[Gutuna]: «Alex Txikoni erantzunez»

Iñaki Arratibel 2017ko uzt. 14a, 12:25

Joan den uztailaren lehen egunean, Alex Txikon eta Mikel Larrañagaren arteko apustua dela eta, idatzi direnak irakurrita, esan direnak entzunda eta Alex Txikonek berak egindako komunikatuaren aurrean, idatzi hau egitea erabaki dut.

Hasiera batean ez neukan ezer esateko asmorik, baina nire profesionaltasun eta jarrera etikoari buruz esan eta idatzi direnek nire familia, lagun eta lankideengan izan duten eragina kontuan hartuz, argibide hauek eman nahi ditut.


1. 2017ko uztailaren 1ean, Mikel Larrañagaren mediku-aholkulari bezala hartu nuen parte Azpeitiako zezen plazako apustuan. Ekitaldi horretan ez nintzen izan Alex Txikonen medikua, ezta Herri Kirolen Gipuzkoako Federazioak egun horretarako izendatutako medikua ere.
2. Alex Txikoni ondoeza egin zitzaionean, laguntzera hurbildu nintzen, begirune etikoagatik eta froga horretan zeuden osasun zerbitzuek horrela eskatuta.
3. Behin Txikon egonkortuta zegoenean, Mikel Larrañaga atenditzera joateko eskatu zidaten, zorabiatzen ari zelako eta horrela egin nuen, ni Mikelen mediku-aholkularia nintzelako egun horretan, froga horretan, arestian esan bezala.
4. Aldagelatik joan baino lehen ordea, Txikonen taldeko kide bati esan nion arazoren bat sortuz gero berehala deitzeko. Ez nuen deirik jaso, hortaz nire laguntza ez zela beharrezkoa ulertu nuen.
5. Hala eta guztiz ere, Mikel Larrañagak froga amaitu zuenean, Alex Txikonen egoeragatik galdetu nuen eta esan zidaten osasun zentro batera eramana zela ordurako.
Hau da uztailaren 1ean Azpeitiako zezen plazan gertatutakoa eta argitu nahi izan dut. Ez da nire asmoa eztabaida edo gatazkarik sortzea, ezbaian jarri diren nire jokabide etikoa eta profesionaltasuna defendatzea baizik.


Adeitasunez, Iñaki Arratibel, medikua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!