Urte amaierarako prest izango da Oriaburuko 'co-working' gunea

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 22a, 12:42

Bertan lan egiteko izen-ematea epe laburrean zabalduko du Tolosako Udalak; eraberritze lanetan dira orain, eta 112.500 euroko aurrekontua bideratuko dute obrara.

Oriaburu eraikineko co-working espazioa erabiltzeko prest izango da, 2017. urtea amaitzerako. Eraikinaren kanpoaldea eraberritu zuten, lehenengo, jatorrizko diseinua eta itxura errespetatuz. Orain, berriz, lehen solairua egokitzeko lanetan ari dira, gunea langile independente, enpresa txiki eta enpresa ertainen espazio bilakatu dadin.

Proiektuak 2016ko martxoan eman zituen lehen pausoak, orduantxe mugitu baitzen, Tolosa&Co merkatari eta ostalarien elkartea, hara; beheko solairuan lan egiten dute.

Orain, ordea, Oriaburu eraikina motor ekonomiko garrantzitsu bilakatze bidean, lehen solairura bideratuko dute co-working gunea. Tolosako Udalak azaldu duenez, epe laburrean zabalduko dute espazio horretan lan egiteko izen ematea; profesional independenteek, enpresa txikiek eta enpresa ertainek aukera izango dute, espazio fisiko eta birtuala partekatzeko.

Besteak beste, honako lanak osatzen ariko dira, datorren abendura bitarte: 4-6 pertsonarentzako gela; bilera gela; atseden hartzeko lekua sukalde txiki batekin; zerbitzari eta komunikazio ekipoentzako gunea; bainugelak eta beharrezko instalazio guztiak.

Lan espazioa egokitutakoan, beharrezko altzariz hornituko du Tolosako Udalak, mahai indibidualak, takila pertsonalak, wifi publikoa nahiz inprimagailua bertan ezarriz. Horrela, Oriaburu egunero 24 orduz erabilgarri izango dute co-working espazioko langileek.

Eraberritze horrek guztiak 62.250 euroko aurrekontua izango du, eta beste 50. 250 euro igogailua jartzera bideratuko dituzte. Udalak azaldu duenez, lehen solairuaren eta teilatupearen arteko irisgarritasun baldintzak bermatzeko ezinbestekoa izango da igogailua, eta eskaileraren ondoan egitea erabaki dute adituek. Horrenbestez, eraberritze lanek 112.500 euroko aurrekontua izango dute.

Aipatzekoa da, uda aurretik eraikinaren kanpoaldea berritu zuela udalak, jatorrizko diseinua eta itxura mantenduz. Esku hartze nabarmenenak isolamendua hobetzen eta teilatu hegalak tratatzen egin zituzten, eta azalerak bernizatu eta margotu zituzten, bukatzeko. Eraikin kanpoaldeko obraren kostua 75.300 eurokoa izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!