Tolosako Udalak Samaniegoko irisgarritasun proiektua bukatzeko lanak hasiko ditu

Ataria 2017ko uztailaren 10a

Argazkia: Tolosako Udala

Obra horien bidez, kanpoko instalazioetara sartu ahal izango dute mugitzeko zailtasunak dituztenek. Uztailean hasiko dira obrak eta bi hilabete iraungo dute. 114.200 euroko aurrekontua dute obrek.

Samaniego ikastetxea eraikin eta jolasleku ugarik osatzen dute, eta eraikin horiek aldapa handiko eremuan daude, "zenbait mailatan antolatuta". Maila horiek kanpoaldeko pasabide batek lotzen ditu, eta oinezkoak hortik iristen dira eraikin eta instalazio guztietara. Dena den, aldapa txikiko arrapalak egin zituzten eta igogailu bat ere eraiki zuten instalazio guztietako irismena hobetzeko.

Gaur egun, mugitzeko zailtasuna duten pertsonek ezin dute goiko jolasgunera iritsi. Goiko jolasgunea bi mailatan banatuta dago, eta eskailera batzuen bidez soilik dago lotuta. Orain bi maila horiek lotuko dituen aldapa txikia egingo dute.

Obarak uztailean hasiko dira eta bi hilabete iraungo dute. Hortaz, ikasturte berria hasterako obrak bukatzea aurreikusten du Tolosako Udalak.

Orain dela zortzi urte hasi zen Samaniego ikastetxeko irisgarritasuna hobetzeko proiektua eta hainbat fasetan burutu da; obra hori izango da azkena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!