«Gizarteak eskatzen duen eta behar duen zerbait da barrurako lan bat egitea»

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 11a, 07:50

Hamasei urte daramatza yoga praktikatzen, eta horietatik azken seiak irakasle izanez, Naiara Arregik (Tolosa, 1978). Parashakti Yoga Eskola gidatzen du Ignacio Ferrerekin batera Tolosan eta Donostian.

Zein da yogaren definizioa?

Yogak bat egitea esan nahi du. Berez esan nahi du gure esentziarekin kontzienteki bat egitea. Eta kontzientzia ere garrantzitsua da, hori lantzen baita gehienbat yogan.

Eta nola esplikatzen diezu ikasteko nahia azaltzen dutenei?

Yogak praktika ezberdinak ditu. Batzuk gorputza lantzen dute (Hatha Yoga), beste batzuk jakinduria (Jnana Yoga), beste batzuk gorputzeko garbiketa (Kriya Yoga),... baina yogaren helburua azken finean meditazioa da. Praktika horiek kontzienteki egiten ditugunean, pixkana barrurantz joaten gara, eta gure esentzia horrekin edo gure barruan berez erreala denarekin konektatzen. Niretzat sukaldeko sua izango balitz bezala da, horra bueltatzea, gure barrura.

Beraz, yoga ez da ariketa fisiko hutsa, ezta?

Hori zati bat bakarrik da, meditaziorako prestatzeko egiten den lana. Gaur egun argazki asko ikusten dira postura estetikoki oso politak eta gorputz oso politekin, baina justu horrek berpiztu dezake yogarekin saiatzen garenaren alderantzizkoa, hau da, egoa elikatzea. Yogarekin saiatzen gara norbere egoaz kontzientzia hartzen eta honek ez dezan geure burua menperatu. Gure lana ere bada gure egoa behatzea, ez diezagun eragin askotan eragiten digun moduan. Ikusten diren argazki horiek gehiago elikatzen dute gorputz polit bat izatea edo besteekiko onarpena edukitzea eta abar. Gu beste aldera ari gara begiratzen, barrura begiratzen ari gara. Eta barrurantz joateko bidea da pixkana gauza horiek gugan zein eragin duten konturatzea. Hori egin ahala, gero eta sakonago joaten gara gure barrura, gure esentziarekin konektatzen, barruan daukagun su horrekin konektatzen. Nik oraindik lan asko egiteke daukat guzti horri buruz, ez pentsa!

Meditazioan pentsatzean burura etorri daiteke eserita egotearena postura batean. Horrelako praktikak egiten dituzue, edota meditazioa ere ariketen bitartez egiten da?

Bai, gure eskolan eserita egiten den meditazio praktika eskaintzen dugu. Dena den, meditazioarekin uste dut gaizki ulertu bat dagoela. Lo egiten inork erakutsi ez digun bezala meditazioa ezin da irakatsi. Momentua iristen denean meditazioa naturalki gertatzen da. Guk hori gertatzeko tresnak edo teknikak aplikatzen ditugu eta eserita, begiak itxita esertzen garenean gure burua objetu batean kontzentratzen saiatzen gara (arnasketa, mantra...), meditazioa kontzentrazioa azaltzen denean bakarrik baita posible. Gure praktika, hatha yoga dena, edo egunero egiten ditugun gauzak kontzienteki egiten baditugu, gehiago gerturatuko gara meditaziora. Hau dena era erlaxatu batean hartzea hobe da, obsesiorik gabe.

Zer garrantzia du arnasketak?

Garrantzia handia du. Klase hasieran arnasketak sartzen ditugu eta gainera egunean zehar erabiltzeko tresnak dira. Pila bat erabiltzen ditugu arnasketa osoak egunean zehar. Laguntzen du emozioak, burua eta gure gorputz fisikoa orekatzen. Beraz, klasera iritsi berritan, eseri egiten gara, edo aukera ere badago etzanda egoteko, eta arnasketekin lana egiten dugu, kanpotik dakargun zarata guztia gelditzeko eta pixka bat zentratzeko. Eta zentro horretatik hasten gara gure praktikekin, asanak edo jarrerak, eta horiek kontzienteago egiten.

Malgutasun handia behar da yogako posturak egiteko?

Bakoitzak malgutasun ezberdina dakar klasera eta bakoitza iristen den tokiraino iristen da. Ez da kontua puntu jakin bateraino iristea. Kontua da bakoitzak bere gorputzari entzutea ea noraino iristen den. Klasean egiten dugun lana da norbera bere gorputzarekin komunikatzen ikastea. Ikustea noraino iristen den, zer dagoen ondo zuretzat eta zer ez, eta norberaren mugak errespetatzea. Askotan aldamenekoa ikusten dugu ez dakit noraino iristen dela eta krak, nahigabe mina. Hor dago egoaren puntu hori, konparazioa. Gu saiatzen gara gogorarazten jendeari posturak mina egiten ez duen punturaino izan behar duela beti; gustukoa izatea, atsegina, minik egiten ez duena. Hori garrantzitsua da.

Uste duzu gaur egun jendearen interesa yoga eta antzeko praktiken inguruan handituz doala?

Orain egia da yoga hitza pila bat entzuten dela, eta jendea gehiago murgiltzen ari dela yogaren mundu honetan. Uste dut gizartean iritsi garela estres batetara edo horrelako erotasun batetara, hainbeste gauzekin... Lanean ere helburu batzuetara iritsi behar da eta horrek ere presioa sortzen digu. Oso estresatuta gaude eta ez gaude gustura, eta antsietatea sartzen hasten zaigu, beldurrak, eta gure emozioak pil-pilean jartzen dira. Orduan jendea gauzak bilatzen hasten da hobeto sentitzeko. Uste dut gizarteak eskatzen duen eta behar duen zerbait dela erlaxazioa, gure zentrora bueltatzea, barrurako lan bat egitea, eta ez gelditzea hainbeste kanpoko estimuluetan.

Nola uztartzen da Indiatik datorren yoga hori, hemen jasotako kultura eta sinesmenekin?

Klaseetan ez gara sartzen gatazkatsuak izan daitezkeen gaietan. Gehienbat hatha yogako klaseetan gorputzarekin lana egiten dugu, eta energiaz hitz egiten dugu noizbehinka. Berez fisikoki egiten dugun lana ez da bakarrik malgutasuna, indarra eta oreka lantzeko, baizik eta gure energia ere desblokeatzeko eta berriro ere bere fluxua orekan mantentzeko. Horrelakoak azaltzen ditugu, baina ez gara gehiago sartzen. Ez dakit inori txoke bat suposatu izan dion horrek, ez digu inork behintzat inongo kexarik egin horren inguruan. Norbaitek sakondu nahi badu, normalean galdetu egiten digu, eta guk pertsonalki ematen dizkiogu azalpen gehiago edota meditazio klaseetara etortzen dira.

Azken finean, yogako klaseetara ez dira denak helburu berarekin joaten ezta?

Nik noizbait galdetu izan dut klasean ea zein helbururekin etortzen diren. Batzuk esan ohi dute erlaxatzera, beste batzuk malgutasuna lortzera, beste batzuk espiritualtasuna lantzera..., eta denak kontentu zeuden ematen genuenarekin. Egia da gauza asko komentatzen ditugula klaseetan, eta bakoitzak hartzen ditu bere gauzak, nolabait esateko bakoitza bere liburutegia egiten joaten da, bere beharren arabera.

'Parashakti' izena duzu yoga irakasle moduan, eta eskolak berak ere bai. Zer esan nahi du, eta nolatan duzu izen hori?

Indian, yogaren arloan, praktikatzen dutenei iniziazio bat ematen zaio eta izen bat ematen zaio sanskrito hizkuntzan. Izen berri hori ematen da, suposatzen delako iragana atzean uzten duzula eta bizitza kontzientzia berri batekin hasten ari zarela. Batzuk izen berri horrekin bizitza guztian geratzen dira. Hemen, gehienok, jaiotzeko izena erabiltzen dugu eta izen berri hori sinbolikoago bezala geratzen da. Izen hori irakasleak ematen dizu, zuk eskatuta. Nire izenak bi zati ditu: shakti-k «sormen energia» esan nahi du, eta para-k «goreneko», beraz parashakti-k «goreneko energia sortzailea» esan nahi du. Hasieran ilusioa egiten dizu horrelako izena jartzerakoan... eta egoa elikatu egiten da (kar, kar). Egoa denera iristen da. Mundu honetan gaudenok ere asko edukitzen dugu, beste guztiak bezala gizakiak gara eta.

Zenbat denbora daramazu praktikatzen eta irakasten?

Praktikatzen 16 urte daramatzat. Niretzat aurkikuntza bat izan zen. Madrilen arkitekturako karrera ikasi nuen eta bertan deskubritu nuen yoga. Arkitekturako karrerak antsietate handia eta estutasun pila bat sortzen zidan, eta yogako klaseak erlaxatzeko eta aktibazio horiek deskargatzeko espazio bat ziren. Yoga probatu nuenean esan nuen niretzat garrantzitsua zela. Gero 2011n atera nuen yoga irakasle titulua, eta eskola hau ireki nuen. Beraz, dagoeneko hau eskolaren seigarren urtea da.

Zuri zer ekarpen egiten dizu yogak?

Niretzat liberazio bat izan da yoga deskubritzea. Ni buruko min pila bat izaten hasi nintzen 14 urte inguru nituela, eta gorputzean tentsio asko nuelako izaten zen. Gorputzarekin egiten nuen lan hau oso onuragarria zen. Praktika gutxiago egiten dudanean, konturatzen naiz segituan hasten naizela aztoratzen eta nire emozioak goraka datozela, eta praktikaren errutina berreskuratzean askoz zentratuago sentitzen naiz. Niretzat yoga opari bat izan da.

Irakasle izateko prestakuntza hemen egitea posible da, edo, esaterako, Indiara joan behar da?

Nik Gipuzkoan egin nuen prestakuntza, Zestoan dagoen Sanatana Dharmaren ashram-ean. Nire ustez Indiara joan beharrik ez duzu. Sanatana Dharman erakusten den yoga sustraietatik datorrena da. Bertan filosofia guztia, mantrak eta yogaren inguruan dagoen material guztia jaso dezakegu.

Eta Indian ezberdin praktikatzen da, edota mendebaldera etortzean aldatu egin zen yoga?

Mendebaldera lehenengo aldiz yoga zabaldu zen herrialdea Ameriketako Estatu Batuak izan zen, eta hara joan ziren Indiako maisuak gizarte hartara egokitzen hasi ziren. Eta orduan hasi zen aldatzen. Guk erakusten dugun yoga klasikoa da. Gero hatha yogan atera dira adar gehiago, gorputz fisikoarekin egindako lanei dagokionez. Moldatzen joan da eta beste era batera egiten. Eta orain praktika horiek, adar berri horiek, Indian bertan egin daitezke.

Beraz, ez dago yoga mota bakar bat.

Gure irakasleak esaten digu yoga bakarra dagoela, eta hori meditazioa dela, zure esentzia horrekin kontzienteki konektatzea. Hatha yoga da gorputzarekin egiten dugun lana, eta hori meditaziorako prestaketa bat da, gorputza ez izateko meditatzeko eragozpen bat. Batzuetan esertzen gara eta bizkarreko mina hasten zaizu edo pentsamenduak bueltaka. Orduan hatha yogarekin egiten duguna da zentratu bai gorputz fisikoa, bai burua, bai emozioak, eta hortik aurrera helburua meditazioa da. Fisikoki egiten den lan honetan estilo ezberdinak daude, eta edozeinek balio dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!