erantzuna oso ona izan zen. Grabatzen ari ginen unean, jendea harrituta geratzen zen, eta behin bideoak publikatu zirenean, asko zabaldu ziren. Harrera ona izan zuen ekimena izan zen». Bide horretatik, Beitiak nabarmendu du komunikazio arloa landu dela urteurrenean: «Tradizio handiko talde bat izanik, garai berrietara egokitzen badakigula erakutsi dugu, urte hasierako moskeo kanpaina horrekin adibidez. Desfilerako ere spot berritzaileak egin ditugu. Nik uste dut landutako gauzak egin ditugula, eta jendearen erantzuna ona izan dela».
60. urteurreneko ekitaldiak desfilearekin bukatuko dira, baina taldeak bere urteroko martxarekin ere jarraitzen du. Esaterako, 220 haur inguru daude Udaberriko ikastaroetan parte hartzen. «Urtetik urtera handitzen doan kopurua da eta egia esan oso pozik gaude ikusita haurrek nola jarraitzen duten dantzara etorri nahian, eta gustura aritzen direla», esan du Beitiak. «Ilusioa egiten die Dantzari Txiki Egunean jantzi eta Tolosako kaleetan dantza egiteak. Dantzak ikasi eta dantza egiteko haurren ilusio hori mantentzen saiatu behar gara. Hor lan handia dago, baina emaitza ikusten da eta pozik gaude. Gero, horiek izango dira Udaberriko etorkizuna, beraiek hartuko dute taldearen ardura, eta egokituko zaie etorriko diren urteurren ekitaldiak antolatzea».