Mendeurrena inauterizale maiteenetako bat jaio zela

Ataria 2017ko irailaren 12a

Juanito Lope artista eta inauterizale tolosarrari omenaldi txiki bat egin diote gaur arratsaldean. Gaurko egunez jaio zen duela 100 urte, eta bere omenezko plaka jarri dute bere jaiotetxea eta tailerra zegoen kalearen ondoan.

Agurra dantzatu diete Juanito Lope zenaren lagun eta senideei, eta hauek, esker hitzak izan dituzte gerturatu diren guztientzat.

Olatz Peon Tolosako alkatea ere bertan izan da, eta Lopek Tolosarentzat egin zuen lan guztia nabarmendu du: "Juanito Lopek asko maite zuen Tolosa, eta gure herria Euskal Herriko mugetatik kanpo ezaguna bada, Juanitoren obrengatik ere bada", adierazi du. Lore sorta bat eskaini die Loperen senitartekoei, eta familia argazkia atera ondoren, amaitutzat eman dute gaurko ekitaldia.

Aspaldi isildu ziren Juanito Loperen tailerreko hotsak, baina plaka honek ere lagundu dezala bere memoriak betirako iraun dezan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!