Eraikinei begirada ederrenak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 22a, 12:10

TolosanKlisk argazki lehiaketako erakusketa zabalik da Aranburu jauregian, 2018ko egutegia osatzeko.

Hirugarren urtez TolosanKlisk izenez antolatu du, udalak, Tolosako egutegia osatzeko argazki lehiaketa. Oraindik ere zenbait hilabete falta dira, abenduaren 31ra bitarteko argazkiak etxe, bulego nahiz dendetan zintzilik izateko, baina 2018. urteko egutegia labean da ia-ia, eta tolosarrek zeresan handia izango dute, 12 hilabete horiei irudiak jartzeko erabakian.

Tolosako eraikinak gaiari jarraitu behar izan diote argazkilariek, hurrengo urteko egutegian beren irudia ezartzeko. Horrela, 67 parte hartzailek 277 argazki aurkeztu zituzten, guztira, ekainera bitarte.

Eta orduantxe hasi zen epaimahaiaren lana. Ura Iturraldek eta Iñigo Royok aukeraketa lana egin behar izan dute aurkeztutako lan guztien artean, eta 40 lanek pasatu dute lehen galbahea. Hain justu, Aranburu jauregiko erakusketan ikusgai dauden lan horiek guztiek.

Datorren irailaren 30era bitarte zabalik izango da erakusketa, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era bitarte. Aurten, ordea, botoak internet bidez bakarrik eman ahal izango dira: www.tolosa.eus/tolosanklisk atarian sartu, eta bertan ikusi eta aukeratu ahal izango du, herritar bakoitzak, bere argazki gustukoena. Botoa ematen duten herritarren artean, iPad mini bat zozkatuko dute, urriaren 2an.

Urteroko moduan, boto gehien jasotzen dituen lana egutegiko argazki nagusia izango da, eta 600 euroko ordainsaria jasoko du egileak. Halaber, epaimahaiak beste 12 argazki aukeratuko ditu, 2018ko hilabeteak apaintzeko; egile bakoitzak 200 euroko ordainsaria jasoko du, kasu horretan.

2017a amaitzeko hiru hilabeteren faltan egonda ere, datorren irailaren 29an III. TolosanKlisk lehiaketako irabazleen izenak ezagutaraziko ditu Tolosako Udalak, eta boto emaileen zozketa urriaren 2an izango da. Egutegiak azaroaren 8tik 10era bitarte banatuko dituzte, ohiko guneetan.

 

III. TOLOSANKLISK

Irailaren 23a. Argazki lehiaketan botoa emateko azken eguna interneten.

Irailaren 29a. Argazki irabazleen aurkezpena. 


Irailaren 30a. Erakusketa ikusteko azken eguna.

Urriaren 2a. Boto emaleen zozketa.

Azaroaren 8, 9 eta 10a. 2018ko egutegien banaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!