PSCko kideei "elkartasuna" azalduz ireki du, Idoia Mendiak, Tolosako Herriko Etxe eraberritua

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko irailaren 16a

PSE-EEk Herriko Etxea eraberritu du, eta inaugurazio ekitaldira bertaratu da EAEko sozialisten burua; Kataluniako "tentsioa" hizpide izan du adierazpenetan.

Horrelako hitzorduek "poza" ematen diotela baieztatuz ekin dio, Idoia Mendia PSE-EEko buruak, bere esku hartzeari: "Duela urte batzuk, Euskadiko Herriko Etxeak bunker modukoak ziren, baina orain, zorionez, egoera politikoa asko aldatu da hemen. Horregatik, porlanezko paretak bota eta kristalak jartzen ditugu".

Tolosako Lapurdi plazako Herriko Etxearen eraberritzea aitzakia bilakatu zaie, sozialistei, Tolosako hitzordurako. Izan ere, hainbat alderdikiderekin batera, ekitaldian izan dira, besteak beste, Jesus Egiguren, Iñaki Arriola, Ernesto Gasco, Jose Ignacio Asensio eta Oscar Renedo. Mendiak zorionak eman dizkie sozialista tolosarrei, eta Katalunian ezarri du, jarraian fokua: "elkartasuna" azaldu nahi izan die PSC alderdiko alkateei.

Azpimarratu du "onartezina" dela egunotan zenbait alkate eta ordezkari politiko jasaten ari diren "presioa", eta erabat gaitzetsi du "tentsio" egoera: "Kataluniako ibilbide-orritik ateratzen den ideia oro epaitzen dute, eta tentsio handiko egunak bizitzen ari dira bertan". Horrela, Idoia Mendiak gorriz markatu nahi izan du datorren urriaren 2a: "Sozialistok beti hitz egitearen alde egon izan gara, eta auzi honetan ere gauza bera egin nahi dugu. Horregatik, datorren urriaren 2ari begira gaude jada; orduan eseri eta hitz egin beharko dugu Kataluniako egoeraz, eta konponbide posibleez". Horrenbestez, Kataluniako zentzuari dei egin dio: "Kataluniako herritarrek ez dute buruzagi politikoek burua galdu izanaren errurik".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!