Gaur 30 urte hil zuen GALek Garcia Goena tolosarra

Tolosaldeko Ataria 2017ko uzt. 24a, 15:46

Juan Carlos Garcia Goena izan zen GALen azken biktima ofiziala. Jaiotzez tolosarra bazen ere, zazpi urte zeramatzan Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta. 1987ko uztailaren 24an hil zuten autoaren azpian bonba bat jarrita.

Ez zen ohiko iheslaria: ez zuen erakunde batean militatzen, eta ideal politiko argirik ere ez zitzaion ezagutzen; soldadutzatik ihesi joan zen Ipar Euskal Herrira bizitzera.

Kasuak irekita jarraitzen du.

 

Berria egunkariak GALen 30 urteen gaineko multimediako hildakoen sailetik hartua: 

"GALen azken biktima ofiziala Juan Carlos Garcia Goena izan zen (1959 - 1987). Tolosakoa zen jaiotzez, baina zazpi urte zeramatzan Ipar Euskal Herrian errefuxiatuta. Ez zen ohiko iheslaria: ez zuen erakunde batean militatzen, eta ideal politiko argirik ere ez zitzaion ezagutzen; soldadutzatik ihesi joan zen Ipar Euskal Herrira.

Familia apal bateko hiru anai-arrebetan zaharrena zen Garcia Goena: ama Ataungoa zen, eta aita, Tolosakoa, Espainiako etorkinen ondorengoa. Seme-alabek gaztelaniaz egiteko joera zutela azaldu du haren anaia Jose Marik: "Baina Juan Carlosek gehiago egiten zuen euskaraz, oporretan sarriago joaten baitzen Ataungo baserrira". Tolosako langile auzo batean bizi ziren haurtzaroan, babes ofizialeko etxebizitza batean. Txikitatik, ezinezkoa zen seme zaharrena menderatzea, Jose Mariren hitzetan: "Ez sinestekoa zen. Esaten zenion: 'Juan Carlos, eskolara', eta ez zen joaten. 'Juan Carlos, hamarretarako etxean', eta hamabietan agertzen zen".

14 urterekin eskolatik atera zuen aitak, eta berekin lanean jarri zuen Ibarrako tailer txiki batean. Osagarri elektrikoak egiten zituzten: bertan ikasi zuen Juan Carlosek argiketari ofizioa.

Gaztaroak garai gatazkatsuan harrapatu zuen. Gorabehera politikoak ez ezik, iskanbila ugari izaten zen Tolosan: festazalea ere izanda, aise sartzen zen saltsetan Garcia Goena. "Juan Carlosek ez zeukan konbentzimendu politikorik", ekarri du gogora anaia gazteak. Haren koadrila ere ez zen bereziki militantea, baina sarri hartu ohi zuen parte kaleko protestetan. "Zalaparta zegoen lekuan egoten ziren. Guardia Zibila herrira jaisten bazen, bagenekien anaia han ibiliko zela".

17 urterekin, Laura Martin ezagutu zuen, hil artean bikotekide izango zuena. Harreman estua izan zuten hasieratik: "Ezin ziren luzaroan bereizita egon". Handik pare bat urtera, ordea, soldadutza egiteko garaia iritsi zitzaion Juan Carlosi. Herrialde Katalanetara joatea egokitu zitzaion, Gironara, baina sarjentuek ere ez zuten lortu gazteak obeditzerik: seigarren egunean, ihes egin zuen. Familiak ezustean hartu zuen albistea: "Etxean ez zuen ezer esan. Gironako kuarteletik jasotako dei baten bidez jakin genuen". Hurrengo egunean, Juan Carlos bera jarri zen haiekin harremanetan: Laurarekin Hendaian zegoela esan zien, eta ez zeukala etxera itzultzeko asmorik. Jose Mariren ustez, planifikatu gabeko ekintza izan zen hura: "Ez zeukaten txakur txikirik. Ezer aurreztu gabe joan ziren; gurasoak astero joaten zitzaizkien patatak eramatera, zer jana izan zezaten".

Hasieran lan txikiak egiten zituzten, eta alokairuko etxe batetik bestera ibili ziren egoitza baimena lortu arte. Azkenean, Juan Carlosek lanpostu finkoa topatu zuen Transfesa enpresan: mugan, trenetako gurpilak aldatzen zituen beste aldeko errailetan kabitzeko. Ordurako, alaba bat zeukan bikoteak, eta bigarrena bidean zen.

Erbesteak nabarmen aldatu zuen Tolosatik alde egindako bala menderakaitza. "Familia osatu zuenean, asko lasaitu zen". Aitarekiko harremana ere asko hobetu zela gogoratu du Jose Marik: "Urte horien guztien ondoren, lagun minak ziren. Asteburuetan elkarren zain egoten ziren, patxaran bat hartzera joateko".

Senideak astebururo joaten zitzaizkien bisitan. Denbora gehiena etxe barruan ematen zuten: "Juan Carlosi ez zitzaion gustatzen kalera jaistea, zirkulu jakin batzuekin lotu ez zezaten". Inork ezagutzen ez zuen errefuxiatuak guztien errezeloa piztu zuen hasieran: "Oso beltzarana zen; ile luzea zeukan, eta puntadun bota luzeak eraman ohi zituen. Ijito bat zirudien, eta bi aldeetatik joan zitzaizkion: nor zen jakin nahi zuten". ETAko kide batzuek ere harengana jo zutela azaldu du, baina behin hori argituta ez zuela haien berri gehiago izan. "Noiz edo noiz topo egiten zuen errefuxiatuekin: [Joxean] Lasa eta [Joxi] Zabala ere ezagutu zituela kontatu zigun, baina ez zuen harreman handirik izaten iheslariekin". Poliziaren presentzia sumatzen zuen, ordea. "Beldurtuta zegoen. Hil baino lehentxeago esan zigun jarraika zebilkiola norbait, baina ez zekiela nor".

1987ko uztailaren 24an gertatu zen inork espero ez zuena. Juan Carlosek ohi baino goizago hartu zuen autoa lanera joateko, eta Citroen Dyane 6a bertan lehertu zen, gurpilera itsatsita zeukan bonbak eztanda eginda. Tolosako familia iritsi zenerako, Baionan zegoen gorpua. Espainiako Gobernuak han daukan kontsulatura jo zuten: "Baina ez ziguten jaramonik egin, existituko ez bagina bezala". Artean ez zekiten lehergailua nork jarri zuen ere: "Ez zegoen politikan sartuta. ETA izan zitekeen? GAL? Okerren bat izan zen?".

Segituan aldarrikatu zuen GALek atentatua. Jose Amedo komisariordea eta Michel Dominguez polizia auzipetu zituzten, haien bikotekideek haien aurkako lekukotasuna eman ostean. Dominguezen neska-lagunak, ordea, atzera bota zuen bere akusazioa azken unean. Gerora oker zabaldu denaren aurka, Amedo eta Dominguez ez zituzten zigortu Garcia Goenaren hilketagatik; absolbitu egin zituzten, eta auzia bere horretan gelditu zen. 2011. urtean, Baltasar Garzon epaileak behin-behinean artxibatu zuen nahikoa frogarik ez zeukala argudiatuta. Baina istorioa ez da amaitu: 2011n, ustez GALekin elkarlanean jarduten zuen argazki denda baten berri eman zuen El Mundo egunkariak. Haren arabera, Hendaiako errefuxiatu askok (tartean, Garcia Goenak) Photo Galaxie estudiora jotzen zuten familiako argazkiak ateratzeko; jabeak ale batzuk gordetzen zituen, gero GALi helarazteko. El Mundok zioenez, argazki horietako batean oinarrituta antolatu zuten Garcia Goenaren aurkako atentatua. Auzia zabalik da berriz".

Berria egunkariak GALen 30 urteen gaineko gune multimendian irakur daiteke informazio guztia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!