Afizioetan trebatzeko ikastaroak prest dira

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 15a, 12:04

Kultura eta Gazteria sailen ikastaroetako izen ematea irailaren 18an irekiko du Tolosako Udalak.

Urtetik urtera harrera hobea jasotzen dute kultur etxeko ikastaroek. Hala diote, behintzat, zenbakiek: 2014-2015 ikasturtean 364 ikasle jaso baldin bazituzten, zenbakia igotzen joan da, joan den ikasturteko 390 ikasleak osatu arte. Horrela, hastear den ikasturtean ere, Tolosako Udalak izen-emate altua espero du. Datorren astelenean zabalduko dituzte zerrendak, kultur etxean.

Pintura, ehoziriak, zeramika, argazkigintza, balleta, dantza garaikidea, antzerkia eta eskulanak egiteko aukera izango da tailerretan, eta ordainketa eskura egin beharko da, zati bakarrean nahi bitan. Gainera, Tolosaldeko familia ugariek %50eko deskontua izango dute.

Izena emateko eta ordutegien kontsulta egiteko kultur etxera bertaratu daiteke, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitarte. Bestela, 943 67 03 83 telefono zenbakia nahiz www.tolosa.eus ataria ere eskuragarri daude.

Gazteek eskatutakoa, Topagunean

Gazteria sailak lau ikastaro antolatu ditu, abendura bitarte eskaintzeko, eta guztiak Topaguneko gazteek egindako eskaeretatik atera dira. Udalak azaldu duenez, «teknikoki baloratu» dituzte eskaerak, eta lau tailer antolatzea erabaki dute.

16 eta 35 urte bitarteko herritarrek parte hartu ahal izango dute, eta 2 eta 8 ordu arteko iraupena dute guztiek. Saio guztiek 20 euroko prezioa izango dute, eta izena ematerakoan ordaindu beharko dira.

Honakoak dira ikastaroak: tresnen oinarrizko konponketa, Origami magia paperarekin, Argazki urbanoa gauez eta Josi ta ikasi patroigintza ikastaroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!