Inoizko talde gehien ditu Hondartzako Bolei Txapelketak

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 5a, 19:04

32 talde ari dira lehiatzen gaur hasi eta larunbata arte iraungo duen txapelketan; aurtengo berrikuntza da 23:00ak arte partidak jokatzen ariko direla. Gaur da larunbateko afarian izena emateko azken eguna,  Plaza Berrian dagoen txosnan.

Gaurtik hasita, bost egunez Tolosako Plaza Berria hondartzako boleibolaren topagune izango da. Zortzigarren aldiz antolatu dute txapelketa eta aurten berriz ere parte hartzaileen kopurua igo egin da, marka berri bat ezarriz. Guztira 32 talde ari dira parte hartzen, bakoitzak herriko taberna bat ordezkatuz.

Herriko ostalaritzatik sortutako ideiatik abiatu zen txapelketa izan zen, Udako Azken Festa izena jarri zioten egitasmoaren barruan antolatutakoa. Pixkana indarra hartu du herritarren artean, Tolobolei kluba sortu dute eta azken urteetan beraiek antolatzen dute txapelketa.

Euskal Herria plaza eta Plaza Berria txandakatu egiten da jokaleku moduan urte batetik bestera, eta aurten Plaza Berrian jokatzen ari dira. Talde kopurua handitu denez (iaz 25 izan ziren), aurten txapelketaren ordutegia luzatu egin dute eta ostirala bitarte 16:00ak eta 23:00ak arte ariko dira jokatzen taldeak. «Aurten argiteria indartsuagoa jarri dugu eta 23:00ak arte boleibola praktikatzeko eta ikusteko aukera izango da», azaldu du Tolobolei Klubeko Lander Arregik. «Talde guztiek egunero jokatuko dute, asmoa ahal den partida gehienak jokatzea baita, eta horregatik luzatu da ordutegia». Aurtengoan, gau giro berezia sortuko da, beraz, Plaza Berrian.

Ostirala bitarte ligaxka jokatuko da, taldeak zortziko lau multzotan banatu ondoren. Hortik sailkapen bat osatuko da eta horrek balioko du larunbateko kanporaketak zehazteko. Larunbatean 09:00etan hasiko dira final hamaseirenak, eta finala 19:30ean jokatuko da. Izan ere, finalaren ondoren poteoa egingo dute eta azkenik Euskal Herria plazan egingo duten afariarekin bukatuko dute.

Lehenengo lau taldeentzat sariak izango dira: irabazleak Ikatza tabernan afaria eta trofeoa, bigarrenak Eguzki tabernan afaria, hirugarrenak K2 tabernan afaria eta laugarrenak Iratxo tabernan afaria. Bestalde, aurten sari berezia izango da jantzi «original edo politenari». Gainera, hainbat sari zozkatuko dira txapelketako parte hartzaileen artean zein txapelketaren txosnan kontsumitzen dutenen artean.

Giro «berezia» izaten dela dio Arregik: «Jende asko izaten da ikusle modura, asko animatzen dute, eta giro polita sortzen da. Musikarekin ere girotzen da, DJ Bullen partetik, eta aurten 23:00ak arte izanik, beste ukitu bat izango du». 

Taldeek txapelketa «serio» hartzen dutela dio Arregik: «Klubak Ferialekuan duen kantxaren ordutegia beteta egon da azkenaldian. Taldeek ondo jolasteko gogoa dute eta asko prestatzen aritu dira». Txanpa tabernako taldea aurten ere faboritoen artean dago, eta Orbela tabernan egiten ari diren jendearen arteko apustuan lehen postuan dago. Atzetik ditu Iurre eta Ieltxu tabernetako taldeak.

Txapelketa mistoa da, beraz talde bakoitzetik kantxan izaten diren lau jokalariak ezin dira sexu berdinekoak izan, hau da, talde batean ezin dute lau emakume edo lau gizonezko izan kantxan une berean.

EMAKUMEZKOEN TXAPELKETA 

Tolobolei kluba beste hainbat egitasmo prestatzen ari dela azaldu du Arregik. Horien artean nabarmendu du urriaren 21ean egingo den emakumezkoen txapelketa. Hiru jokalariz osatutako taldeek jokatuko dute lehiaketa horretan. «Tolobolei klubaren aldetik hondartzako boleibola emakumezkoen artean gehiago bultzatzea da helburua», azaldu du Arregik.

Egun Ferialekuan du bere egoitza klubak, zezen plazan eta Usabalen izan ondoren. «Leku finko bat izanez, urtean zehar praktikatu daiteke, eta ikusten da jendeak interesa duela kirol honetan», azaldu du Arregik. Ikastaroak ere antolatzen ditu klubak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!