Pasahitza (zaharra)

Oporren udazkena

Erabiltzailearen aurpegia Saioa Etxegia Eizagirre 2017ko irailaren 20a

Denbora fisikoa izango balitz, itzuleraren antza izango luke irailak. Edo lurreratze pista batena. Beno, egia esan, lurreratze pista batek ez du zertan itzuleraren antzik izan. Iritsi zaitezke itzuli gabe ere. Edota itzuli zara, baina ez duzu iristerik lortu.

Lurreratze pista baten erdian zaude, beraz. Grabitate kolpea jasan eta nostalgia ubeldurarik baduzun ala ez begiratzen. Zauriak azkarregi itxi nahi izaten dituzu. Orbainak ahalik eta azkarren ezkutatu. Mina gutxienekoa da. Zenbatetan egiten ote duzu ez ikusiarena? Ez-sentituarena? Zenbatetan erakutsi nahi izan diozu inguruari zure hoztasunaz, izotza izateaz, lehanago ur likido izan zinela ezkutatuz? Eta ahazten saiatuz.

Egunak pasatzen ikusten dituzu eta zuk hor jarraitzen duzu geldirik, pasibo. Gero, denbora galdu duzula esateko… agortzen zaizun bitartean. Batzuk urrutira joaten dira, galdu duten hori inoiz egon ez diren lekuren batean topatuko dutelakoan, han erori zitzaielakoan edo. Beste batzuk berriz, berton geratzen zarete; noizbait zeru beltz batera jaurtiriko burua zuen lepoetara noiz jausiko zain.

Oporretako aurpegi zoriontsuak zure barne-horman iltzatu eta “…hurrengo geltokia, Errutina. Mesedez, ez ahaztu hoteletatik lapurtutako toailak, parrandatan lortutako betaurrekoak, hitz potoloen musuak…” aditu eta “bost minutu gehiago, mesedez” pentsatu duzu.

Urteak pasaz, betetzen joan den motxila hartu duzu eta familiaren ongietorri-txartelean zera irakurri duzu: “Esaera txinatar batek zihoen lez: Bidaiari on batek ez ditu asmo garbiak izaten, ezta iristeko asmorik ere”.

Buelta eman eta erlojuari agindu dizkiozun bost minutuak igaro direla ohartu zara. Badakizu aurreko urtean bezala maiatza inguruan konturatuko zarela oporrak jada bukatu direla, grabitate-kolpearen ubeldura topatzen duzunean, minaren inguruan.   

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!