«Tituluez harago jende askok ikasi nahi du euskara, euskaraz bizitzeko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 13a, 15:35

Aitzol Udal Euskaltegiak ikasturte berria aurkeztu du; irailaren 22ra bitarte zabalik izango da matrikula egiteko epea.

Ongi etorri euskarara. Lelo horixe aukeratu du, aurten, HABEk, ikasturte berriko kanpainarako, eta lelo berberari heldu dio Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak ere, beren ateak herritarrei zabaltzeko. Aurkezpen agerraldia egin dute, eta azpimarratu dute datorren irailaren 22ra bitarte zabalik izango dela matrikulazio epea.

Trantsizio garaian da Aitzol eta, bi urtez behin egin ohi duten bezala, zuzendari aldaketarekin ekingo diote ikasturte berriari. Horrela, aurkezpenean izan dira, Olatz Peon Tolosako alkatearekin batera, Axun Lopetegi Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendari berria, eta Amando Hernandez Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendari ohia: "Lehen hilabeteetan elkarlanean ariko gara", azaldu du Lopetegik.

Alkateak joan den ikasturteko arrakasta azpimarratu nahi izan du, zenbakitan, eta hastear denak ere kolore bertsua hartuko duela azaldu: "Ikasturte oparoa izan zen azkena, guztira 250 ikasletik gora aritu baitziren. Orain, berriz, aurreikuspen bertsua egiteko moduan gara, izan ere, iazko 150 ikaslek euskaltegian jarraitzea erabaki dute, eta beste 50 ikasle berrik eman dute izena. Iaz adina ikasle edo gehiago izango ditugu".

Bide horretan, Olatz Peonek azken Inkesta Soziolinguistikoko datuei ere jarri die fokua, euskaldun kopurua gorantz doala azpimarratzeko: azken 25 urtean, 223.000 hiztun berri sortu direla azaldu du.

Joera horren isla dira Aitzol Udal Euskaltegiko ikasleen datuak ere, titulu ofizialei dagokienez: "C1 mailako azterketa ofiziala egin zuten 20 ikasleetatik 15ek gainditu dute, eta B2 maila, berriz, 15 ikasletik 15ek", azaldu du Axun Lopetegik. Hala ere, Lopetegik euskaraz bizitzeko nahiarekin lotu nahi izan du Aitzol Udal Euskaltegiaren jarduna: "Tituluez harago, jende asko etortzen da euskara ikastera, euskaraz bizi nahi duelako".

Pizgarri ekonomikoa, euskalduntzeko

Euskal komunitatearen zati izatea pizgarri gutxi balitz, Tolosako Udalaren diru laguntzek ere bultzada nabarmena ematen diete ikasleei, matrikula egiterakoan: Tolosan bizi diren ikasleei matrikularen prezioaren %50 itzultzen diete, zuzenean, matrikula egiterakoan. Halaber, eskualdeko gainerako herrietako ikasleei ikasturte amaieran ematen diete diru laguntza, baldintza guztiak bete eta gero. Agerraldian euskaltegiko ateak zabaldu dizkiete euskararekin lanean hasi nahi duten guztiei: Rondilla kaleko 34. zenbakian ez ezik, 943 65 10 06 telefonoan, www.udaleuskaltegiak.net atarian nahiz aitzolue@tolosa.eus helbidean edozein zalantza argitzeko prest azaldu dira Axun Lopetegi eta Amando Hernandez.

Bestalde, HABEk ere diruz laguntzen du maila guztietako ikasleen ahalegina, eta kopuru zehatzak eskuragarri daude www.habe.euskadi.eus atarian nahiz Aitzol Udal Euskaltegian bertan.

Oraindik garaiz

Datorren irailaren 22an itxiko dute matrikulazio epea, irakasle taldea lanean hasteko gogotsu baita: "Klaseekin hasi nahi dugu, matrikulazio guztiak antolatu, eta lehenbailehen lanean hasteko", dio Lopetegik. Horrela, beraz, gogora ekarri nahi izan dute, mailak egiaztatzeko azterketa ofizialak prestatzen dituztela, batetik –A1 eta A2 oinarrizkoak, B1 eta B2 independenteak, eta C1 eta C2–, eta beren ikasleak ahozkoan trebatzeko zubi lanak ere egiten dituztela, bestetik: mintzalaguna proiektura nahiz irakurle klubera bideratzen dituzte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!