Alde Zaharreko bi patio erosi ditu Tolosako Udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 28a, 10:05

Tolosako Udalak 44.609 euroko kreditu aldaketaren berri eman du osoko bilkuran, Alde Zaharreko bi patio erosi dituztela azalduz; Kataluniari babesa eskaini diote

Azkarra izan zen, iraileko osoko bilkura, Tolosako Udalean. Kreditu aldaketek eta Kataluniako erreferendumak hartu zuten erdigunea eta, besteak beste, udalak Alde Zaharreko bi patio erosiko dituela jakinarazi zuen udal gobernuak.

Batetik, udaleko Ingurumen sailak eskatutako kreditu aldaketaeren azalpenak eman zituen Begoña Tolosa zinegotziak: 6.000 euroko aldaketa egin dute, udako auzolangietako lana biribildu, eta Uzturreko bainuen egokitzea behar bezala amaitzeko.

Era berean, 44.609 euroko kreditu gehigarria ere diktaminatu dute, eraikuntza lanetarako. Horrela, Beotibar pilotalekuko argiteria (9.039 euro), Usabal kiroldegiko ur-bonba (15.000 euro), Inauterietako karrozak gordetzeko bi pabiloi eskuratzea (10.890 euro) eta zirkulazioa hobetzeko azterketa teknikoa (9.680 euro) finantzatuko dituzte kreditu gehigarriaren bitartez.

Ordea, urteko hamargaren kreditu aldaketak iragarri zuen, plenoko erabaki azpimarragarriena. Udalak gerakinetik 20.425 euroko kreditua sortu du diruzaintzatik, eta Alde Zaharreko bi patio erosiko dituela jakinarazi.

ESTELADA BALKOIAN

Bezperan Villabonako udaletxean gertatu bezala, Tolosako batzar aretoak ere bat egin zuen, Kataluniara elkartasun eta babes mezuak bidaltzeko.

Hasiera batean EAJk eta EH Bilduk mozio bana aurkeztu bazituzten ere, bi udal taldeek mozio bateratua sartu zuten, azkenean, gai zerrendan: Kataluniarekin bat eginez.

Cristian Fernandez PSE-EEko ordezkariak aurkako botoa eman zion mozioari, Kataluniako proiektua «aldebakarrekoa» izaten ari dela gaitzetsiz: «Legea urratzen ari dira, eta bi gobernuek elkarrizketaren bitartez konpondu behar dute auzia. Gainera, elkartasuna azaldu nahi diegu PSCko alderdikideei».

Onartutako mozioak, besteak beste, «prozesu demokratikoen erabilera» salatu zuten eta, azpimarratu, operazio polizialik ez dutela onartuko.

Horrela, «borondate askeko herriak» defendatuz, eta kataluniarren erabakia «babestuz», Tolosako Udalak estelada zintzilikatuko du, udaletxeko balkoitik, urriaren 1era bitarte. Halaber, erabaki horren berri emango diote Kataluniako Parlament- eko presidenteari, Espainiako presidenteari eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari, eta tolosarrei.

ERANTZUNA IURREAMENDIKO PROZESUARI

Iurreamendi egoitzako udal langileek astelehenean eskainitako agerraldia hizipide izan zuten osoko bilkuran, galde erreguetan. Lore Agirre EH Bilduko ordezkariak mahaigaineratu zuen gaia, gaur egun egoera zein zen galdetuz; langile eta udalaren arteko balizko mahaian parte hartu nahiko lukeela ere azpimarratu zuen Agirrek.

Olatz Peon alkateak «gai asko nahastuta» daudela azaldu zuen, egoera deskribatzen hasteko. Langileek hasieratik kezka azaltzea normaltzat jo zuen alkateak, eta zehaztu zuen, 2012an egindako lanpostu balorazioak ezin direla aplikatu, legeren arabera: «Langileek balorazioak aplikatzea nahi dute, Iurreamendi KABIAn sartu aurretik; ordea, gaur egun, legeek ez dute hori ahalbidetzen».

Aurreikuspenen arabera, Iurreamendi egoitza 2018an sartuko da KABIA erakundean eta, horri begira, Tolosako alkateak langileekin biltzeko konpromisoa hartu zuen, nabarmenduz, hasieratik bermatu izan zaiela egungo lan baldintzak mantentzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!