Azokaren eta merkatarien arteko zubigile izango da, Tolosa&Coren udazkeneko kanpaina

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko ira. 5a, 09:44

Zerkausiko produktuz betetako 60 erosketa poltsa zozkatuko dituzte, urriaren 31ra bitarte, Tolomendirekin, Garaikoarekin eta Tolosako Udalarekin elkarlanean; Tolosa&Co Visa txartela erabili beharko da horretarako.

Merkatari eta ostalariek ere ekin diote ikasturte berriari, eta martxan dira datozen hilabeteetarako asmo eta proiektuak. Horietako bat izango da, Tolosa&Co elkarteak Zerkausian aurkeztu duena: Zerkausiko ekoizleen produktuz osatutako 60 sorta zozkatuko dituzte, Tolosa&Co Visa txartelarekin erosketak ordaintzen dituztenen artean.

Edith Etxezarreta Tolosa&Co elkarteko ordezkariak azaldu duenez, datorren urriaren 31n amaituko dute kanpaina, eta bi zatitan banatuko dituzte sariak: "Irailaren 30ean izango da lehen banaketa, hemen, Zerkausian, azoka egunez; 30 erosketa poltsa banatuko ditugu egun horretan. Beste erdiak, berriz, azaroaren 4an banatuko dizkiegu bezeroei".

Tolomendi eta Garaikoa elkarteekin osatutako "sinergiak" abiarazi du promozio berria, eta saria eskuratzeko, Tolosa&Co Visa txartelarekin ordaindu beharko dira erosketak: sariak datafonoetan aterako dira, ausaz. Etxezarretak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, kontsumoaren inguruko eragileak batzearen onura nabarmenduz.

Bide bereztik, Ainhoa Zabala azokako dinamizatzaileak "ezinbesteko" egitasmotzat jotzen ditu halakoak: "Kontsumoa indartzen dute, eta guk bertako eta garaiko kontsumoaren alde lanean jarraituko dugu; komertzio-bide laburrak sustatuko ditugu".

Azkenik, Nerea Letamendia Tolosako Udaleko azoka eta merkataritza zinegotziak ere merkatarien eta ekoizleen arteko zubian jarri du fokua: "Tolosa erreferentzia izan da historian barrena, merkataritzagatik, eta gaur egun ere halaxe da. Horregatik, hiri ekonomia indartzen jarraitu behar dugu".

Hizpide izan du Euskal Herriko Unibertsitateak azoken eragin ekonomikoari buruz egindako ikerketa, eta, datuak "oso onak" ziren arren, erronka berrien bila joatea ezinbestekotzat du: "Baserritarren eta merkatari eta ostalarien arteko osagarritasuna bideratzea dagokigu guri, elkarteokin akordio markoak indartuz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!