Aldabara biltzeko aitzakia

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 29a, 07:25

Hiru egunez festa giroa nagusituko da Aldaba auzoan, gaurtik igandera bitarte San Migel jaiak ospatuz.

San Migel egunarekin batera hasiko dituzte gaur Aldabako jaiak, eta hiru egunez luzatuko dira. Intxur auzo elkartean zortzi laguneko lan taldea dago, auzoko dinamika eramaten, eta horren barruan kokatzen da festa batzordea ere. «Denon artean lanak banatuta, ondo antolatzen gara», esan du bertako kidea den Joxe Ramon Emanaldek.

Arratsaldean botako dute txupinazoa, auzotarren artean urtero txandatuz egiten dutena. Meza ere izango da eta ondoren afaria egingo dute frontoian. «Tolosako Udalak utzitako parrillak erabiliko ditugu eta saiheskia prestatuko dugu plater nagusi moduan», esan du Emanaldek. «Frontoian elkartuko gara 60 lagun inguru. Eguraldiaren beldurrez egoten ginen lehen, baina orain ez gaude hain kezkatuta, orain bi urte toldoa jarri genuelako frontoian, eta eguraldi txarra bada horrek babesa ematen digu». Musika jarriko dutenen artean Uganekoak ere izango dira, auzokoak beraz, besteak beste Santuipekoen eta Unai Urretabizkaiaren parte hartzearekin.

Bihar zahagi ardoaren txanda izango da. Aurreko urtean 140 pertsona elkartu ziren eta aurtengoan ere espero dute hainbeste izatea. «Sagardoa eta ardoa jartzen du festa batzordeak eta bakoitzak bere afaria ekartzen du», esan du Emanaldek. «Herrikoa izan eta nahiz eta herrian ez bizi, jendeak festetan aprobetxatzen du etortzeko eta parte hartzeko. Eta eskertzen dugu jendea etortzea; kontuak berritzen ditugu eta giro onean izaten gara». Aurretik toka txapelketa izango da, eta afaria eta gero bingo jokoa egingo dute, aurten hirugarren urtez. «Jendea dantzan hasi aurretik, kafea eta kopa hartuz bingo jokoa egiten dugu». Trikitilariek girotuko dute biharko gaua.

Igandean, besteak beste, Sutarri dantza taldearen emanaldia izango da. «Auzoko neskak Sutarrin daude eta saioa antolatzen dugu. Aurreko urtean arrakastatsua izan zen eta aurten errepikatzea pentsatu dugu», esan du Emanaldek. Egun horretan bazkaria catering baten bitartez egiten dute, eta arratsaldean, ohi izaten den moduan, herri kirolen emanaldia ikusi ahalko da. Trikitilariek girotuko dute goiza zein arratsaldea. Azken egun horretan beste urteetan egin izan den txirrindulari igoera aurten ez da egingo. «Atsedena ematea pentsatu dugu», esan du Emanaldek. «Ea datorren urtean indarrez heltzen diogun».

 

EGITARAUA

IRAILAK 29, GAUR

20:00. Txupinazoa. Ondoren, meza nagusia.

21:00. Herri afaria. Ondoren, Santuipekoak eta Ezkide Oteiza eta Unai Urretabizkaiaren musika jaialdia.

IRAILAK 30, BIHAR

18:00. Toka txapelketa.

21:00. Zahagi ardoa.

23:00. Bingo jokoa.

Ondoren. Izer eta Alabier trikitilariak.

URRIAK 1, ETZI

11:30. Meza nagusia.

12:30. Alegiako Sutarri dantza taldearen emanaldia.

14:00. Herri bazkaria.

18:00. Herri kirolak. Aizkolariak: Asier Pellejero eta Luis Txapartegi. Harri -jasotzailea: Joseba Esnaola.

Egunean zehar: Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!