[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] «Zerbait pasa edo nazkatzen baldin badira, akabo»

Asier Imaz 2017ko abu. 16a, 09:27

Naroa Calvo tolosarrak Dubaiko xekearen izena duen 160 kilometroko zaldi lasterketa irabazi du ; bertan lan egiten du munduko zaldi onenekin

Mila gau eta bat gehiagoko pertsonaia ematen du Naroa Calvok (Tolosa, 1998). Oparotasunaren erdian ahizpa Maialenen ametsak betez; bera noiz iritsiko zain. Ohera sartu eta ea dena amets bat ote den galdetzen dio bere buruari. Ametsetan hondarra urre bilakatzen duen efrit edo jenio batekin topo egingo balu, Tolosako lagunekin denbora gehiago egotea eskatuko lioke; basamortuaren erdian egarri hori baitauka Naroa Calvok. Bien bitartean, ametsetako zaldi txuri eta beltzen gainean dabil, ikasketak utzi izanaren «okerra» helmuga pasa ondoren egon daitekeela sentituz. Zaldizko edo Amazona ausarta da, ordea.

Zaldizko eta Amazonen ametsa Dubaira joatea omen da. Zuk lortu duzu.

Nire ahizpa Maialeni beti gustatu izan zaizkio zaldiak. Niri ez horrenbeste, baina nire ahizpa nagusia zenez, jarraitu egiten nion. Duela 3 urte, Kataluniara joan ginen zaldiekin lan egitera.

Zer lan egiten zenuten?

Zaindu, entrenatu eta lasterketa luzeetan parte hartu. Gehienez 160 kilometrokoetan.

Eta horrela hasi zen dena?

Ni ikasketak egiten ari nintzen, eta hara joateko utzi egin nituen. Gaizki egina. Katalunian, beraz, ahizparekin hasi nintzen lanean. Urte t'erdira, Dubaira joateko eskaintza jaso genuen. Ahizpak ez joatea erabaki zuen, eta nik joatea. Zalditegi normal batean hasi nintzen entrenatzen eta lasterketak korritzen. Hilabetera munduko zalditegi onenetik deitu zidaten, eta orain bertan nago.

Atximur egiten al diozu zure buruari?

Gauetan pentsatzen jartzen naiz, neure buruari ea posible den galdezka. Eta bai, egia da. Niri arriskatzea gustatzen zait, eta galtzeko ezer ez nuenez, joatea erabaki nuen, eta ongi atera zitzaidan.

Nolakoa da Dubai?

Telebistan ikusten den bezalakoa. Egia esan, han ez duzu lan asko egiten, dena luxua da; erregina bezala bizi zara. Gainera, korritzen dudan zalditegian munduko zaldirik onenak daude. Lasterketak oso azkar korritzeko aukera eskaintzen dizu horrek, eta irabazteko. Hori bai dela ametsa. Emirerrietan lasterketa bat irabaztea oso zaila da. 300 zaldi ibiltzen dira lehian, eta lehenengoa amaitzea…

‘Lady Naroa txapeldun’. Behin baino gehiagotan idatz zitekeen titular hori. Garaipen baten albistea egitekotan?

Sheik Mohammed Cup esango nuke. Bertako xekearen izena darama, eta 160 kilometroko lasterketa da, oso luzea. Bere historian, lehen aldiz, Lady kategoria sartu zuten, eta irabaztea lortu nuen. Zalditegi berriarekin korritzen nuen lehen lasterketa zen gainera. Hau da, dena oso ondo joan zitzaidan.

Xekea ezagutzeko aukera ere izan duzu, orduan.

Lasterketa guztietara joaten da xekea; autoarekin jarraitzen zaitu batzuetan. Lehen aipatu lasterketa irabazi nuenean, zoriontzera etorri zitzaidan. Horrez gain zalditegira ere gerturatzen da, eta agurtzera etortzen zaizu. Xeke bat izateko oso irekia da. Gure herrialdeko politikariak ikusi eta zaila da ulertzea, baina egia hori da: xekea oso maitatua dela.

Zure lorpenek Dubaiko egunkarietan izan dute oihartzuna. Zerbait aldatu al du horrek?

Ez dut sinistu nahi horrela denik, baina bai, aldatzen da. Agian, jendeak, eman dezakedana baina gehiago espero du.

Nolako lan hitzarmena daukazu?

Denboraldi batekoak egiten dituzte; hiru hilabetekoak. Gero berritzen doaz. Kontua da, han egun batetik bestera dena alda daitekeela. Zerbait pasa edo nazkatzen baldin badira, akabo. Oraingoz dena oso ondo doa, eta beraiek ere gustura daude.

Lehen munduko zaldirik onenak aipatu dituzu. Zer esan nahi du horrek?

Kirol honetan, zaldi sano bat eduki beharra daukazu; errenik ez duena eta abar. Bihotz oso ona eduki beharra dauka. Adibidez, lasterketa batean 40 kilometro egin ondoren, geratu egiten zara errekuperazio gunean. Hor zaldia goitik behera begiratzen dute, eta 64 pultsaziotara jaitsi arte, zaldiari ez diote uzten lasterketara itzultzen. Errendimendu altuko atletak bezala dira, eta kontrol zorrotzak pasa behar izaten dituzte.

Zein arrazatakoak dira zaldiak?

Normalean arabiarrak izaten dira. Abiadura probetan anglo-arabiarrak izaten dira gehienak, baina hemen iraupena denez garrantzitsuena, eta horretarako egokienak arabiarrak dira.

Zenbat diru ordaindu dezakete zaldi batengatik?

Eromena izan daiteke. Lagun bati 350.000 eurotan erosi zioten zaldia; baina zaldi oso ona zen, hurrengo lasterketa irabaziko dizula dakizun horietakoa. Kontua da, Dubaiko mutil hauei buruan zerbait sartzen zaienean lortu arte ez direla geratzen.

Zergatik dute zaldiekin horrenbesteko afizioa?

Batzuentzat zaldiak euren bizitza dira. Diru asko eta abar izanagatik, egun guztia zalditegian pasatzen dute. Familiarekin baina denbora gehiago egoten dira zaldiekin, benetan maite dituztelako. Beste batzuek, aldiz, politikagatik dituzte: xekeari zaldiak gustatzen zaizkiolako. Eta hori egia da. Xekeari asko gustatzen zaizkio zaldiak; bere pasioa da.

Nolakoa da zuen eguneroko bizitza?

Esnatu, goizean bi edo hiru zaldirekin ibili, arratsaldean beste bi edo hirurekin, eta listo. Dubaien ia ez duzu ezer egiten. Prestaketarako eta zalditegien mantenurako mutilak dituzte. Guk hori bakarrik egiten dugu.

Emakumeak nola bizi zarete bertan?

Hori ere telebistan ikusten den bezala da; tapatuta ibiltzen dira. Gurekin, kanpokoekin, irekiagoak dira. Abu Dhabin adibidez itxiagoak dira, baina Dubaien ez. Jendea nahi duen bezala jantzita joaten da.

Orain Ingalaterran zaude, Dubaiko beroaren eraginez.

Han bero handiegia egiten du, eta zaldiak kanpora eramaten dituzte. Kontuan izan haiek zalditegiak mundu osoan dituztela. 32 zaldirekin etorri gara Ingalaterrara. Hemengo bizitza ez da hangoa bezala, lasterketez gain, zalditegiko lanetan ibiltzen gara. Argentinar batzuk daude gurekin, eta hizkuntza aldetik errazagoa denez, elkarren artean giroa segidan sortzen da. Oso gustura gaude, 90 zaldirekin lanean.

Eta gero berriro Dubaira, baina oraingoan, Maialen ahizparekin.

Dubaira joateko aukera izan genuenean bera ez zegoen prest, baina berez, bere ametsa hori zen. Niretzat ez zen amets bat, ero joeratik gehiago zuen. Bera txikitatik amets hori bete nahian ibili da, eta orain, urratsa eman eta arriskatzeko prest dago.

Kirolari guztiei bezala, zuri ere kirol ibilbidea amaituko zaizu. Aurrera begira jarrita, zer daukazu buruan?

Ikasketak utzi izanaren arazoa hori da; gorputzak ezin duenean, ez dakidala zer egingo dudan. Dirua aurreztu eta zalditegi bat irekitzea ondo egongo litzateke, baina hori, oso etorkizun urruneko zerbait izango litzateke. Oraingoz horrela jarraituko dut, Dubaien nagoen lehen urtea besterik ez baita.

Tolosa, familia, lagunak… non geratzen dira?

Hasieran pixka bat gaizki ematen nuen familia urrun izatearena, baina behin baino gehiagotan gonbidatu ditugu hara eta ondo. Tolosara noizean behin joaten naiz, nahiz eta azken aldian gutxiago. Eta lagunak…, hori da gehien faltan botatzen dudana; izugarri, gainera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!