Galiziako txotxongilo tradiziora bidaia

Imanol Garcia Landa 2017ko uzt. 17a, 07:55

Topic zentroak osatu duen hemeretzigarren aldizkako erakusketa da 'Barriga Verde, feriaz feria'. Galizian XX. mendearen hasieran eta erdialdean Silvent familiak sortu eta herrietako ferietan antzezten zuten ikuskizunaren protagonista zen Barriga Verde txotxongiloa.

Tolosako Topic zentroan Barriga Verde, feriaz feria aldizkako erakusketa ikusgai dago urria bitarte. Erakusketa etnografikoa da, eta Galiziatik lehenengo aldiz atera da, han lau edo bost lekutan ikusgai izan ondoren. Tolosan erakusteko, Topic zentroak materiala euskarara, gaztelerara eta ingelesera itzuli du.

Aurretik egindako lan batean oinarritzen da erakusketa. Galiziako Morreu o Demo antzerki erakundea eta Titeres Viravolta antzerki taldea txotxongilo tradizionalaren aztarnak ikertzen hasi ziren Galizian. Maria San Sebastian Topic museoko arduradunak azaldu duenez, «lanarekin hasterakoan, gogoan zuten bazegoela Barriga Verde izeneko txotxongilo bat feriaz feria ibiltzen zena, aitona-amonek hala esana. Txotxongilo hori sortu zuen eta antzezpenak egiten zituen familiako kide bat aurkitu zuten, Alfonso Silvent. Bere aita, Jose Silvent, izan zen txotxongiloa sortu eta antzezpenak egiten hasi zena, familia guztiarekin».

Barriga Verderi buruzko informazioa biltzen hasi ziren Alfonso Silventen bitartez. «Dagoeneko adinekoa zen eta asko kostatu zitzaien bere konfiantza irabaztea», esan du San Sebastianek. Aitaren traste guztiak zituen gordeta ganbara batean. «Hasieran ez zien utzi ikusten, baina gero lortu zuten material guzti horretara iristea». Material guztia zegoen bertan: txotxongiloak, barraka, leihatila... «Lortu zuten azkenean beraiek jasotzea, berritu zituzten eta hortik aurrera hasi ziren batera eta bestera mugitzen, Barriga Verde bere garaian ikusi zuten pertsonei galderak eginez». Dokumental bat osatu zuten material horrekin guztiarekin, Titirijai jaialdian aurkeztu zena 2012an. Dokumentala erakusketan bertan ikusi daiteke. Ikus-entzunezkoa osatu ondoren hasi ziren erakusketa egiteko lanarekin. Alfonso Silvent iaz hil zen, baina erakusketa ikusi ahal izan zuen Galizian.

Makiladun txotxongiloa

Barriga Verde txotxongiloaren eta bere ikuskizunaren historia Silvent familiari lotuta dago. Jose Silvent Extremaduratik Portugalera joan zen eta hor trebatu zen txotxongilolari moduan. Gero Galiziara joan zen eta bertan Emerencianarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten. Silventek sortu zuen Barriga Verde pertsonaia eta bere familiarekin joaten zen antzezpenak egiten feriaz feria. Bere hiru seme-alabek jarraitu zuten ikuskizunarekin, beraz, bi belaunaldi hartzen ditu Barriga Verderen konpainiak.

Erakusketan pieza originalak ikusi daitezke: jatorrizko leihatila, txotxongiloak eta frontispizioa. Erakusketan leku garrantzitsua du feriak, testuinguru horretan mugitzen baitzen Barriga Verderen ikuskizuna. Espazioaren alde batean feria bat irudikatuta dago, hainbat posturekin, eta garai hartako hainbat jokorekin. «Galizian oso garrantzitsuak izan dira eta dira feriak. Garai hartan, XX. mendearen hasieran, sozializatzeko modu garrantzitsuena zen», azaldu du San Sebastianek. «Salerosketak egiteaz gain, entretenitzeko ere balio zuten feriek, eta hor dute lekua barrakek eta txotxongilo ikuskizunek, azken hauetan bereziki Barriga Verdek». Zinema eta atrakzio parkeak iritsi zirenean, pixkanaka indarra galtzen joan ziren modu horretako ikuskizun eta barrakak. Silvent familiak berak zinema makina bat izan zuen.



Txotxongilo tradizio jakin batetik dator Barriga Verde pertsonaia eta leku berezi bat du tradizio horrek erakusketan. «Barriga Verdek antza handia du Europako hainbat herrialdeetan eta hortik kanpo ere dauden pertsonaia tradizionalekin. Jose Silvent bera Portugalen Dom Roberto pertsonaia tradizionalarekin trebatu zen, eta Barriga Verde Dom Robertoren anaia zen», esan du San Sebastianek. Esku txotxongiloak dira gehienak, katxiporrarekin edo makilarekin jotzen dutenak. «Beti autoritatearen kontra joaten dira. Berdin du autoritatea zein den: apaiza, polizia, nagusia...», esan du San Sebastianek.

Txotxongilo mota horretan aitzindaria Napolin XVI. mendean sortu zen Polichinela izan zen. Erakusketan txotxongilo horretaz gain Europako beste hainbat pertsonaia daude, Topic-ek bere bilduman dituenak. «Zenbait herritan asko mantentzen da tradizio hori, eta oso bizirik dago», esan du San Sebastianek. Euskal Herrian guztiz galdu da. Gipuzkoan Colorin izeneko txotxongiloa sortu zuten XX. mendearen erdialdean, eta pertsonaia horri buruz erakusketa egin dute Topic-en, eta material guztia zentroan bertan dute.

Ez dakite zehazki nondik jarri zitzaion txotxongiloari Barriga Verde izena, eta txotxongiloa bera gorde direnen artean zein den zehazki ez dakite. Alfonso Silventek ezin izan zuen identifikatu gordetako txotxongiloen artean, baina antolatzaileek uste dute txapela duen txotxongiloa dela.

Topic zentroak osatzen duen hemeretzigarren aldizkako erakusketa da Barriga Verderena. Zentrora sartzeko sarrera bakarra denez, ez dakite zehazki bisitariak museoa ikusteko asmoz joaten diren edo aldizkako erakusketa den bisitaren arrazoia. Halere, San Sebastianek azaldu du badela jendea espresuki Topic-era joaten dena aldizkako erakusketa ikustera. «Saiatzen gara erakusketa ezberdinak osatzen. Aurrekoa Irango erakusketa bat izan zen, eta aurretik arte garaikideari buruzkoa. Hurrengoa ere arte garaikidekoa izango da, txotxongiloekin lotura duena». Leku ezberdinetako eta gai ezberdinetako erakusketak ekartzea dute helburu, «jendeak ikusteko noraino heldu daitekeen txotxongiloen mundua». Oraingoan, urria bitarte, Barriga Verde eta bere sortzaileak ezagutu daitezke.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!