60 urte Udaberri batean

Ataria 2017ko irailaren 9a

Tolosako Udaberri Dantza Taldearentzat egun berezia da gaurkoa, 60. urteurreneko ospakizunetan: taldeko sei belaunaldietako kideak elkartu dira Dantza Dezagun Tolosa ekimenean.

Egunaren aurkezpenean eskertu zaie Udaberriko kideei bertan parte hartzea, eta urte guzti hauetan egin duten lanarengatik. Taldearen egungo arduradunek eskertu diete belaunaldi guztiei "Udaberri izaera" sortzeagatik: "Izaera ekintzaile, konprometitu, euskaltzale eta berdinzalea. Eta gaur parrandazalea ere!".

Eguna, noski, agurrarekin hasi dute, eta ondoren sei belaunaldietako ordezkariek suziri bana bota dute. Kalejira etorri da ondoren, eta Lopez Mendizabal plazan zein Santa Maria plazan belaunaldi guztietako partaideek dantzak eskaini dituzte. Ondoren, Trianguloa plazan Larrain dantza erraldoia egin dute, eta herritar guztiei parte hartzera gonbidatu.

Egunak bazkariarekin jarraituko du eta, Jainekin txarangak girotuko du arratsaldea. Azkenik, Gozategi taldearen kontzertua izango da Euskal Herria plazan, 23:00etan. Dantzari eta dantza faltarik ez da izango gaur Tolosan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!