XXI. mendeko klausurako mojak

Ura Iturralde 2017ko uzt. 9a, 09:53

Garai batean klausurako mojek guztiz debekatuta zuten beraien babesleku zen komentutik irtetea eta era berean kanpoaldearekin edozein harreman izatea, txikia bazen ere. Guztiz isolaturik bizi ziren. Gaur egun ordea, gogorregiak ziruditen arau hauek erabat birmoldatu dira zenbait komentutan aro berriei aurre egiteko. Adibide gisa: Tolosako Santa Klara komentuko klausurako bost mojek daramaten bizimodua.

1964. urtean eraikin historikotzat onartua, Klarisa mojak laurehun urte inguru daramate Santa Klara komentuan bizitzen. Berrogei izatera iritsi omen ziren, egun ordea, bost besterik ez dira: Genoveva, Mikaela, Lourdes, Konsuelo eta Gurutze. Beraiek dira komentuari egunero bizia ematen dioten emakumeak.

«Juan Pablo II.ena aita santu izan zen garaian klausurako komentu bakoitzak bere araudia erabaki zezala onartu zuen, aurretik ezarrita zegoen legedia apalduz. Egia da, beraz, orain kalera irten gaitezkeela askatasun osoz eta harremana izan gure hormetatik kanpo bizi diren pertsonekin. Guk ordea ez dugu horrelako beharrik sentitzen, ezinbestekoa denean besterik ez gara irteten ez baikara oso eroso sentitzen gure etxetik kanpo. Enkarguak egitera, sendagilearengana edota beharra duten sendi edo pertsonak bisitatzera irteten gara soilik. Benetan pozik eta lasai sentitzen gara komentuan, badakit ez dela erraza ulertzeko, badakit tolosarrek mila galdera dituztela beraien buruan gure bizimoduaren inguruan».

Mikaela, gainontzeko mojen antzera 07:30ean esnatzen da eta guztiak batera errezatzera abiatzen dira komentuko elizara. Bertan ordu erdi igaro ondoren beraien errezoetan, 08:00etan puntuan meza ospatzen dute bertara inguratu nahi duen guztiarentzat. Meza irekia amaitu ondoren berriro ere beraien kabuz errezatzen dute ordu erdiz gosaltzeko ordua iritsi arte, 09:30ak.

«Askotan galdetzen digute ea ez garen aspertzen… aspertu? Guk ez dakigu zer den hori, egun osoa antolatuta izaten dugu goizeko lehen ordutik gaua iritsi arte».

Mikaelak dagoeneko 17 urte igaro ditu Tolosako Santa Klaran, lehengo urtera arte bera zen komentuko abadesa.

«Saldiasen jaio nintzen, Nafarroako herri txiki batean, hantxe bizi izan nintzen 18 urte bete nituen arte, ondoren Frantziara joan nintzen lanera zerbitzari bezala. Oso gaztetxoa nintzenetik gustuko nuen mojaz mozorrotzea, arropak jantzi eta ispiluaren aurrean igarotzen nituen orduak jolasten, moja nintzela amesten. Frantziatik bueltan, 23 urte nituela jada oso argi ikusi nuen nire bidea, nire bokazioa. Jainkoari nolabait eskertu nahi nion berak eskaini eta oparitu zidan guztia. Atzo balitz bezala oroitzen ditut negar batean igaro nituen egunak nire etxea eta nire familia utzi aurretik. Errioxara eraman ninduten lehenbizi, hango komentuan igaro nituen 27 urte organista moduan lan egiten. Azkenik Tolosara etorri nintzen garai hartan nire aita eta arreba hemen bizi zirelako, eta aita gaixo genuenez ahal nuen heinean lagundu ahal izateko. Oso zoriontsuak izan dira hemen igarotako urteak eta jainkoak nahi badu halaxe izango dira datozenak ere».

Eguneroko gosaria oso xumea da, ogia eta esnea besterik ez. Mahai inguruan elkartzen dira bost mojak eta jainkoari eskerrak eman ondoren jateari ekiten diote. Platerak garbitu eta guztia tentuz jaso ondoren tarte motz bat dute mojek nahi duten moduan disfrutatzeko, irakurri, paseo txiki bat eman, gela txukundu… 10:00etan iristen da lan egiteko ordua, bakoitzak bere zeregina izan ohi du eta elkarri laguntzen diote, bata besteaz arduratzen da une oro.

Rosariok erratza pasatzen dihardu alai, aurpegian irribarre handi bat marraztua duela.

«81 urte ditut eta 61 daramatzat komentu honetan. Moja izateko bokazioa ez zitzaidan oso gaztetan sortu, egia esan 20 urte bete nituen arte beste edozein neska gazteren antzera gozatu nuen nire biziaz. Lana ere egiten nuen, zenbait leku desberdinetan zerbitzari bezala baina 20 urte bete nituenean oso argi ikusi nuen klausurako moja izatea zela nire ametsa. Barre asko egiten dut kaleko jendeak gutaz duen iritzia entzuten dudanean, ez gara extratarrestreak, emakume langile arruntak gara, jainkoari eskaini diogula gure bizia besterik ez, eta zoriontsu garela erabaki hau hartu izanagatik».

Rosariok erratzarekin jarraitzen duen bitartean, Lourdes arropa plantxatzen ari da astiro, bere gaixotasuna dela eta nekez burutu ditzake gainontzeko eguneroko lanak.

«Zaldibian jaio nintzen. 10 urte nituela ikasketak utzi eta lanean hasi nintzen, umeak zaintzen eta ondoren Donostiako hotel batean zerbitzari. 23 urte nituela erabaki nuen moja izatea, gaur egun 85 urte ditut. 6 hilabete igaro nituen Segurako komentuan eta ondoren Tolosara etorri nintzen. Ni ez nintzen klausurako moja, erabaki hori orain dela urte gutxi batzuk hartu nuen nire gaixotasuna dela eta. Ordura arte nik egiten nituen kalean, beharrezkoak genituen enkargu guztiak, gaur egun ordea nagoen egoeran plantxatzea eta arropa doblatzea da nire zeregin nagusia».

Plantxatu, garbitu, janaria prestatu,… asko dira eguneroko zereginak Santa Klara komentuan. Honetaz gain zaindu beharreko baratze txiki bat ere badute eta hamar ardiz osaturiko artalde bat.

«Askotan galdetzen digu jendeak zertaz bizi garen, erretiratu pentsio txiki bat dugu lan egindako urte guztiengatik beste edozein pertsonaren antzera. Honetaz gain askotan talde handiek, aisialdi taldeek adibidez arropa ekartzen digute garbitu eta plantxatzeko, zerbitzu honengatik zertxobait kobratzen dugu. Agian lanik gogorrena gure adinean baratzea zaintzea izan liteke, askotan laguntza eskatzen dugu zeregin konkretu honetarako. Halere esan dezakegu asko gozatzen dugula gure egunerokotasunean eta sekula ez zaigula umorea falta izan etxe honetan».

13:00etan puntuan bazkaltzen dute egunero mojek, gosariaren antzera xumea izan ohi da gehienbat barazkiez osatzen da menua. Mahaia jaso eta sukaldea garbitu ondoren 16:00ak arte badute gustuko dituzten afizioetan buru-belarri aritzeko tarte txiki bat.

«Niri kirola egitea asko gustatzen zait, eta tarte bat dudan bakoitzean bizikleta estatikoa erabiltzen dut izerdi patsetan amaitu arte», dio Gurutzek pedalei eragiten ari den bitartean…

«Jaiotzez bilbotarra naiz ni, komentuko gazteena 49 urterekin. Gaztea nintzela nire ama gonbidatu zuten denboraldi baterako Errioxako komentu batera eta ailegatu orduko argi ikusi nuen ez nuela bertatik irten nahi. 11 urte igaro nituen han, komentua itxi zuten arte. Gaur, 18 urte daramatzat jada Tolosan».

16:00ak berriro ere errezatzeko garaia da 16:45ak arte, arratsaldeko ordu honetan gelak txukuntzen hasten baitira, kanpotarrentzat prestaturik dituztenak alegia. Lasaitasuna behar duen edonor gerturatu daiteke komentura, Genoveva, gaur egun komentuko abadesa denak dioenez askotan ikasleak omen dira denboraldi batez isolatuta egoteko beharra sentitzen dutenak.

«Gela txukunak ditugu prest, baita sukalde txiki bat ere beraien kabuz moldatu daitezen. Aurten ni naiz komentuko abadesa bozkatze bidez hautatua. Gehienetan erabakiak taldean hartzen ditugu baina badira gutxi batzuk nik neronek baimendu beharrekoak. Sekula ez dugu arazorik izan, 49 urte daramatzat komentuan eta gure arteko giroa beti izan da ezin hobea. Ni 27 urterekin ailegatu nintzen hona, ordura arteko nire bizia beste edozein emakume gazterena bezalakoa izan zen, nire lana nuen eta baita mutil laguna ere. Bokazioa txikitatik neramala esan nezake, nire panpinak mojaz janzten nituen eta haiekin jolasean ibiltzen nintzen une oro. Azkenik argi ikusi nuen eta nire ahizpa Rosariorekin batera dena utzi eta komentura sartzeko erabakia hartu nuen».

18:30ean amaitzen da mojak bisitatu ahal izateko ordutegia, garai honetan elizara abiatzen baitira afaltzeko ordura arte, 20:00ak alegia.

«Asko gustatzen zaizkigu bisitak, benetan disfrutatzen dugu kanpoko pertsonek eskaintzen dizkiguten elkarrizketekin, asko ikasten dugu beraiengandik». Elizatik irten eta afaldu ondoren guztiek batera telebista piztu eta albisteak ikusten dituzte, ia irteten ez diren arren ez baitute guztiz isolaturik bizi nahi, eta jakin badakite beraien hormetatik kanpo zer gertatzen ari den.

22:00etan itzaltzen dira argiak, iritsi da oheratzeko garaia, bihar goizeko 07:30ean piztuko da iratzargailua egun berri bati hasiera emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!