2.000 izokinkume askatu dituzte

Ataria 2017ko uztailaren 22a

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako Udalarekin elkarlanean, 2.000 izokinkume askatu ditu Oria ibaian, Santa Maria parrokia inguruan. Kanpainak izokinak berreskuratzea du helburu, izan ere, industrializazioaren ondorioz sortutako kutsadura dela eta Hego Euskal Herriko ibaietan erabat desagertu ziren izokinak, Bidasoan izan ezik.

2.000 izokinkume askatu dituzte gaur, Tolosan, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Tolosako Udaleko kideek, gerturatutako haurren laguntzarekin. 1940. urte inguruan Urumea eta Oria ibaietan desagertu ziren izokinak berreskuratzeko proiektuaren barruan kokatu dute gaurko ekintza.

Gaur askatutako kumeek urtebete inguru emango dute ibaian, eta udaberrian jaitsiko dira itsasora, Ipar Atlantikoratz, hain justu. Han urtebete egin eta gero itzuliko dira jaiotako ibaira.

Zailtasunak

1940. urtean erabat desagertu ziren izokinak Hego Euskal Herriko ibaietan, Bidasoan izan ezik. Presa artifizialak eta migrazioa dira euren etsai nagusiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, ondorioz, urte hauetan eraikitako presa artifizialak desegiten saiatzen ari dela esan du. XX. mendearen erdialdera arte izokinak ikustea arrunta omen zen, baina industrializazioren ondoriozko kutsadurak ia desagerrarazi egin zituen.

Foru Aldundiak azaldu duenez, izokinek Orian gora egin eta Tolosaraino iristeko duten oztopo nagusia Irurako presako arrain eskaileraren funtzionaltasun kaskarra da. 2016. urtean La Salvadorako presa ireki izanari esker, eta izokinei egindako radiomartzeari esker, espeziea Iruraraino igo dela egiaztatu ahal izan dutela ere esan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!