Turismoak gora eskualdean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ira. 8a, 15:28

Garaiburu, Ilarregi, Peon eta Gorrotxategi gaur, Euskal Pizkundea plazan.

Turismoak gora egin du azken hilabeteetan, Tolosaldean. Zehazki, urteko lehen zortzi hilabeteetan 20.000 bisitari erakarri ditu eskualdeak eta udan goranzko joera mantendu da.

Tolosaldeak 20.000 bisitari izan ditu 2017ko lehen zortzi hilabeteetan, iazko datuekin alderatuz, %16ko igoera eman delarik. Datua positiboa dela uste du Tolosaldea Garatzenek eta pozik daudela nabarmendu du Olatz Ilarregik, garapen agentziako turismo teknikariak.

Turismoak eskualdean utzitakoa xehatu dute gaur, prentsaurrean, eta esan dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan turista bakoitzak, bataz beste, 129 euro uzten dituela eguneko, eta datu horri erreparatuta eta eskualdean dauden plaza kopurua eta okupazio tasak kontuan hartuta, Tolosaldeko turistek udan, 300.000 euro utzi dituztela uste dute. "Honi egun pasa datozenen gastua gehitu behar zaiolarik", gaineratu du Ilarregik.

20.000 bisitarien datua Tolosako zein Larraitzeko turismo bulego eta informazio puntuetan jasotako bisitetatik atera dute eta udan 8.000 inguru izan direla esan dute. 41 dira bi puntu horietan zenbatu dituzten turisten jatorri herrialdeak, baina gehienak Espainiako Estatutik iritsi direla esan du Ilarregik: "Lehenak madrildarrak izan dira, ondoren kataluniarrak. Euskal Herriko bistari ugari ere jaso ditu gure eskualdeak: nafarrak eta bizkaitarrak, batez ere. Iaz %18 bisitari atzerritar gehiago jaso genituen, eta datua mantendu da". Turismo motari dagokionez, familiarra dela nagusi esan du.

Zergatiak

Turismo teknikariak nabarmendu du bisitarien ugaritzea, hein batean, "aurtengo eskaintza arrakastatsuaren" ondorio izaten ari dela eta eskaintza horren berri eman du.

Tolosako Alde Zaharreko bisita gidatuak aipatu ditu, izan ere, parte hartzaile gehiago izan ditu aurten. Guztira 645 pertsonek hartu dute parte aurtengoan, bisita horietan, iazko datuekin alderatuz, parte hartzaileak hirukoiztu direlarik.

Santa Maria elizako bisitak ere nabarmendu ditu Ilarregik. Udalak eliza ireki eta azalpenak emateko pertsona bat jarri du uztaila erdialdetik abuztua erdialdera eta 1.670 pertsona bertaratu dira, iazko bisitari kopurua bikoiztuz.

Tolosaldeak duen beste gune garrantzitsuenetako batek, Topic zentroak, bisitari gehiago izan ditu uda honetan, urteko lehen zortzi hilabeteetan 10.000 pertsona pasa direlarik handik.

Txindokiko Itzalak hainbat eskaintza ditu eta horien artean arroilen jaitsiera eta eskalatze irteerak izan dira arrakastatsuenak. "Familian, abentura eta naturaz gozatzera etortzen dira pertsona gehienak. Uztaila eta abuztuan iaz baino %11 bisitari gehiago izan dira informazio puntuan, gehienak estatukoak eta egun pasa joandako gipuzkoarrak izan dira", esan du.

Alkizako Urmara museoan ere gorakada izan da udan, %12koa zehazki. Eta Altzo eta Asteasun prestatutako ibilbide tematikoak ere aipatu dituzte. Datu zehatzik ez dutela esan dute, baina udaletako arduradunek esandakoaren arabera, uda honetan bisitari gehiago nabaritu dituzte.

 

Okupazio tasa

Bisitari gehiago edukitzeak, okupazio tasak gora egitea ere ekarri du. Landa ostatuek urte hasieratik hona %86ko okupazio tasa izan dute eta abuztuan hotel eta pentsioen okupazio tasa %93ra igo da. Horiek horrela, abuztu erdialdean ez zegoen lotarako tokirik eskualdean.

Datu horiek guztiak kontuan hartuta, teknikariak esan du bisitarien aldetik badagoela joera aldaketa bat: "Geroz eta gehiago galdera zehatzekin hurbiltzen dira turistak turismo bulegoetara". Horren isla da esan dutenez, tolosaldea.eus ataria, urte hasieratik hona %30ko igoera izan du bai sesio kopuruek eta baita erabiltzaile kopuruak ere, eta %40koa bisitaturiko orri kopuruetan.

Turismoaren gorakadak, noski, eskualdeko  ostalari eta merkatariengan izan du eragina eta baita Tolosako azokan ere. Arantxa Garaiburu Berastegiko Larte gaztandegiko arduradunak esan du bai azokan –larunbatero izaten du postua Zerkausian– eta baita bere gaztandegian ere nabaritu dutela bisitarien gorakada. Tolosako Casa Julian erretegiko Iñaki Gorrotxategik ere balorazio ona egin du. Euren erretegian beti izaten dituzte kanpotarrak eta horiek kalitate bila joaten direla esan du, horregatik uste du bezero "on" horiek zaindu eta mimatu behar direla, kalitateko zerbitzuak eskainiz eskualde guztian.

Web orrian eta bideo batean lanean

Olatz Peon Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak esan du, turismoari eskaintza erakargarria eskaintzeko ezinbestekoa dela elkarlana eta horretan ari direla lanean, elkarlana eragileekin eta baita erakundeen artean ere. Azken honi begira, Donostiako San Sebastian Region turismo bulegoan Tolosaldeko informazioa ematen dela aipatu du eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiak eman berri duen albistea ere, hau da, Altzon, Handia filmak ekarri ditzakeen bisitariak kudeatzeko "turismo bulego berri bat jartzeko eman duen diru laguntza". Urtarrilean ireki nahi dutela esan du.

Erronka turismo datuak mantendu edota hobetzea dela esan du eta horretan ari direla lanean. Uda aurretik Tolosan moleskine formatuan liburuxka bat kaleratu zutela gogoratu du eta mapa turistikoak eguneratu zituztela, eta aurreratu du turismo webgunea berritzen eta herriko bideo promozional bat egiten ari direla orain eta 2018 hasierarako prest egongo direla.

Urtea ona izaten ari da hortaz, bisitari kopuruari begira, baina Olatz Ilarregik gogoratu du gurean udazkenak ere baduela bere xarma eta azoka bereziek eta bestelako ekintzek ere erakartzen dituztela bisitariak. Urtea bukatzerako ikusiko da hortaz, eskualdeko bisitarien kopuruak gora egiten jarraitzen duen ala ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!