«Besteengandik ikastea da nire lana»

Asier Imaz 2017ko uzt. 18a, 19:20

Lepauztaia hautsirik dauka Eukene Larrartek (Tolosa, 1998). UCI mailako azken proban hartu zuen min, eroriko baten ondorioz. Nazioarteko gorengo mailan, ordea, ez da dena albiste txarra izan: debutean podiuma zapaldu zuen Leire Olaberriarekin bikotea osatuz, Alemanian.

Leire Olaberria, Tania Calvo… Gipuzkoa Ogi Berri taldean txirrindulari handien artean zaude.

Horrelako talde batean asko ikasten duzu, asko irakasten dizutelako. Ez daukat inongo presiorik, gainera. Badakit maila bat eman behar dudala, baina presiorik gabe. Inork ez dit esaten zer lortu behar dudan edo zer ez. Nire lana besteengatik ikastea da.

Alemanian ezagutu zenuen UCI maila zer den, Leire Olaberriarekin bikotea osatuz.

Lehen proba gainera etorri zitzaigun, baina gero hobetzen joan ginen eta azkenean podiumean amaitu genuen, hirugarren postuan. Egia esan ez genuen espero. Poz ikaragarria sentitu genuen, baita harridura ere. Emaitza horrek indar asko eman digu lanean jarraitzeko, oraindik hobetzeko asko baitago.

Zer moduz moldatzen zara Leire Olaberriarekin?

Gauza asko ari zait erakusten. Ni nahiko mugitua naiz, eta berak falta zaidan lasaitasun hori ematen dit; bai pertsonalki eta baita kirolari bezala ere. Bion arteko kontua denez, nik berari ere beste gauza batzuk ematen dizkiot. Bion artean ondo ulertzen eta moldatzen gara; etorkizuna daukagula uste dut. 

Madison modalitatean ibili zarete elkarrekin. Hor ondo ulertzea beharrezkoa da. 

Oso garrantzitsua da, bai. Entrenamenduetan elkar ezagutza hori asko landu behar izaten da, lasterketan ondo ulertzea oso garrantzitsua delako. Pixkanaka aurrera goazela ikusten dut.

UCI mailan puntako txirrindulariak daude. Nolakoa izan da jauzia?

UCI taldeetan beste maila bat dago. Pistan nabaritu dut hori. Aurkariak profesionalak dira, eta esperientzia askokoak. Maila izugarria dago lasterketetan, eta hori nabaritu egiten duzu.

Zu, berriz, oraindik ikaslea zara.

Aurreko urteetako garaipenak errepikatzea zaila zegoela argi nuen. Jauzi honekin, txipa ere aldatu beharra izan dut. Aurkariak profesionalak dira, eta ni ikasketekin nabil oraindik. Horretarako laguntza handia izan dut, eta taldea beti hor egon da; ikasketek eskatzen zuten denbora ematerakoan laguntza guztia emanaz. Orain gainditu ditut azterketak, eta entrenatzeko denbora gehiago daukat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!