Egin apustu

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 14a, 11:02

Xabi eta Jon Luzuriaga uganetarren eta Uxer Mozo eta Mattin Jauregi ikaztegietarren arteko desafioa, Santuipeko Festari hasiera emateko.

Aurtengo Uganeko Santuipeko Festan ohiko desafioa izango da, baina protagonistak berriak izango dira. Larunbatean apustu egingo duten gazteak ezagunak dira Uganen, bi bertakoak direlako, eta beste biak ikaztegietarrak eta kuadrilla berekoak direlako, guztiak 1998koak. Xabi eta Jon Luzuriaga bizki uganetarrak batetik eta Uxer Mozo eta Mattin Jauregi ikaztegietarrak bestetik euren indarrak neurtuko dituzte korrika, harri-jasotzen eta aizkoran. Zortzi afari izango dituzte jokoan.

«Gure artean beti lehia pixka bat izan dugu, gu Uganekoak izanik eta beraiek ikaztegietarrak», esan du Jon Luzuriagak. «Uganeko festan beti izan ohi da apusturen bat, herri kirolekin lotuta, eta Ikaztegietako festetan bazkari bat izan genuen eta han sortu zen dena».

Bikote bakoitzak egin beharreko lana, eta hurrenez hurren, bi kilometro korrika, 12 jasoaldi 50 kiloko harri borobilari eta ia kanaerdiko enborrari bi ebaki ematea izango da, proba guztia txanda librean. Aizkoran lauak elkarrekin ari dira entrenatzen, baina harriarekin bikote bakoitza bere prestaketa ari da egiten. Patxi Urretabizkaia, Jokin Garmendia eta Unai Iraola ari zaizkie laguntzen prestaketa lanak egiten bai harri-jasotzen eta bai aizkoran. «Beraiek herri kirolen munduan ibilita, errazago dute materiala-eta lortzeko, eta aukera handia eman digute ikasteko», esan du Jauregik. «Uste baino hobeto ari gara moldatzen, eta ikusiko dugu ea nola ateratzen den egunean bertan», esan du Mozok.

Uganen eta Ikaztegietan saltsa sortzen ari dela diote desafioaren inguruan, eta espero dute jendea joango dela larunbatean beraien jarduna ikustera. «Modu sanoan bizilagunak zirikatzen ari dira ea nola egingo dugun», azaldu du Xabi Luzuriagak.

Santuipeko Festa apustuarekin hasiko da eta ondoren ohiko egitarauarekin jarraituko du: Hernaniko bertsolariak, bazkaria, mus txapelketa, ume jolasak, toka txapelketa, bertako musikarien emanaldia, eta bukatzeko afaria. Ziur, gainera, goizeko desafioa hizpide izango dela egun guztian zehar. Galtzaileek errebantxa eskatuko ote dute?

 

EGITARAUA

Irailak 16, etzi

12:00. Desafioa, zortzi afari jokoan korrika, harri-jasotzen eta aizkoran. Uganeko Xabi eta Jon Luzuriaga, Ikaztegietako Uxer Mozo eta Mattin Jauregiren aurka.

12:30. Hernaniko bertsolariak.

14:30. Auzo bazkaria.

Jarraian. Mus txapelketa.

17:30. Ume jolasak.

Ondoren. Toka txapelketa.

19:30. Santuipekoen kontzertua.

21:30. Afaria.

Goizean zehar pintxoak eta saskirako txartelak egongo dira salgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!