«Atletismoak milaka leku eta jende ezagutzera eraman nau»

Asier Imaz 2017ko ira. 14a, 07:50
Elx-eko Beteranoen Espainiako Atletismo Txapelketan, Armando Roca eta Juan Carlos Etxebeste.

Udan Munduko Atletismo Txapelketa jokatu da Londresen. Atletismoak eskualdean erreferente bat baldin badu, hori, Armando Roca tolosarra da.

Beteranoen mailan dena lortu du Armando Rocak (1934, Lleida, Herrialde Katalanak); besteak beste bi munduko marka. Gaztetan, atleta bezala, egin zuena baino gehiago egin zezakeen, berezko izugarria zuelako. Berarekin aritu ziren entrenatzaileek segidan igarri zuten hori. Baina arkitektura ikasketek eta maitasunak beste bide bat erakutsi zioten tolosarrari; eta berak, bizitzan zorte handia izan duela gaineratzen du.

Uda honetan atletismo mundua shock egoeran geratu da, Londresko Munduko Atletismo Txapelketan. Ikusi al zenuen 100 metroen proba?

Bai, noski. Pare bat aldiz.

Eta zer iruditu zitzaizun?

Denak pentsatzen genuen Usain Bolt betikoa izango zela, eta irabazi egingo zuela. Nolabait esateko, orain arte beste planeta bateko izaki bat izan da. Londresen, bere alde gizatiarra ikusi dugu, ordea. Eta nire iritzian, erakustaldia eman du. Bere inguruan gertatzen dena ulertzeko izugarrizko gaitasuna erakutsi du, eta gainera, horrelako momentu batean.

Hau da, finala hirugarren amaitu ondoren.

Ziurrenik, fin ez zegoelako ez zuen irabazi finala. Baina gizon portatu zen. Eta ni horrekin geratu naiz. Porrota onartu eta besteei pasatzen utzi zien; Gatlin-i edo Coleman berari. Atleta handi horren atzean izugarrizko gizona zegoela ikusi dugu; gizaki bete bat. 

100 metrotako lasterketa bat ikusten duzunean, zer etortzen zaizu burura?

Montjuïc proba korritu nuen lehen aldia. Montjuïc-eko estadioan izan zen, berritu aurretik, noski, eta 18 urte nituen. Hasiberrientzako lasterketa bat zen. Galtza luzeekin joan nintzen eta irabazi egin nuen. Momentu hura idealizatuta bezala daukat, izugarrizko gauza egin izan banu bezala; oroitzapena beti une hartara joaten zait.

100 metroko lasterketa bat korritzen duzunean, niri behintzat hori gertatzen zait, takoetatik irteten zarenetik helmugara iristen zaren bitarte, ulertezina den denbora bat pasatzen da. Ez da beste denbora-pasa batzuk baino hobea, ez eta txarragoa. Desberdina, baizik. Zure bizitzan hutsarte bat bezalakoa da. Nolabait esateko, zure pentsamendu guztia eta barruan duzun oro, animalia bilakatzen da. 10, 11, 12 segundo horietara bideratzen duzu egin dezakezun esfortzu guzti-guztia. 

Hasiberrien Txapelketako garaipena aipatu duzu, baina zure lehen marka handia, 24 urterekin lortu zenuen: absolutu mailako Espainiako errekorra. 

Nahi al duzu anekdota bat kontatzea horren inguruan?

Bai, noski. 

Bartzelonan nengoen ikasketak egiten. Greba batzuk egin ziren tranbiako prezioak igo egin zituztelako. Orduan, protesta egiteko aukera genuen bakarrak ikasleak ginen. Harrapatu eta orain ixtekotan diren Modelo espetxera sartu ninduten. Han egon nintzen 15 egunez, eta… gaizki. Izugarrizko krisiak izan nituen. Orduan, nire entrenatzailea alemaniarra zen. Asko maite genuen elkar; oso gizon ona zen. Elola Olaso ikustera joan zen. Hezkuntza fisiko eta kiroletako delegatua zen Elola Olaso. Francoren garaiez ari naiz hizketan, 1953 edo 54a izango zen. Nire entrenatzaileak Espainiako marka oinetan nuela esan zion delegatuari. Elola Olaso hau atletismo jarraitzaile sutsua zen, eta zeruak eta lurrak mugitu zituen Falangeko buruzagiekin eta abar hitz eginez. Buru horietako batekin gero Madrilen egin nuen topo. Ea Bartzelonan zer gertatu zitzaidan galdetu zidan, eta nik kontatu egin nion. Nik espediente beltz bat nuen, eta horregatik bi urte unibertsitatetik kanpo egon behar izan nuen. Kontua zera da, 1956. urtean Donostiara etorri nintzela korritzera, eta Espainiako Txapelketa irabazi nuela. Hurrengo astean, Portugalera joan ginen, Espainia eta Portugalen arteko txapelketa bat zegoelako. Han, 10,8tik 10,7ra jaitsi nuen 100 metroko marka. Podiumean nengoela, gizon altu eta kaskazuri bat eskaileretatik beheraka jaisten ikusi nuen. Domina hartu, zintzilikatu eta ondorengoa esan zidan: «Zure entrenatzaileak Espainiako marka oinetan zenuela esan zidan, eta orain, iragarpena bete egin da. Zorionak!».

Bi galdera kontaketaren harira. Bata, espediente beltz hori nola amaitu zen?

Belgikako Lovaina Unibertsitatetik amari gutun bat bidali zioten, nahi baldin banuen, bertan ikasketa guztiak ordaintzen zizkidatela esanaz. Baina orduan Belgikara joatea, gaur ilargira joatea bezala zen guretzat. Horren ordez, amak unibertsitateko idazkari batekin hitz egin zuen, eta honen laguntzaz eta Elola Olasoren bitartekaritzaz, espediente beltza kendu zidaten, bi urte ikasteko aukerarik gabe egon ondoren.

Eta bestea, erdi brometan: Hain azkarra izanda, nolatan harrapatu zintuzten?

Bartzelonako Unibertsitean bi patio zeuden, zuhaitzekin eta guzti. Bada, zuhaitz horietako batetik lau tipo erori zitzaizkidan gainera.

Nola?

Bai, bai, horrela izan zen. Zuhaitzaren gainean zeuden. Kontua da, unibertsitatearen aurrean biltegi batzuk zeudela, eta handik argazkiak ateratzen ibili zirela. Nik larruzko jaka bat nuen, eta horrela identifikatu ninduten.

Identifikatu zergatik?

Lehen aipatu greba horietan, nire aurretik zihoan neska bat iletik harrapatu eta arrastaka eraman zuten; zaldizko poliziak. Orduan, esprint bat egin eta zaldiaren gainera egin nuen jauzi. Hirurok lurrera erori ginen. Neska hartu eta eraman egin nuen. Baina eurek bitarteko asko zituzten, eta azkenean harrapatu egin ninduten, jaka horrengatik.

Zer eman dizu atletismoak? 

Zorte handia izan dut bizitzan; arlo guztietan gainera. Atletismoak, berriz, milaka leku ezagutzera eraman nau. Jende askoren bizitza ezagutu dut atletismoari esker. Europa guztia zeharkatu dut, Amerika, Espainia zer esanik ez. Euskal Herrira etortzen ginenean, Tolosan hartzen genuen ostatu, Hotel Cielo Granden. Bertan ezagutu nuen Mertxe, nire emaztea. Orduan Madrilen ari nintzen arkitektura ikasketak egiten, Olinpiar Jokoak prestatzeko beka batekin. Ikasketak jarraitzera Ameriketara joan nahi nuen, arkitektura eskola nagusiak bertan zeudelako. Baina Mertxe ezagutu nuenean maitemindu egin ginen. Ez Olinpiar Jokorik, ez Ameriketako ikasketarik… hemen geratu nintzen.

Nola sartu zinen atletismo munduan?

14 urterekin hasi nintzen. Ordura arte edozein kirol egiten nuen. Probatzen nuen guztia gustatzen zitzaidan: igeriketa, futbola, saskibaloia… Azken honetan nenbilela Bartzelonara joan ginen txapelketa bat jokatzera. Atletismo lehia bat ere bazegoen, aldi berean eta leku berean. Lagun batek, gero benetan atletismo mundura bultza ninduenak, ea 50 metroak zergatik ez nituen korritzen esan zidan. Proba egin eta lasterketa guztiak erraz irabazi nituen, finalerako sailkatuz. Saskibaloi taldearekin ordea, galdu egin genuen eta etxera itzuli ginen. Horregatik, 50 metrotako finala ezin izan nuen korritu.

Beti izan al zenuen argi zure distantzia zein zen?

Bai, baina aurrez beste anekdota bat kontatuko dizut.

Aurrera.

Kataluniako federazioak hiru urterako entrenatzaileak ekartzen zituen kanpotik, klub guztientzat. Lehen alemaniarra aipatu dizut, orain finlandiar bat. 200 metro korritu nituen bere aurrean, 23 segundo juxtu eginaz. 400 metro egin nahi al nituen galdetu zidan. Niretzat agian distantzia luzeegia izango zela esan nion. «200 metro 23 segundoan egin dituzu. Nirekin entrenatzen hasten baldin bazara, 400 metro 46 segundoan egingo dituzu», esan zidan. Orduan Espainiako marka 49 segundoan zegoen. Horretarako zer egin behar nuen galdetu nion, eta berak astean lau aldiz entrenatu beharko nuela esan zidan. Ni larunbatetan bakarrik joaten nintzen entrenatzera. Arkitektura ikasketek ez zidaten beste ezertarako denbora uzten, ondorioz, ezetz esan behar izan nion; lau aldiz astean entrenatzea niretzat ezinezkoa zen.

Denbora hori hobetzerik lortu al zenuen?

22 segundo juxtuan pare bat aldiz egin nuen 200 metroko lasterketa, errekorra berdinduz, Lisboan. 100 metrotan 10,5era jaistea lortu nuen, haizea pixka bat alde nuela.

Usain Bolt aipatu dugu hasieran. Garai hartako izenak zeintzuk ziren.

Beste anekdota bat kontatuko dizut horren harira.

Bikain.

Madrilen Alemania eta Espainiaren arteko topaketa moduko bat egin zen. Ni ez nengoen ondo, baina korri egiteko gogoa nuenez erreleboetan hartu nuen parte. Alemaniarekin Heinz Fütterer etorri zen. Garai hartan, 100 metrotan Europako errekorra berea zen, 10,2rekin. Errelebo bera korritu genuen biok, bigarren kurbakoa. Bukatu genuenean niregana etorri zen: «Ez nauzu harrapatu, eta nik ere ez zaitut harrapatu. Parean korritu dugu». Gero bere oinetakoak oparitu zizkidan. Oraindik oilo ipurdia jartzen zait gogoratzen dudanean.

Garaiko beste anekdotaren bat?

Niri ez zitzaidan gertatu, baina orduko atletismoa ezagutzeko polita dela uste dut. 10 segundoko muga izugarria zen orduan. Kontuan izan gaur egungo pistan ez zela korritzen, errautsaren gainean baizik. Europako txapelketak ziren Zurichen, eta Armin Hary alemaniarrak 100 metroak 10 segundo juxtuan egin zituen. Suitzarrak badakizu nolakoak diren, eta marka homologatzeko makina bat atera zuten. Pista aztertu ondoren, araudian jartzen zuen pistarekin alderatuz, 8 milimetroko aldea zegoela esan zuten. Pentsa alemaniarra nola gelditu zen: izoztuta! Armin Hary-ren entrenatzailea suitzarrengana joan, eta alderantziz egingo zuela esan zien, hau da, helmugatik atera eta irteeran bukatu. Berriro 10 segundo zehatzetan gelditu zuen erlojua.

Atleta izugarria izango zen, beraz. 

Gero jakin ahal izan da, tipo hark izugarrizko irteerak egiten zituela. Entzumena oso garatua omen zuen. Beste korrikalariak irteteko 150 milarenetik gora behar zituztenean, hau 100ean ibiltzen zen.

Hori asko izango da, ezta?

Gaur egun irteeran bi metro aterako zizkion edonori. Ideia bat egiteko. Gogoratzen al duzu Ben Johnson Seuleko Olinpiar Jokoetan.

Dopin analisietan harrapatu zuten.

Inguruan putre ugari zituen. Finalerdietara gasolina gabe iritsi zen, eta finalean ez dut esango azkena egiteko zegoenik, baina ez zen urruti ibiliko. Orduan zaldi baten indizioa sartu zioten, eta gogoratzen al zara finalean nola atera zen? Nik buruan daukat: tiroa bezala. Carl Lewis gizajoa negar egiteko moduan zen, irteeran 2 metro atzetik ikustean. Nola harrapatu hura? Ba hori da Armin Hary-k egiten zuena; baina modu natural batean, noski.

Dopina ezagutu al duzu?

Ez. Hori zer zen ere ez genekien orduan. Egia da Alemania Demokratikoko atletek egin zituzten hainbat errekor oraindik hautsi gabe daudela, adibidez, 400 metro emakumeena. Marita Koch-ek 47,60 egin zuen. Hori izugarria da. Ez du inork hautsi eta ez du inork hautsiko. Berezko izugarria izateaz gain, dopinarekin elkarbizitza handia zuten. Gune bereziak zituzten horretarako, segurtasun neurri izugarriekin.  

Zein da gehien harritu zaituen atleta?

Carl Lewis tipo handia izan da niretzat. Korrikalariaz gain luzera jauzian fenomeno handia izan da. Gero Bolt ere hor daukagu. 100 eta 200 metrotan egundokoak egin ditu. Nire ustez ezin dira alderatu, garai desberdinekoak direlako. Eta hori oso garrantzitsua da; garaiak eta espazioak desberdinak direnean, alderaketa guztiak alferrikakoak dira. Atletismoa asko maite eta jarraitzen dudalako, asko irakurri dut. Eta hor Paavo Nurmin finlandiarrak ere nabarmentzeko gauzak egin zituela ikusi dut. Jesse Owens-ek ere bai. Berlineko Olinpiar Jokoen aurretik, arratsalde batean zazpi munduko marka hobetu zituen. Zazpi! Atleta izugarri asko egon dira, baina garaiak ezin dira alderatu.

Atletismoa maite duzulako, adinari begira egon gabe, korritzen jarraitu duzu.

Tolosara etorri nintzenean, zortzi hilabete ezer egin gabe egon nintzen. Ikasketak amaitu berriak nituen eta lanak denbora guztia kentzen zidan. Baina Berazubi ondoan nuenez, segituan hasi nintzen entrenatzen. Tolosa CF eta Frantzia hegoaldeko elkarte batek harremanak zituzten, eta topaketa horietako batean, beteranoekin, erreleboetan atera nintzen. Gero 40 urterekin arra piztu eta txapelketa desberdinetara joaten hasi nintzen. 50 urtekoen mailan bigarren geratu nintzen Europako txapelketan, 100 metrotan. 200ean, aldiz, hirugarren egin nuen. 1985ean Erromara joan nintzen Munduko txapelketara, eta bigarren geratu nintzen. Gauza bitxi bat ere gertatu zitzaigun orduan.

Zain nengoen.

Erreleboetako txapelketa kontinenteka jokatzen zen orduan. Amerika, Europa, Asia, Afrika eta Ozeania. Gure taldea hanka izugarriak zituzten bi ingelesek, alemaniar batek eta nik osatu genuen. Amerikarren artean Olinpiar Jokoetan ibilitako bi atleta zeuden. Bada irabazi egin genuen 4x100eko txapelketa. Baina horretara iristeko kontuan izan behar da alemaniarrak egunero 6:00etan esnatzen gintuela, estadiora entrenatzera joateko. Alemaniarrak horrelakoak dira. 

Munduko errekorra jartzera ere iritsi zinen.

Birritan. 65 urterekin 8,03 segundo egin nuen 60 metrotan. Bitxia izan zen hau ere. Alemaniako lagun bat etorri zitzaidan marka hori errekorra zela esanaz. Amerikar batek 7,80 egin zuela esan nion. Baina kontua zera zen: orduan erloju elektrikoa edo eskuzkoa zeudela, eta lehenak markatzen zuena bigarrenari gailentzen zitzaiola. Horrez gain, bata eta bestearen artean 24 ehuneneko aldea zegoela. Horregatik, ehuneneko bakarreko aldeagatik lortu nuen orduan munduko errekorra jartzea. Bigarrena 100 metrotan izan zen, hau ere 65 urterekin, 12,65eko denborarekin. 

Aurten bi urre irabazi dituzu Espainiako txapelketan. Bata 100 metrotan eta bestea 60an, pista estalian. 

Elx-en korritu nuen 100 metrotakoa, 80 urtetik gorakoen mailan. Kontua da 75 urtetik gorakoak ere gurekin aritu zirela. Gaztea zarenean 5 edo 7 urteko aldea ez da horrenbestekoa izaten, baina guk daukagun adinean bai. Izterrak ukituta joan nintzen, hamar egun ezer egin gabe. Beldur pixka batekin hasi nintzen. Lehen 20 metroetan ondo ikusi nintzen. Orduan, zaldia bezala jarraitu nuen, eta denak atzean uztea lortu nuen. 60 metrokoa Madrilen izan zen, eta hemen ere gazteagoekin korritu nuen; hauek ere atzean utzi nituen. [Barreak]. 

Bukatzeko, izen propio bat: Tolosa CF.

Harrotasuna sentitzen dut. Urteak daramatzat klubean, eta orain, bilobak ere hor dabiltza. Sekzio bat baino gehiago duen kluba da eta guztiei eman behar zaie berea. Urteetan zehar dirdira izan dute sekzio horiek. Futbolak, noski. Baina baita atletismoak, igeriketak, pilotak… denek indartzen dute kluba. Gu, beteranoak, oso maitatuak sentitzen gara; asko babesten gaituzte. Nola gabiltzan, zer asmo dugun eta abar galdetzen digute. Guk gure esperientziatik animatu egiten ditugu gazteak. 15, 16 edo 20 urte baldin badituzu, eta luzera jauzia egiten ari baldin bazara, adibidez, 6,80 jauzi dezakezula uste baldin baduzu, 7 pentsatu behar duzu. Gero 6,90 lortzen baldin baduzu hobetu duzulako. Beti hobetzean pentsatu behar da. Gero bazkari edo afari bat egiten dugu, sariak eta aipamenak banatzeko. Horrela familia txiki bat sortzen da, eta polita da horren parte izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!