Dantza dadin Tolosa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abu. 31a, 13:08

Irailaren 9an Dantza dezagun Tolosa 60. urteurreneko ekitaldi nagusia ospatuko du Udaberri dantza taldeak; Gozategi taldearen kontzertuak biribilduko du eguna, Euskal Herria plazan.

Ikasturtea eta urtea ez dira sekula eskutik joaten, Udaberri dantza taldearen zorionerako. 2017 hasieran 60. urteurreneko egitaraua aurkeztu zuten, eta baita ospatzen hasi ere, baina hitzordu garrantzitsuak dituzte, oraindik, aurretik. Dantza dezagun Tolosa festa izango da horietako bat, datorren irailaren 9an.

Sei hamarkadatako ibilbidea ospatzeko ekitaldi handiena izango da, eta egun osoa hartuko du, dantza talde tolosarrak gaur egindako agerraldian azaldu duenez. Horrela, Udaberritik pasatutako kideekin batera, tolosar guztiak deitu nahi izan dituzte festara: "Dantzan jarri nahi dugu Tolosa osoa eta, horregatik, herritarrek parte hartzea nahi dugu; dantzan jakin ez arren, aukera paregabea izango da ondo pasatzeko".

Bide horretan, hain zuzen, Udaberrik belaunaldiei eta herritarrei eman nahi izan die protagonismoa, irailaren 9ko ospakizunean. Goiza dantza taldea gorpuztu duten belaunaldiek irekiko dute, Triangulotik kalejiran abiatuz; belaunaldiz belaunaldi dantza egingo dute.

Eguerdiko langa pasatutakoan, ordea, dantza zale guztiek hitzordua izango dute, 12:30ean, Trianguloan: "Sekula egindako Larrain dantzarik handiena egin nahi dugu denon artean, beraz, anima daitezela tolosarrak". Bazkari ataria musika doinuz girotuko dute, Alde Zaharrean barrena, eta Alondegia plazan egingo dute otordua, efemeride dirdiratsua mahaiaren bueltan goratzeko.

Arratsaldean, berriz, festa eta festa gehiago: Jainekin txarangarekin dantzarako giroak jarraituko du, 21:00ak bitarte, eta gaueko kontzertuak biribilduko du ospakizuna: Gozategi taldearen kontzertua izango da, 23:00etan, Euskal Herria plazan.

Festa iragartzearekin batera, Udaberrik eskerrak eman nahi izan dizkie belaunaldi guztiei, "sekulako borondatea jarri dutelako festaren antolakuntzan", eta baita Tolosako Udalari nahiz afaria eskainiko duten tabernei ere.

Herri bat mugimenduan

Sei hamarkadatako bidea ibiltzeko, dantza talde batek ezinbestekoa du inguruko herritarren beroa; Dantza dezagun Tolosa tolosar guztien gozamenerako festa izatea nahi du Udaberrik. Larrain dantzarako deiarekin batera, horrela, euskal jantzi tradizionalekin atontzeko proposamena ere egin diete herritarrei: "Euskal jai moduko bat sortu nahi dugu, horixe baita Udaberriren nortasuna hobekien azaltzen duena. Hala ere, ez dugu inor behartu nahi, beraz, jantzia ez dadila oztopo bilakatu, ondo pasatzeko!".

Gainera, ospakizunetan bete-betean barneratzeko erraztasunak eskaini nahi ditu Udaberrik, eta bazkari txartelarekin batera, afaria ere eskuratu ahal izango da: "Irailaren 7ra bitarte, Ikatza eta Orbela tabernetan salgai izango dira txartelak, 20 euroan. Bazkariaz gain, ordea, txartel horrek balio izango du, afari garaian bokadilloak eskuratzeko, Asteasuarra, Amaiur, Agustin Enea, Ikatza, Orbela eta Egoki tabernetan".

 

Dantza dezagun Tolosa, EGITARAUA:

11:00. Hasiera ekitaldia Trianguloan.

Ondoren. Belaunaldien kalejira.

12:30. Larrain dantza erraldoia Trianguloan.

Ondoren. Musika eta poteoa, bazkari garaira bitarte.

14:30. Herri bazkaria (eta ezustekoak) Alondegian.

18:30. Jainekin txaranga kalez kale.

23:00. Gozategi, Euskal Herria plazan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!