Joan den apirilean hasitako ebaluazio prozesuan jarraitzen du Tolosako Udaleko Berdintasun sailak, Hezkidetza planak zer nolako fruituak eman dituen aztertzeko. Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz ekin zioten lanari, ebaluazioari etorkizunerako lan ildo berriak gehitzeko asmoz, eta hezkuntza komunitatearekin harremana duten eragile guztiekin lan saioak antolatu dituzte egunotan.
«Ikasleen garapena bereizketak arbuiatuz eta indarkeria matxistaren prebentzioa landuz» egitea da udalaren helburua, eta kirol mahaiarekin nahiz berdintasun batzordearkein bildu dira jada. Gaur bertan, 17:00etatik 19:00etara, irakasle, orientatzaile eta HIPI irakasleekin elkartuko dira, Topagunean, eta datorren irailaren 26an eta 28an, guraso eta ikasleekin izango dute hitzordua, hurrenez hurren. Azkenik, lan saio ireki bat izango da, parte hartu nahi duten guztiekin, datorren urriaren 18an, 17:00etatik 20:00etara, kultur etxeko areto nagusian.