«Arrazoi asko daude munduaren begietara euskara interesgarri egiten dutenak»

Olatz Artola 2017ko uzt. 23a, 11:44

Ingeles eta Alemaniar filologian lizentziatua eta filologia modernoan doktorea den Garbiñe Iztueta Goizuetak (Tolosa, 1972) EHUko irakasle lanak hein handi batean albo batera utzi, eta erronka berri bati heldu zion martxoan. Etxepare Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria da.

Egunerokoa guztiz aldatuko zitzaizun lan aldaketarekin...

Alde batetik, Gasteiztik Donostiarako aldaketa izan dut lan-egoitzari dagokionez; eta, bestalde, unibertsitateko irakaskuntza lanak hein handi batean alde batera utzi, eta Etxepare Institutuan ariko naiz buru-belarri. Etxepareko nire arloko lanak kudeaketa, eta nazioarteko erakunde eta unibertsitateekin harremanak ditu ardatz. Lau urtez Letren Fakultateko Nazioarteko Harremanetarako dekanordetzan aritu nintzenez, beraz, eskarmentua hartu nuen lan dinamika horretan.

Gogoz hartu zenuen, beraz, aldaketa.

Gogo handiz, erronka oso ederra delako. Arduraz ere bai, noski, euskararen sustapena gizartearekiko erantzukizuna ere badelako eta funts publikoekin kudeaketa lanetan aritzea beti ardura handia delako.

Oraindik kokatzen ariko zarela imajinatzen dut...

Lau hilabete daramatzat, ikasketa eta egokitzapen prozesuan nabil. Lan taldeak oso babestua sentiarazten nau, beraz, kokatze prozesua oso erosoa ari da izaten.

Zein dira, zehatz-mehatz, zure egitekoak?

Labur esateko, nazioarteko hizkuntz foroetan euskararen ordezkaritza bermatzea eta euskara eta euskal kulturarekiko jakin-mina sortzea da. Gure eremutik kanpoko kalitatezko unibertsitateetan euskara eta euskal kulturaren ikasketak gradu eta master mailan bultzatzea, eta horrekin lotuta euskara eta euskal gaiei buruzko ikerketa sustatzea; irakaskuntza hori kalitatezkoa izan dadin irakatsiko duten pertsonen formakuntza antolatzeaz ere arduratzen naiz, eta irakaskuntza hori osatuko duten ekintza akademikoak sustatzeaz.

Nazioartean euskara eta euskal kulturaren inguruko gradu eta master ikasketak sustatzeko nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakurletza eta katedra sareak diseinatu, antolatu eta kudeatu ditu Etxepare Institutuak 2010. urtean abian jarri zenetik, eta hori da nire egiteko nagusia.

Gaur egun 34 unibertsitatetan irakasten dira euskara eta euskal kultura irakurletzen bidez eta zortzi katedra ere baditugu.

Euskara, euskara, jalgi hadi mundura dio kantuak. Etxeparen, esan eta egin; horretan aritzen zarete ezta?

Bernat Etxeparek 1545ko Linguae Vasconum Primitiae liburuan dioen bezala, euskarak kalera, plazara eta baita mundura ere atera behar du. Izan ere, hori da hizkuntza bat osasuntsu hazteko eta bizitzeko bidea, baita munduari bere aberastasuna zabaltzeko modua ere. Urte askotako lana izan da euskararen osasuna zaintzea eta hazten laguntzea, hor daude urteetako herri ekimenen militantzia eta baita hizkuntza politika ere. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailaren barnean euskararen sustapena eremu geografikoka sailkatuta dagoela esan dezakegu: HABE arduratzen da, besteak beste, Euskal Erkidegoan helduen euskalduntzeaz eta Etxepare Institutuaren zereginak eremu horretatik kanpo kokatzen dira.

Zer nolako garrantzia du, bada, euskara hemendik kanpo zabaltzeak? Mundua euskaldundu nahi duzuela eta Euskal Herria mundutarragoa egin nahi duzuela irakurri daiteke Etxepareren webgunean...

Askotan galdetu izan didate euskarak ba ote duen interesik gure eremutik kanpo, eta azpimarratu nahi dut arrazoi asko daudela munduaren begietara euskara interesgarri egiten dutenak. Hasteko, hizkuntza orok du berezko balioa, hizkuntza guztiek dute handitasuna, munduari begiratzeko modu berezia daramate bere barruan, mundua interpretatzeko modu berezia. Eta munduari begiratzeko zenbat eta modu ezberdin gehiago, orduan eta aberatsagoa izango dira mundua eta gizakia. Beraz, munduari gure begirada eskaintzea gure aberastasuna partekatzea da, hori Iparragirre herri musikariak ere esaten zigun. Unibertsitate eremuan ideia hau barneratuta dago, gaur egun unibertsitate gehienen lehentasuna da goi mailako ikasketetan diziplina-artekotasuna, kultura-artekotasuna eta hizkuntza-aniztasuna sustatzea.

Bestalde, altxor izugarria da euskal gizarteak testuinguru zailari aurre egiteaz gain, euskararen erresistentzian eta biziberritze prozesuan egin duen ibilbidea. Nahiz eta oraindik ere lana izan euskalduntze prozesuan, urteetan zehar izandako helduen euskalduntze prozesua eredugarri da galtzeko arrisku handiagoan dauden hizkuntza askorentzat.

Hirugarren arrazoi bat aipatzeko, euskarak hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik ere begiratuta interes handia pizten du, indoeuroparra ez den europar hizkuntza delako eta jatorria ere oraindik ezezaguna ere badelako. Horregatik orain euskarari eta euskaldunoi dagokigun pausoa da euskara mundura zabaltzea. Gainera kontuan hartu behar dugu irakurleen eta katedren inguruan antolatutako ikasgai eta ekintza akademikoei esker euskarak eta euskal kulturak nazioarteko unibertsitateetara egiten duten munduratze bidaia horretan bestearen begirada jasotzen dutela eta beste kultura batetik abiatuta berauen inguruan hausnartzen denean, euskara eta euskal kultura ere aberastu egiten direla.

Kanpora begira aritzen zarete. Baina ez al da garrantzitsuagoa lehendabizi behintzat barruan eragitea?

Zalantzarik gabe, eremu guztiak dira ezinbestekoak, denok dugu zerikusi zuzena euskararen eta euskaldunon «bizitza osasuntsuarekin».

Eta zuek ikertutakoaren arabera, oro har, zer nolako egoera bizi du euskarak atzerrian?

Unibertsitate eremuan Etxepare Institutuko irakurle sarean, Madrildik hasi eta Tokioraino, joan den ikasturtean ia 1.900 ikasle aritu dira euskara eta euskal kulturako gaiak ikasten. Badakigu beste unibertsitate batzuetan interesa eta aukera badela, oraingo sarea zein bideetatik zabaldu eta sendotu aztertzen ari gara.

Herrialdearen arabera egoera aldatu egingo dela pentsatzen dut. Hemendik atzerrira migratu zuten lurraldeetan euskara biziago egongo da, ezta?

Zalantzarik gabe, euskal diaspora den herrialdeetan unibertsitateko ikasle asko arrazoi emozionalengatik hurbiltzen da euskarara, eta beren familietan badituzte euskararekiko eta euskal kulturarekiko erreferentziak ere. Beste herrialdetan, esate baterako Errusian, Alemanian edo Polonian, ikasleak beste arrazoi batzuk izaten dituzte. Euskal Herriari buruz zerbait irakurri dutelako, hizkuntzaren egitura interesatzen zaielako edota euskal kulturaren erreferentziaren bat ezagutzen dutelako gerturatzen dira euskarara.

Atzerriko euskal etxeekin baduzue harremana?

Momentu honetan trantsizio garaia prestatzen ari gara HABE eta Etxepare Institutuan, Euskal Etxeetako euskararen irakaskuntzaren sustapenari dagokionez. Orain arte HABEk sustatu du alor hau, baina hemendik hilabete batzuetara Etxepare Institutua hasiko da zeregin horretan. Literatur eta kultur proiektuen harira izan dugu orain arte Euskal Etxeekin harremana, etorkizunean komunikazio hori sakonagoa eta anitzagoa izango da.

Gurera etorrita, zehazki Tolosaldera, zure jaioterrira. Euskararen arnasgunea da. 2011ko datuen arabera, ezagutza altua da, %79koa. Horrek esan nahi du birika osasuntsuak direla euskarari dagokionean. Zuk horrela ikusten al duzu?

Argi dago beste eskualde batzuekin alderatuta Tolosaldeko egoera osasuntsuagoa dela. Arnasgune kontzeptuak prozesu dinamikoa adierazten du, ez egoera estatikoa. Hizkuntza baten ezagutza ere beti da dinamikoa, erabilerari lotua dagoena. Arnasguneetan euskararen bizitza naturalki bilakatu eta transmititzen dela ulertzen da, baina oso presente eduki behar dugu euskararen «bizitasuna» arnasguneetan ere hiztunok egunero eraikitzen dugula, eta euskara gaztelerarekin ukipen-harremanetan dagoela.

Euskara arnasgune izan den tokietan, erabilera behera egiten ari da… Tolosaldean ere hori gertatu da. Azken hiru hamarkadetan, erabilera nabarmen jaitsi da eskualdeko herri gehienetan… Jakitetik erabiltzera aldaketa dago. Hor eragin behar dugula uste al duzu?

Gure testuinguru soziolinguistikoan osasuntsuagoa den gaztelerarekiko harremanak baldintzatzen gaituela argi izan beharko genuke. Euskararen erabilera kontzientea beharrezkoa da arnasguneetan ere. Arnasguneetan erabilerak behera egiteko hainbat faktore daude askotan inkontzienteki eragiten digutenak. Horiek aztertu beharrak daude neurriak hartzeko. Zeregin horretan oso beharrezkoa iruditzen zait Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldea bezalako elkarteak ekimenak martxan jarri izana UEMA, Soziolinguistika Klusterra eta erakundeekin batera diagnostiko zehatza egin eta estrategia aurrera eramateko; non eta nola eragin ondo zehazteko. Diagnostiko eta estrategia hori prestatzearekin batera, eguneroko euskararen zaintzarekin jarraitu behar dugu, kontuan izanda euskarak egunero alor askotan elikatzen gaituela: kulturalki, pertsona gisa, mundua ulertzeko moduari dagokionez... Bi norabideetako elikadura hori gakoa da arnasguneetan ere, eta elikadura hori sendotuz eragin dezake hiztun bakoitzak eta baita kolektiboak ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!