[GUTUNA] Orain dela bi urte

Manu Ayerza Izaguirre 2017ko uzt. 6a, 11:52

Orain dela bi urte pasatxo, Inauteri guztiak pasa zenituen lanean Intxurren eta txosnetan, eta hain justu Asteartita egunean, edo hobeto esateko gauean, lanik ez, eta erabaki zenuen ateratzea buelta bat ematera. Eta hantxe hasi zen dena. Kuriosoa da nola batzuetan izaten garen destinoaren biktima, kuriosoa eta krudela destinoa nola dabilen gurekin jolasean.

Egun hartan, edo hobeto esateko gau hartan, hasi zen dena: laurak aldera iritsi zinen etxera, eta oheratu egin zinen. Dena normala zela ematen zuen, harik eta, goizeko zazpiak aldera, txirrin-hots autoritario batzuek esnatu eta ertzain baten garrasiek (“Ireki!!!”) ikaratu eta ohetik altxarazi gintuen arte.

Gora igo ziren eta zugatik galdetu ziguten, eta preso eraman zintuzten, gu ahoa bete hortzekin utzita. Zuk esan zenidan -gaur izan balitz bezala gogoratzen naiz-: “Lasai Manu (zenbat gustatzen zaidan Manu deitzea eta ez aita!).

Hantxe hasi zen dena; gero etxetik atera eta arrazoi bila hasten zara, hau zergatik? Gertakarien zurrunbiloan murgilduta, hasi ginen bilerekin, abokatua bilatzen, beldurrez, larritasunez, gure seme-alaben berri jakiteko Ertzaintzaren 'basera' joan, epaitegiko itxaronaldia, larritasun gehiago... Atera ziren libre, karguekin, eta hor hasten da istorio honen bigarren zatia. Eta istorio honekin bi urte baino gehiago daramatzagu dagoeneko, ikaragarri luzeak izan diren bi urte baino gehiago.

Gau hartan, ertzainen eta festetan ziren gazteen arteko borroka bat, inoiz gertatu behar ez zen borroka bat, borroka bat non denek kolpeak jasan zituzten, nahiz eta kaltetuenak polizia batzuk izan, zaurituta geratu ziren-eta... tira, kaltetuenak gure semeak dira, berak dira istorio honetako biktimarik handienak, zeren ezer egin gabe kartzelara joateko arriskuan baitaude.

Eta hau esaten dut, alegia, istorio honetako biktima handienak direla, zeren beren delitu bakarra izan zen hantxe gertatzea eta Tolosako gazte-mugimenduko kide ezagunak izatea. Bai jaunak, badugu garaia ozenki eta ondo aditzeko moduan esateko: gure semeak errugabeak dira, eta poliziak badaki, badakienez.

Poliziak aukera horretaz baliatu zen Tolosako gazte-mugimenduari burua mozteko, eta, hau kasualitatea!, mugimendu hori da, edo bazen, behintzat, probintzia osoko arrakastatsu, indartsu eta sendoenetako bat.


Poliziak argitu beharko liguke zer zela-eta ari zitzaizkien segika gure semeei gertaera triste hauek gertatu baino askoz lehenagotik, argitu beharko luke zergatik ari ziren haien gaineko informazioa biltzen delinkuenteak balira bezala.

Gizarte osoari azaldu beharko liokete zein irizpide erabiltzen dituzten erabakitzeko zeini jarraitu eta zeini ez, zer dela-eta dauden zerrenda beltzak eta ezer egin ez duten gazteei jarraitzeko zerrendak; zeren kontuz ibiltzen ahal zarete, agian zuen seme-alabei atzetik segika ari zaizkie zuek ezer jakin gabe; izan ere, SEGURTASUNAREN trukean geure arima deabruari saldu baitiogu, eta horren izenean ASKATASUNA galtzen ari gara.  

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala,  GURE GAZTEAK EZ DIRA DELINKUENTEAK, DISIDENTEAK BAIZIK.

Bi urte gogor-gogorrak izan dira hauek, eta aurrerapauso bat eman behar izan dugu giza eskubide oinarrizkoenak defendatzeko, askatasun-eskubidea eta errugabetasun presuntzioarena. Azken hori, gure semeen kasuan behintzat, erabat hautsi dute: errugabetasun presuntzioa poliziaren egiazkotasun presuntzioaren azpian geratu da lurperatuta, eta, kasu honetan behintzat, polizia hasieratik ari da gezurretan.

Gurasooi, helduoi, tokatu zaigu borroka egitea, gure seme-alabak ere beren eskubideen defentsan egiten ari diren bezala, tokatu zaigu beste kasu gehiago, asko, ezagutzea, alegia, errurik ez duen jendea poliziak salatutako jendea, soilik desberdinak izateagatik, mundua aldatu nahi izateagatik, borrokatuta beren ametsak bete nahi izateagatik. Benetan esaten dizuegu, poliziok: Zein zaretela uste duzue, gure seme-alaben etorkizunarekin horrela jokatzeko? Benetan uste al duzue eskubidea daukazuela gazte batzuen bizitzarekin jokatzeko, beren bizitzak erditik mozteko ustez egindako delituetarako erabat neurriz kanpoko kartzela-zigorrak eskatuta? Bidezko dela uste al duzue 5-6 urteko zigorrak eskatzea lesio batzuengatik, gertatu bai baina bereziki larriak izan ez diren lesio batzuengatik? Horiek al dira transmititu nahi dituzuen balio etikoak? Hori al da Gobernuak nahi duen gertuko polizia, gezurrak esaten dituen polizia bat, herri honetako gazteekin bihozgabe jokatzen duen polizia bat. Nigatik hobea litzateke urrutiko polizia bat gertuko polizia bat baino, ez dut 'gertuko' polizia hori hemen nahi, horrela ez, behintzat. Zuei ere oihuka esan beharko al dizuegu ALDE HEMENDIK! Oraindik segurtasunik eza sortzen duten beste polizia-indar batzuei bezala?
Bi urte hauek oso gogorrak eta aldi berean biziak gertatzen ari dira, bi urte zeinetan gauza guztien artean geratzen naizen gurea bezalako egoeran ezagutu dugun jende guztiaren arteko elkartasunarekin: Altsasukoak, Madrilgoak (Alfon), errepresioaren aurkako amak...  Bartzelonako 'La Xarxa', Gamonaleko asanblada ...  Leku guztietan egin diren eta egiten ari diren hainbat eta hainbat bidegabekerien berri ematen diguten hainbat eta hainbat ordezkari.

Bi urteotan esnatu egin gaituzue, lehen erdi lo geunden agian, gure konfort-zonan eroso, baina lortu duzue gu esnatzea, lortu duzue gu erosotasun horretatik ateratzea eta bizkortzea, eta gu bezala beste asko, asko gara dagoeneko zuen gezurrak eraman ezin ditugunak, ezin ditugu eraman zuen nagusikeria eta zuen jokaera, geure indar guztiekin egin behar dugu borroka zuen gezurrek min gehiago egin ez dezaten. Orain ez gara geratuko harik eta egiazko justiziak bere lana egin dezan, baina zuen aurka, gezurrak jakinaren gainean esateagatik.

Badakit, bai, polizia guztiak ez zaretela horrelakoak, ondo dakit denok ez duzuela parte hartzen polizia gutxiengo horretan, hau da, iraganean bezala orain ere nahi dutena egiteko eskubidea eduki nahi lukeen gutxiengo horretan, baina ez du ulertzen zuen isiltasuna, sinistuta nago gehienak ez zaretela horrelakoak, baina isildu egiten zarete eta isiltzen denak ameto egiten du, eta hori aldatu egin behar duzue biztanleriaren errespetua irabaziko baduzue. Haiek horrela jokatzen dute zuek utzi egiten diezuelako, zuek badakizue gezurretan ari direla, harrotu egiten dira-eta zuen aurrean beren istorioak kontatzen dizkizuetenean, zuek zarete hori galarazi behar duzuenak, bestela zuek izango zarete berek egiten duten guztiaren erantzule.

Bi urteren ondoren iritsi da, azkenean!, epaiketako ordua: datorren uztailaren 13an izango da. Berri horrekin urduritasuna sartu zaigu eta larritasunak areagotu egin dira, egunetik egunera gertuago dago ez dakit ondo zer. Dudak gainera datozkizu eta beldurrak indartsuago egiten dira; alde batetik ondo dago jakitea azkenean zerbait jakingo dugula, zeren itxaronaldia ikaragarri luzea egiten baita eta da horrela ezin da bizi, baina, beste alde batetik, arriskua errealago bihurtzen da eta askozaz gertuago ikusten da. Ez dakit hortik zer aterako den, egia da eskarmentuz ikasi dudala ez dagoela ezer itxaron behar hain bidegabe den justizia honetatik. Hauxe bakarrik esan dezaket: inoiz egin behar ez zen epaiketa honetan gertatzen dena gertatzen dela, lehen nintzena baino indartuago aterako naizela, lehen baino borrokatzeko gogo handiagoarekin aterako naizela, eta, batik bat, harro aterako naizela seme hau izateagatik, zeren hari leporatu dakiokeen gauza bakarra da borroka egin duela mundu hobe eta bidezkoago baten alde.
Hemendik aurrera beti egongo naiz zure ondoan, baita borroka honetan ere.

Manu Ayerza Izaguirre, Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!