Urriaren 4an hasiko da Mugi Tolosa ekimenaren IV. edizioa

Ataria 2017ko ira. 27a, 13:20

Mugi Tolosa egitasmoa urriaren 4an jarriko da martxan; zortzi ibilbide antolatu dituzte eta asteazkenetan elkartuko dira Zerkausian, 10:30ean eta 11:00etan.

Mugi Tolosa egitasmoaren IV. egitasmoa aurkeztu dute gaur; bertan izan dira Cristian Fernandez eta Patxi Amantegi Tolosako Udaleko zinegotziak, Asier Bakaikua ekimenaren koordinatzailea eta egitasmoan parte hartu duten bi ikasle eta bi erabiltzaile.

Cristian Fernandez Kirol Zinegotziak III. edizioko parte hartzaile kopurua nabarmendu du: "31 irteera egin ziren eta guztira 345 lagunek hartu zuten parte, II. edizioan baino 63 gehiagok". Asier Bakaikua egitasmoko koordinatzaileak azpimarratu du emakumeen portzentaia handiagoa dela eta gizonezkoak animatu ditu: "Ez eduki beldurrik. Denok mugitu behar dugu, eta guztion artean harremanak sortu. Eta hori guztia gazteekin bada, hobe".

Boluntario lanetan arituko dira Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte erretirodunen elkarteak, eta baita erretirodunekin lan egiten duten hainbat elkarte ere: Ilarki Elkartea, Goienetxe Fundazioa, Gurutze Gorria, Uzturea Asistentzia Gunea eta Nagusilan. Fernandezek boluntario horien lana azpimarratu du: "Eskerrak ematen dizkizuet egiten duzuen lan bikainagatik".
 

Patxi Amantegi alkateordeak ikasle boluntarioen lana ere nabarmendu du, eta garrantzitsutzat jo du belaunaldi ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea eta eskola ezberdinek proiektu berean lan egitea. Duela urte batzuk Herrikide ikastetxea hasi zen egitasmo honetan parte hartzen, eta Laskorain Ikastola eta Inmakulada Ikastetxea ere batu ziren: "Emaitzak ikusita, beste ikastetxeak ere gonbidatzen ditugu egitasmo honetan parte hartzera". 

Ekimenean parte hartu duten bi ikaslek hartu dute hitza. Eneko Agirre Herrikide ikastetxeko ikasleak kalean ibiltzeko dituzten oztopoak nabarmendu ditu; Laxi Arakama Inmakulada Ikastetxeko ikasleak, berriz, adierazi du "interesgarria" eta "polita" dela egitasmoa, gazteekin ez ezik, helduekin ere harremanak sortzen direlako.

Anjel Izagirre eta Mari Jose Jauregi Harizpe elkarteko eta Iurramendi egoitzako kideak dira, eta egitasmoan parte hartzen dute: "Jubilatu guztiak animatzen ditut egitasmoan parte hartzera; astean behin ibilbide hau egitea oso ondo etortze zaigu", adierazi du Izagirrek. "Bizi eta pozik sentitzen gara. Hurrengo asteazkenera arte!", agurtu du Jauregik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!