«Unean gustatzen zaiguna egiten dugu, mugarik jarri gabe»

Irati Saizar Artola 2017ko uzt. 25a, 11:32

Irailetik aurrera entzun ahalko da Belako taldearen disko berria: Render me numb, trivial violence. Grabaketa modua aldatu dute, naturaltasuna bilatu nahian.

Mungiako talde bezala aurkezten dute gehienek Belako, baina Lander Zalakain (Tolosa, 1993) bateria-jotzaileak argi du laurdena behintzat tolosarra dela. Belako sortu eta zortzi hilabetera batu zen taldera eta ordutik hona bizi izan dutena eta biziko dutena kontatu du.

Nor da Belako?

Belako lau gazte gara, lau lagun, familia bat den lagun talde bat. Nik uste erraza dela deskribatzea: Belakok taldeari gustatzen zaion musika egiten du; beti esaten da post-punka dela, baina ez da hori bakarrik. Belakok musika klasikoa entzuten du, baita musika elektronikoa eta erritmo latinoagoak ere. Hori guztia irabiagailu batean sartu eta horixe da Belako.

Zuek nahi duzuena, horixe da egiten duzuena.

Guri gustatzen zaiguna oso anitza da. Askotan galdetzen digute zer estilotakoak garen. Guk unean gustatzen zaiguna egiten dugu, eta ez ditugu mugak jartzen. Beti koherentea iruditzen zaigun modu batean egiten ditugu gauzak.

Uda amaitzean disko berria aterako duzue. Zer aurkituko dute zaleek?

Disko berriak Render me numb, trivial violence izena izango du. Orain arteko disko guztiak izen motzagokoak izan dira, eta euskaraz. Baina aurten, ingelesez eta luze jartzea erabaki dugu. Mezu zuzenago bat eman nahi genion, ideiak argi geratzea. Berritasuna da zintan ari garela grabatzen, eta esperientzia guztiz ezberdina da. Normalean digitalean grabatzen da, eta hor tranpa egin daiteke, jo ez dugun nota bat aldatu edo bonbo bat sartu baitaiteke. Orain, ordea, guztia analogikoa da. Zati guztiak hasieratik bukaerara grabatzen dira, eta tartekoa ezin da editatu, beraz fidelagoa da. Entsegu gehiago eskatzen ditu horrek, grabatu behar duzun zatiak hoberena izan behar baitu. Askoz naturalagoa da, aldi berean organikoagoa edo zikinagoa ere bai, baina hori bilatzen dugu. Digitalean detaile txiki-txiki batzuk bakarrik sartuko dizkiogu, baina, orokorrean organikoa eta indar handikoa izango da. Musika aldetik ildo berean jarraitu du: estilo desberdinak ikusiko dira, orain arte bezala. Abesti rockeroak, elektronikoagoak, dantzagarriagoak, lasaiagoak; erritmoari dagokionean ere estilo desberdinetako abestiak daude.

Taldea lehen aldiz entseguetarako elkartu zenean inor gutxik esperoko zuen honaino iritsiko zinetenik.

Ez genuen pentsatzen erdi bidera ere iritsiko ginenik. Taldea entseguetan hasi zenean, ni oraindik ez nengoen Belakon. 2011an elkartu ziren Josu, Cris eta Lore Mungian, eta zortzi hilabeteren ondoren batu nintzen. Nire lehen kontzertua Gaztea Maketa Lehiaketako finala izan zen. Presio handia genuen, eta irabaziz gero bagenekien BBK Lifen joko genuela; gauza sinestezina zela iruditzen zitzaigun. Gaur egun, hiru aldiz jo dugu jaialdi horretan. Hasieran ondo pasatzeko jotzen genuen, beno, orain ere bai; baina kontua pixka bat serioagoa da, ardura handiagoa dugulako.

Hasi zinetenetik hona zer da gehien aldatu dena?

Orain Belako familia handiagoa da. Lehen lau bakarrik ginen taldean eta orain lagun batzuk batu zaizkigu, ardura handiagoa dugunez, lan batzuk besteen esku utzi behar baitira. Manager bat daukagu, Sergio Cruzado; Iñigo Irazoki, soinu teknikaria; eta Jokin Iriarte argi teknikaria. Beste aldaketa eszenatokiena izan daiteke; lehen, tabernetan eta leku txikietan ematen genituen kontzertuak; orain, jaialdietan izaten dira. Eskaloi batzuk igo ditugu hona iristeko. Baina musika aldetik eta lan egiteko modu aldetik ez dugu ezer asko aldatu, antzeko jarraitzen dugu.

Gaur egun, taldea goreneko unean dago?

Nire ustez, askoz gehiago eman dezakegu. Hori beti. Lehenengo bi urteetan Euskal Herrian zehar eman genituen kontzertuak; gero Espainian zehar hasi ginen eta guretzat Bartzelonan eta Madriden jotzea sekulakoa zen, nahiz eta leku txiki-txiki batean izan. Gero pixka bat gehiago jotzen hasi ginen eta orain atzerrira ateratzea da gure asmoa. Zerbait mugitu gara Europan zehar baina gehiago nahi dugu. Aurten prestatzen ari garen diskoarekin kanpora ateratzea da asmoa, eta irailetik aurrera, bira serio bat egingo dugu; Mexiko, Errusia eta Japoniara goaz. Nik uste dut orain daukagula aukera horretarako, eta gure eskuetan dagoena egin behar dugu, zaila baita; ez da soilik joatea, jotzea eta bueltatzea. Talde batek ateak irekitzen eta irekita uzten saiatu behar du, berriro ere bertara bueltatu ahal izateko.

Abestien letra gehienak ingelesez egiten dituzue. Euskarak eskaintzen ez duen zerbait gu ingelesak?

Hizkuntza oso garrantzitsua da kanpora ateratzeko. Ez zaigu justua iruditzen berez, eta ez luke muga bat izan behar. Begira Berri Txarrak taldeak euskararekin egin duena; ezin da adibide bezala ere erabili, egin duena izugarria izan delako. Zergatik den izugarria? Oso-oso zaila delako euskara hutsean Euskal Herritik ateratzea; eta ez bakarrik euskararekin, ingelesa ez den edozein hizkuntzarekin gertatzen da hori. Guk bi arrazoi nagusigatik egiten dugu gehienbat ingelesez: batetik, entzuten dugun musikaren %90 ingelesa delako eta musika egiteko garaian nabaritu egiten delako, naturalago ateratzen zaigulako; bestetik, ingelesaren formengatik, izan ere, azentuak nahi bezala jar daitezke, edota hitzen bukaerak silababakarrak direlako. Hala ere, kanta batzuk euskaraz dauzkagu, gure ama hizkuntza delako. Kanpora atera eta euskaraz kantatzea izugarria da; eta Espainiatik kanpo jendea euskaraz kantatzen saiatzen ikustea zer esanik ez. Zaldi Baltza abestiarekin gertatu izan zaigu; ez dakite zer ari diren esaten, baina, agian Google-n begiratuko zuten eta euskara zela irakurriko zuten. Azken finean, guk hizkuntzari ez diogu halako garrantzirik ematen, mezu bat transmititu nahi dugu eta berdin digu zein hizkuntzatan egiten dugun. Askotan entzun izango duzue: «Hain gazteak izateko, zein ondo jotzen duzuen». Bai, beti gara Belakoko gazteak. Une bat iritsi zen edozer egiten genuela ere, izan disko bat atera edo kritika bat jaso, beti zegoela gazte hitza tartean. Hori ikusita, ematen du gazteak garelako lortu dugula honaino iristea, ez gauzak ondo egin ditugulako. Orain, ordea, gutxiago esaten digute. Adibidez, 2016an El ojo critico saria irabazi genuen, ez zen talde berri edo gazteei bideratutakoa; musika modernodun proiektu batengatik izan zen. Hortik aurrera pentsatu izan dugu ez gaituztela gehiago kritikatuko gaztetasunagatik. Taldea mungiarra da baina Tolosarretik ere izango du zerbait. Nik beti esaten dut %25a tolosarra dela. Beste hiru taldekideak Athleticekoak dira eta ni Realekoa; pikea edukitzen dugu beti, giputxi eta horrelakoak ere deitzen dizkidate. Baina ondo moldatzen naiz bestela. Oraindik ez daukat gidabaimenik eta lehen urteetan amak eramaten ninduen Mungiara. Gaur egun, Donostiatik Loiura autobusez joaten naiz, taldekoren bat bila etortzen zait eta gero, beharrezkoa balitz taldekideren baten etxean geratzen naiz lotan.

Nola egiten dituzue abesti berriak?

Abesti bakoitza leku ezberdin batetik dator. Normalena da Josu gitarra jotzaileak ideiaren bat ekartzea, mahai gainean jarri eta horrekin bueltaka hastea. Denen artean jotzen hasten gara, batzuetan mugikorrarekin ere grabatzen dugu, ondoren entzun eta hobetu ahal izateko. Bakoitzak bere instrumentuarekin ideiak ematen ditugu. Letrak berriz, Cris abeslariak egiten ditu. Bestelako erabakietan ere taldeko guztiok hartzen dugu parte; adibidez, diskoan zein abesti sartu erabakitzerakoan. Disko berrian erritmo reggaetoia duen abesti bat daukagu eta hor gabiltza non sartu ez dakigula, abestien ordena garrantzitsua baita.

Zein izan da zure musika ibilbidea?

Txiki-txikitatik datorkit musika zaletasuna. Aitak rocka, psikodelikoa, garajea eta post-punka jartzen zizkidan; amak berriz, musika klasikoa, Euskadiko orkestrako biolinista baita. Badakit horrek asko eragin duela. Amaren influentziagatik Tolosako Musika Eskolan hasi nintzen: pianoan, solfeoan eta koroan. Baina ez zitzaidan batere gustatzen eta bost urteren ondoren uztea erabaki nuen. Behin lagun batzuekin Madrilen nengoela bateria bat ikusi nuen eta hori jo nahi nuela konturatu nintzen. Bi hilabetez bateriako eskoletara joan nintzen, eta gero nire kabuz bateria elektroniko batekin etxean hasi nintzen. Madrilgo lagun horiekin talde moduko bat ere sortu genuen, eta gero, Tolosako lagun batzuekin hasi nintzen Amarozko lokal batean; orduan erosi nuen nire lehen bateria. Handik gutxira, lagun baten bitartez Belakotik deitu ninduten. Arratsalde batean haiekin elkartu nintzen; lehen egunean sortu zen feeling-a eta geroztik hortxe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!