Tolosako hainbat gunetan, zoladura berrituko dute udaran

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 28a, 08:52
Berazubiko Almirante Rekalde kalea obretan.

Herriaren beharren azterketa gauzatu du Tolosako Udalak eta premiazkoenei helduko die datozen asteetan.

Kanpainak 82.517 euroko aurrekontua du eta San Esteban eta Berazubi auzoetako eremu batzuetako eta Ikaztegieta eta Tolosa arteko mugako zoladurak hobetuko dira. Hauek dira obrak gauzatuko diren guneak:

San Esteban: San Esteban auzoko bizilagunen eskaerei erantzunez, Elosegi Parkeko sarreran egin beharreko lanak erabaki dira. Asfaltoa berritzeaz gain, kalean maldak aldatu dira. Azken hau, jada gauzatu du Tolosako brigadak. Maldak aldatzearen ondorioz, 2 asfalto kapa botako dira gune horretan, eta zaharberrituko direnetan, berriz, bakarra. Eremuaren gainazal osoa 1.152 metro karratukoa da, eta aipatutako eremuaz gain, San Esteban auzoko 4 zenbakidun ataritik Hiru aldeta tabernara doan zatia ere hartuko du.

Berazubi: Elkano kalean egindako etxe berriekin eta Martin Jose Iraola kalean egindako lanekin, zati batzuk asfaltatu ziren 2016an. Orain, zabalera aldakorra duen gainazalean (Almirante Kalearen ezkerraldean, Elkano kaletik) asfalto zaharra kendu eta berria botako da. Brigadak inguru honetan espaloien berritze lanak bukatu berri ditu. Asfaltatu beharreko eremuaren gainazal osoa 960 metro karratukoa da.

Panelfisa aurreko sarrera: Kalteak aztertzerakoan ikusi da jatorri ezberdina dutela. Kalteak egon arren, asfalto azpiko gainazalak huts egin duela ebatzi dute teknikariek. Ondorioz, zaharberritzearen aurretik azpiko gainazala kendu eta ordezkatu beharra dago. Behin azpialdea eraberrituta, bi asfalto gainazal botako dira bertan. Eremuaren gainazal osoa 255 metro karratukoa da.

Jarduera horietako lanak gauez egingo dira ibilgailuen zirkulazioan eragozpenak ekiditeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!