«Umorea oso zapaltzailea izan daiteke, baina baita eraldatzailea ere»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 27a, 08:41

'Emakumeak eta umorea' izenburupean hiru saio eskainiko ditu Tolosako jabetze eskolan, umorea sortzeko nahiz kontsumitzeko moldeei feminismotik begiratuz.

Tolosako jabetze eskolak aurkeztu du udazkeneko egitaraua, eta tartean da Emakumeak eta umorea tailerra. Emakumeek umorean duten posizio pasibo nahiz aktiboa izango dituzte hizpide, eta baita norbere buruaz barre egiteko moduak ere, Beatriz Egizabalen (Lasarte, 1971) eskutik. Urriaren 3an hasiko dira saioak, eta izen ematea zabalik da, kultur etxean.

Emakumeak eta umorea. Eskutik joan ohi diren bi hitz al dira? 

Ez, ez da ohikoa izaten bi kontzeptuak elkarrekin ikustea, umorearen plaza publikoa ez baitzaie emakumeei utzi izan. Baina garrantzitsua da hori zehaztea, eremu pribatuan emakumea umoretsua baita.

Zuk zeuk ogibide duzu, ezta?

Bai. Berez narratzailea naiz, ipuin kontalaria, eta pailazo lanetan ere aritzen naiz. Egia esan, umorea da lanean gehien erabiltzen dudan erregistroa, eta hortik konturatzen naiz, umorea benetan baliagarria dela gauza asko esateko.

Umorearen plazan leku txikia izanagatik, izango dira plaza horretan denbora daramatenak, ezta?

Gure aurretik emakume umorista gehiago ere izan dira baina, beste hainbat esparru eta diziplinatan gertatu den bezala, ez dira hain entzutetsu bilakatu; hor egon dira beti, baina zaila izan da ikusaraztea. Niretzat, pailazogintzan erreferentzia oso garrantzitsua izan da Virginia Imaz. Zenbait ikastaro egin nituen berarekin, eta Oihulari Clownen ere aritu ginen elkarrekin. Han ikasi nuen umorea lantzen, eta baita nire bizitzan feminismoari garrantzia ematen ere. Eta, noski, umorea eta feminismoa uztartuz egin zitekeen bideaz ere jabetu nintzen.

Uztartze horretatik asko izango du Tolosako ikastaroak. Zer landuko duzue hiru saioetan?

Bi orduko hiru saio izango dira, eta hiru posiziotatik jorratuko dugu emakumeen eta umorearen gaia. Batetik, emakumea umore hartzaile moduan aztertuko dugu eta, bigarrenik, emakumea umore objektu gisa. Azken saioan, berriz, emakumea umore sortzaile izango da. Abiapuntu horiek izanda, aztertuko dugu grazia zerk egiten digun eta zerk ez, hori zergatik ote den, emakumea umore objektu izateak nola sentiarazten gaituen, edo nondik hasten garen, barrea norberak eragin behar duenean.

Umoreak, akaso, beste zenbait diziplina baino kutsu matxistagoa du?

Betiko kontua da: denak balio al du umorea egiteko? Bai, baina ea grazia zerk egiten digun. Botere harremanak daude eta, noski, ez da gauza bera zapaltzaileak zapalduaren inguruko txistea egitea, edo alderantzizkoa gertatzea. Bakoitzak aukeratzen du non jartzen den, nora lerratzen den. Eta ez da akusazio bat, baina horri ere arreta jarri behar diogu, umorea oso zapaltzailea izan daitekeelako, baina baita oso eraldatzaile eta iraultzailea ere.

Umorea lantzeko moldeetan, bakarrizketak sekulako harrera izaten ari dira, azken urteotan. Umore feministaren begietatik, nola ikusten duzu egoera Euskal Herrian?

Orain arte bakarrizketak ez ditut oso gustuko izan, batez ere, gizonezkoek eta gizonezkoentzako egindakoak izaten direlako. Duela gutxi, ordea, bakarrizketa eredu atsegin bat deskubritu dut. Erradikalak gara ikuskizunean aritzen gara, eta bakarrizketarekin bestelako harreman bat dut orain: gauza asko esateko aukera ematen dizu, eta esan nahi duzunaren araberakoa izaten da emaitza. Espainian Eva Hache aipatuko nuke erreferente moduan, baina Euskal Herrian ere badira emakumeak: Aitziber Garmendia, adibidez. Beraz, bakarrizketetan aritzen diren emakumeak badaude, baina ez mugimendu moduan. Orain ari gara jabetzen, emakume umoristek duten potentzialaz.

Norbere buruaz barre egiteko bidean, gizarteak konplexu gehiago sortu dizkie emakumeei?

Norbere buruari barre egitea umore horizontala da eta, hori lortuz gero, errazagoa da gainerako guztia kudeatzea. Niri hori pailazoak eskaini zidan: porrotaren aurrean zein jarrera hartu erakusten du. Oro har, uste dut emakumeok badakigula geure buruaz barre egiten, baina, aipatu bezala, eremu pribatuan geratu ohi da, bestela ere, betebehar asko ditugulako; besteak beste, edertasuna. Eta, noski, umorea eta edertasuna uztartzea ez da erraza, ez bazara pixka bat desmuntzatzen. Hor baditugu muga batzuk, baina umorea erabiltzea estrategia bat izan daiteke, esparru publikoa hartzeko aukera gutxiago dutenentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!