Urak mugitutako hegoak

I. Terradillos/J. Artutxa 2017ko uzt. 12a, 10:15

Ingurumenaren nazioarteko eguna dela eta, uraren garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Gurean, ibaiak landu dituzte, eta Oria izan da epizentro nagusia; bertako hegaztiekin, gida bat ere osatu dute.

Bada esaera bat: Urak dakarrena, urak darama. Horixe bera gertatzen da Oria ibaian. Lehen papergintzako industrietako tinta zena, hegazti eta landare bihurtu da orain, eta biodibertsitate handiagoa du ibaiak.

Bertako uretan, gainera, une honetan, hegazti ugari dabiltza hara eta hona hegoak astinduz. Inguruko herrietan, eta Tolosan batez ere, asko igo da espezie ezberdinen kopurua. Horregatik, eta ibaiaren kalitatea geroz eta hobea dela ikusita, jende gehiagok hartu du parte ibaiaren garbiketa prozesuan.

Aurten, Agenda 21 ekimenaren barruan, eta Ingurumenaren Nazioarteko Eguna aintzat hartuta, ura izan da gehien aztertu duten elementua, eta uraren erabilera neurrigabeari eman nahi izan diote garrantzia. Tolosaldean, urari buruz hitz egitean, Oria ibaiak hartzen du protagonismo handiena, hori baita, hemen dugun ur emari handiena. Hain zuzen ere, bertan aritu dira ikastetxe ezberdinetako hainbat ikasle, ibaiaren egoera aztertzen eta hortik ondorioak ateratzen.

Ibai honek, Aizkorri mendian (Zegama) du jatorria, eta Orion amaitzen da, Kantauri itsasoan sartzean. 1980 kilometro baino gehiagoko ibilbide luzean, Gipuzkoako 19 herritatik igarotzen da eta horietatik 8, eskualdekoak dira. 80ko hamarkada bitarte, Oria ibaiko urak kaltetuak izan ziren, papergintzan lan egiten zuten enpresen ondorioz. Hala ere, azken hamarkadetan, interes handiagoa eskatu du bere zaintzak, eta orain, uraren kalitatea asko hobetu da.

ORIAKO FAUNA, OSASUNTSUA

Ibai honetan bizi den fauna eta landaretzaren ezagutza handiagotzeko, bertako hegaztien inguruko informazioa biltzen duen gida txiki bat egin dute. Zerkausian gainera erakusketak egin dituzte, eta ibaiertzean zehar, berriz, bisita gidatuak eta hezitzaileak. Alberto Luengo biologoa izan da gidako egileetako bat.

Oria ibaia, fauna ikuspegiari dagokionez, eta beste garai batzuekin alderatuz gero, txukun eta osasuntsu dago. Luengoren esanetan, «une honetan, geroz eta espezie gehiago ikusten ditugu ibaiaren ibilbidean zehar». Horregatik, beste animalia askoren artean, hegazti ugari bizi direla ikusita, are eta hobeto zaintzea komeni dela diote adituek.

Lehen aipatutako gida horretan, 18 espezieren inguruko informazio laburra aurki daiteke. «Gehiago daude, baina guk aukeratutakoak, ohikoenak dira, urtean zehar askotan ikusten direnak». Horrez gain, informazio gehigarria eskaintzen duten grafikoak agertzen dira deskribapen bakoitzaren ondoan.

Grafiko horietan, garaia (zein hilabetetan agertzen diren, eta horiek zenbakien bidez markatuta), behatzeko zailtasuna (zaila, erdi-mailakoa eta erraza), ugaritasuna (urria, erdi-mailakoa eta ugaria) eta mehatxua (bakoitzak desagertzeko duen arriskuaren arabera) azaltzen dira. Horrez gain, bada bitxikeria moduan agertzen den datu bat: bakoitzak basahatearekin alderatuta duen tamaina ikus daiteke, izen bakoitzaren ondoan agertzen den silueta baten bitartez.

GEHIENAK, IKUSTEKO ERRAZAK

Hegaztiak zerrendatzen hasita, gehien ikusten den hegaztien artean aurkitzen da, hain zuzen, basahatea. «Guztiek dakite nolakoa den, eta askotan txitekin batera ikus dezakegu». Urtean zehar, gehienbat udazkenean eta neguan, taldeka aritzeko ohitura du, eta orain, udara partean, arrautzak jartzen ditu; hain justu, une hau aprobetxatzen du emeak, iheskor bihurtzeko.

Bestetik, Uroiloa nahiz Lertxun Hauskara espezieak ere geroz eta gehiago ikusten dira. Bigarrena, duela hamabost edo hogei urte, ikusteko nahiko zaila zen, baina orain, urte osoan zehar, kopuru txikitan ikus daiteke. «Metro bateko altuera du, hanka luzeekin eta arpoi baten modukoa den moko luzearekin, arrain txikiak eta uretako animalia txikiak (igelak, suge txikiak...) harrapatzeko baliatzen duena». Bada beste hegazti bat ere espezie honetakoa: Lertxuntxo Txikia. «Guztiz zuria da, moko beltzarekin, eta ezberdintzeko arazorik ematen ez duena, pixka bat txikiagoa baita». Biek ere, hegan doazela lepoa uzkurtzen dute, 'S' forman.

Martin Arrantzalea eta Txirritxo Txikia ere ikusteko errazak dira. Lehena, orain, gure errekan ibiliko da hezten. «Nahiz eta txikia izan, ikusgarria eta koloretsua da, eta hegan doala, kantuan egiteko ohitura du, soinu bereizgarri bat ateraz».

Txirritxo Txikia, errazago ikusten da, nahiz eta gutxitan ikusi. Irailean edo urrian, ordea, Afrikara joaten da, negua bertan igarotzeko, eta otsaila edo martxo aldera itzultzen da, hemen hezteko. Hegazti harrapari hau, oso mimetikoa eta urduria da. «Espezie honetako hiruzpalau bikote besterik ez daude hemen, eta kosta egiten da horrelakoak ikustea».

Ikusterrazak direnen zerrendan, Enarak eta Sorbeltz Arruntak ere badute beren lekua. «Momentu hau politena edo aproposena da, horiek ikusteko». Bost espezie daude: Sorbeltz Arrunta, Enara Azpizuria, Ugalde Enara, Enara Arrunta eta Haitz Enara. Guztiak, hegan doazela, airean ehizatutako intsektuez elikatzen dira. «Hegalari bikainak dira, hiri-inguruneari oso lotuta daudenak. Haitz Enara izan ezik, gainerakoek, Afrikara alde egiten dute neguan, klima hobe baten bila».

Gidak adierazten duen bezala, askotan ikusi ohi den beste hegaztietako bat, Buztanikara da. Txikiak dira, eta Zuriak eta Horiak daude. Segailak dira, isatsa etengabe astintzen dutenak, eta oinez doazela, buru-kolpeak ematen dituzte. «Urtean zehar, Oria ibaiaren inguruan aurki dezakegu, herriko edozein tokitan: errepidean, parkeetan...».

Azkenik, inguru hauetan sarritan sumatu ditzakegun hegaztien artean, honako hauek geratzen dira zerrendatu gabe: Uroiloa eta Txilinporta Txikia. «Txilinportak, urtero, Zezen Plazaren inguruko guneetan ikusten dira». Hauek ere negu aldera etortzen dira, udazkena amaitu ondoren, eta erraz ikusten dira, nahiz eta txikiak izan. Jarrera aktibokoak badira ere, oso urduriak dira, eta murgilari bikainak, jauzi txiki bat emanda sartzen delarik uretan. Uroiloa, berriz, beltza da guziz eta kopeta gorria eta moko horia ditu. Edozein unetan ikus daiteke, nahiz eta orain hezten egon.

INGURU HAUETAN, GUTXI

Bestalde, Uroiloaren oso antzekoa den hegaztia, Kopetazuria da, baina honen kasua bestelakoa da, gutxi ikusten delako, nahiz eta oso erraz bereizten den.

Hau ere beltza da, baina mokoa eta kopeta zuri kolorekoak ditu. «Biek ere, buru-kolpeak ematen dituzte etengabe».

Ikusteko samurra ez den beste hegaztietako bat da Ubarroi Handia. Beltza da, murgilaria, eta normalean, arrainak harrapatzen ditu. «Askotan ikusten ditugu txoko batean deskantsatzen, taldeka, zuhaitz inguruetan; hegoak irekita, uzten duten irudia nahiko bitxia izaten da».

Ur Zozoa, inguru hauetan gutxitan ikusten dugun hegaztia da. Honek, zuzen egiten du hegan, uraren arrasean, hegoak azkar astinduz eta dei bereizgarri bat eginez. Animalia egokia da, ura nola dagoen adierazten duelako. «Gutxi daude, baina poliki-poliki ikusten ari gara, inguru honetan». Duela urte batzuk, Tolosan behintzat, uraren kalitatea nahiko txarra zen, baina orain, oso ondo dago. «Horregatik itzuli da, gauzak ondo egiten ari garenaren seinale».

Kaio Hankahoriak ere badira, moko indartsua duten hegaztiak, nahiz eta une honetan ez dauden asko. Zilar koloreko bizkarraldea du, punta zuri eta beltzezko hegoekin. Izaera oldartsuko hegaztiak dira, urteak igaro ahala, helduaroko lumajea eskuratzen dutenak. Hala ere, gutxi daude, gehienak kostaldean hezten ari direlako.

GIDA, EGOKIA ETA BALIAGARRIA

Ondorioz, esan daiteke, une honetan, Oria ibaiko ekosistema garai batean baino garbiagoa eta osasuntsuagoa dela. «Hori nabarmena da eta segituan ikusten da, uraren kalitatea ona delako eta landaredia ere ondo zainduta dagoelako. Bestela, ez lirateke horrenbeste animalia egongo, eta hori pozgarria da».

«Hegazti hauen jokabideak eta ezaugarriak aztertzen denbora ugari igaro dut; baina, nire afizioetako bat izanik, gustura egindako lana izan da», eta gehitzen du, «beti egoten naiz, ikusten, zenbat espezie dauden aztertzen, zeintzuk diren espezie horiek, zer egiten duten, nola dauden... eta hori niretzako polita da». Orain, «guzti hori zaintzea» herritarrei dagokiela esan du, eta gida honek, «ibaia horrela mantendu eta bertan zer daukagun ikusi eta ezagutzeko balio dezala» espero du. Luengo egileaz gain, gida honetako irudiak Gorka Gorospek egindakoak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!