Zinemari lotutako bidaia

Ataria 2017ko uzt. 19a, 07:58

Hastera goaz izenburuko lanarekin Laskoraingo DBH 4ko ikasle taldeak irabazi du aurtengo Bidaia Beka. Elkarren arteko harremanak sendotu ahal izan dituztela eskertu dute gehien.

Aurten ere Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak bultzatuta Bidaia Beka ekimena jarri da abian. DBH 4. mailako gazteek neska-mutilez osaturiko seiko taldeetan, eta aurrekontu murritzarekin Euskal Herrian zehar bost eguneko bidaia proposatzen dute. Gazteen artean bidaiatzeko gogoa sustatzea du helburu ekimenak, eta horretaz gain, bidaiatzeko modu desberdinak daudela eta diru askorik gabe ere egin daitekeela erakutsi nahi du. Gainera, urrutira joan gabe, Euskal Herrian zehar bidaiatzea aukera polita izan daitekeela ere ikusarazi nahi du. Gazteen artean elkarlana sustatu eta harremanak hobetzea ere badu helburuen artean Bidaia Bekak, eta horretarako bereziki lagundu diela aurtengo irabazleei azaldu dute bidaia burutu berritan.


Maialen Indakoetxea, Leire Arrate, Julen Segurola, Beñat Etxezarreta, Endika Ibarguren eta Ane Iturriak osatutako Laskorain ikastolako taldea izan da irabazlea. Hastera goaz izenburua eman zioten euren bidaia proposamenari, eta Euskal Herrian filmatutako pelikulen arrastoa jarraituz osatu zuten ibilbidea. Originaltasuna, bidaia egiteko dituen aukera zabalak, taldearen motibazioa eta lanaren aurkezpen ona baloratu ditu epaimahaiak, eta saria, ohiko moduan,  proposatutako bidaia bera egitea izan da, furgonetaz, eta Josu Iztueta bidaiariaren laguntzarekin.


Filmen arrastoari jarraituz


Kultura edota gastronomiatik aldendu, eta gai berezi baten bueltan egin asmo zuten lehiaketarako proposamena, eta pelikulen inguruan egitea bururatu zitzaien. Endika Ibarguren taldekideak gogoratzen duenez, «bisitatzea gustatuko litzaizkigukeen lekuak eta aldi berean zinearekin lotura dutenak aukeratu genituen, eta horrela osatu genuen ibilbidea».


Hala, lehendabiziko egunean Bardeetara joatea, bigarrenean, Bilbora, hirugarrenean Gaztelugatxe eta Gernikara, laugarren egunean Lekeitiora eta bosgarrenean Zumaia bisitatzea proposatu zuten. «Bardeetan James Bonden The World Is Not Enough filma grabatu zuten, eta ikusi genuen gehiago ere grabatu direla bertan, Bilbon, Guggenheim inguruan, James Bonden film hori eta beste hainbat ere grabatu dira, Gaztelugatxen eta Zumaian Game of Thrones telesaileko zazpigarren denboraldiko hainbat kapitulu grabatu dituzte, eta Lekeition, berriz, Gernika filma. Lekeitiora joan aurretik, ordea, historian hobeto sakontze aldera, Gernikara bertara joatea proposatzen genuen», azaldu du Ibargurenek.   


Ekaina bukaeran, San Joan jaien ostean, egin zuten errealitate paperean idatzitako bidaia, eta «oso ondo» igaro zutela azaldu dute. Hori bai, inprobisazioa eta eguraldi tarteko, aurreikusita zuten ibilbidea zertxobait moldatu, eta beste hainbat txoko ezagutu dituzte: «Asko baldintzatu du eguraldiak. Esaterako, Lekeitio Gernika filmarengatik bisitatu asmo genuen, eta bertako irletatik piraguaz irteeratxo bat ere egin nahi genuen, baina, eguraldiagatik ez zen posible izan», kontatu du Maialen Indakoetxea taldekideak.
Azkenean, Leitzara ere joan ziren Ocho apellidos vascos filmaren aitzakian. Artaxona, Urbasa, Laida, Laga eta Butroeko gaztelua bisitatzeko aukera izan zuten aurreikusitakoez gain, Donejakue bideko zatitxo bat ere egin zuten eta Iruñean entzierroaren ibilbidea egin zuten.


Harremanak hobetzeko


Lehen saria eskuratu zutela jakitean asko poztu zirela azaldu du Indakoetxeak. Eurena ez zen lagun edo koadrilako kideekin osaturiko taldea: «Horrelako bidaia lehiaketa batean parte hartzeko normalean lagunengana jotzen du jendeak, baina, guk ikaskideekin osaturiko taldea osatu genuen, gure arteko harremana sustatzeko aukera paregabea izan zitekeela pentsatuz». Bidaiak iraun duen bost egunetan furgonetan elkarbizitzeko aukera izan dute, eta horrek esparru desberdinetan elkar ezagutzeko aukera eman diela azaldu dute.


Harremana sendotzeko, eta gugandik gertu egon arren ezagutzen ez zituzten hainbat leku ezagutzeko baliatu dute bidaia. Eta batzuentzat ezezaguna zen modu batean egin dute, gainera: furgonetaz. «Taldekide batzuk oso ohituta daude horrela bidaiatzera, eta beste batzuentzat, berriz, gauza berria izan da». Guztiek ere «oso ondo» pasatu dute, eta «asko» gustatu zaie bidaia antolatzeko modua.
Naturari begirako gaiak


Zinema erabili dute gai moduan irabazleek. Bigarren eta hirugarren postuan geratu dira berdinduta ekosistemak eta naturako leku bitxiak gaitzat hartutako bidaiak. Biak ere Laskorain ikastolako ikasle diren Unai Altuna, Leire Uranga, Aitzol Mendizabal, Iker Garmendia, Markel Pascual eta Libe Martinez de Rituertok, batetik, eta Paula Ariznabarreta, Judith Iturrioz, Julen Zabala, Ainara Lakunza, Lide Lertxundi eta Ibai Zufiriak, bestetik, osatuak.


Talde horietako ikasleei 100 euroko erosketa txekea egokitu zaie Aralar Kirolak dendan, eta baita liburu sorta ere. Aurtengo Bidaia Bekaren epaia Leidor aretoan eman zen jakitera, iragan martxoan, VII. Menditour jaialdiaren filmen proiekzioa baliatuz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!