Elkartasun olatuen gainean arraun egin nahi dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 12a, 09:22

Laugarren urtez, Tolosako elkarteek topaketa solidarioa antolatu dute; Zutani elkarteari bideratuko dizkiete festako irabazi ekonomikoak.

2014an izan zen lehena: Tolosako elkarte gastronomikoek bat egin zuten, elkartasun helburuz. Helburu berera iristeko indarrak arraunean batu zituzten, gainera, eta jada ohitura bilakatzen ari da, herritarrak batelen arteko lehian ikustea. Larunbatean izango da aukera, 11:00etatik aurrera.

Stop Sanfilippo, Afestta eta Pausoka elkarteei babesa eskaini eta gero, aurten Zutani elkartera bideratuko dituzte Tolosako Elkarteen arteko Topaketako lorpen ekonomikoak, eta aurreko urteetako egitaraua baliatuko dute horretarako. 11:00etan hasiko da festa, Zerkausi inguruan, batel estropadarekin eta, ordu berean, pintxoak eta edariak dastatzeko aukera izango da, Zerkausiko lehen solairuan. Behin kirol proba amaituta, 12:30ean kalejira egingo dute, txarangak girotuta, eta bazkari legea ere Zerkausian izango da, 14:00ak aldera. Arratsaldean, berriz, egitaraua biribiltzeko, txaranga doinuak itzuliko dira elkarteen arteko festara, 17:00etatik aurrera.

8 txanda ur baretan

Oria ibaiaren zabalerak hala aginduta, estropadako txanda bakoitzean bi ontzi ariko dira. Baldintza berdinetan lehiatzeko, ordea, talde bakoitzak bi txanda jokatu beharko ditu, kale banatatik. Horrela, beraz, zortzi txandetako batel bikoteak zozketa batek erabaki ditu:

 

1.kalean

2.kalean

1. txanda

Lizardi 2

Oargi

2. txanda

Iurre

Aiz-orratz/Veleta

3. txanda

Emendek

Txinparta eta San Esteban

4. txanda

Lizardi 1

Batasuna

5. txanda

Oargi

Lizardi 2

6. txanda

Aiz-orratz/Veleta

Iurre

7. txanda

Txinparta eta San Esteban

Emendek

8. txanda

Batasuna

Lizardi 1

Bi txandetako denborak batuko dituzte eta, kronorik onena eskuratzen duten bi batelek jokatuko dute finala. Antolatzaileek, ordea, argi dute larunbateko txapelduna nor izango den: "Zutani elkartea izango da estropadako irabazle bakarra eta, Kotxako estropadaren hariari tiraz, igandeko olatuak izan daitezela elkartasunezkoak, datorren larunbatean".

Hain justu horretan saiatuko dira, bateletako tostetan ariko diren arraunlariak:

  • BATASUNA: Jon Ander Santos Olano, Iosu Karrera Artola, Andoni Alzate Goitia, Josean Iraola Ferrero, Iñaki Garcia Gainzerain.
  • OARGI: Eneko Zubiria Begiristain, Ander Artimuzu Pastor, Aitor Hernandorena Aramendi, Gari García, Ioritz Segurola.
  • EMENDEK: Ekaitz Beraza, Iñigo Gorostiaga, Antonio Merino, Ramon Garmendia, Felix Arnaiz.
  • LIZARDI 1: Julen Telleria, Mikel Agirre, Asier Etxeberria, Eli de Arriba, Ibai Vaquero.
  • LIZARDI 2: Kike Conde, Iñigo Martiarena, Onintze Hartsuaga, Josune Sanz, Amaia Vaquero, Ekaitz Beraza, Oier Gastesi.
  • AIZ ORRATZ: Iban Ormazabal, Gorka Galarza, Josean Joubert, Eneko Egailde, Miguel Guibelalde, Miguel Gibelalde.
  • IURRE: Olatz Godoy, Maria Imaz, Hodei Urkiola, Unai Saralegi, Beñat Etxeberria.

  • TXINPARTA: Luis Oruezabal, Jon Ormazabal, Imanol Gibelalde.

  • SAN ESTEBAN: Agustin Pagola, Mikel Fernandez.

* Oharra: Txinparta eta San Esteban elkarteek elkarrekin osatuko dute batela.

 

253 arrazoi, festan parte hartzeko

2013an sortu zenez geroztik, garatu egin da Tolosako Zutani elkartearen jarduna. Pobrezia egoeran bizi diren familiei jatekoa ematen ekin zioten bideari, elikagai bankuarekin elkarlanean; gaur egun, ordea, helburua zabaldu, eta laguntza humanitario elkartea da Zutani: "2013an 65 familiak jasotzen zuten gure elkartearen laguntza eta, gaur egun, 253 familia artatzen ditugu; tartean 224 haur", azaldu du Arantxa Iruretagoiena elkarteko kideak.

Lan boluntarioa dute oinarrian, eta honako enpresen babesa jasotzen dute: Tolosako Udala, Grupo Ner-Panelfisa, Arretxe, Gashor, Eroski eta Super Eko. Larunbateko jaia amaitu eta gero, bultzadatxo bat gehiago jasoko dute, eta Iñigo Gorostiaga elkarteen ordezkariak horretara deitu ditu, aurten parte hartu ez duten elkarteak: "Lehen topaketan 18 elkarte bildu ginen, eta bigarrenean 10. Iaz, berriz, 12 elkarteren artean antolatu genuen festa. Aurtengoaren atarian, dei egin nahi diegu gainerako elkarte guztiei ere, helburu solidario honekin bat egin eta urteroko topaketan parte hartzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!