Emaitza onak lehen egunetik

Ataria 2017ko uztailaren 20a

Atzo, asteazkena, hasi zen Europako Pistako Txirrindularitza Txapelketa eskualdeko Ane Iriarte eta Unai Iribar kirolarientzat Portugalen, Sangalos hiriko belodromoan. Eta bai ondo hasi ere!

Ane Iriarte billabonarrak bi proba jokatu zituen 23 urtez azpikoen kategorian, taldekako abiadura eta Scratcha. Lehenengoak ez zuen fruiturik eman tamalez, baina bigarren proban bederatzigarren postua erdietsi zuen, eta beraz, Europako 10 onenen artean sailkatu. 

Unai Iribarrek berriz, proba bakarra zeukan atzo Junior kategorian, kanporaketa hain zuzen, eta eguneko sorpresa eman zuen, brontzezko domina eskuratuta. Gustura zen ibartarra, sentsazio onak ditu, eta lehiatzen jarraitzeko gogoz dago: “Hemendik aurrera hurbilagotik zainduko naute agian, baina nik egin dut nirea. Eta niri begira badaude, besteak izango dira metala galduko dutenak!”. 

Gaur atseden eguna izango dute biek hala biek, biharko jardunaldi gogorrari hanka freskoz aurre egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!