[IRAKURRIENAK GOGORATUZ] «Aurten, mila scalextric-en langa pasako dut, ziur»

Iñigo Otaegi 2017ko abu. 5a, 09:28

Sei urte zituenean abiatu zuen bere kotxe bilduma Edorta Jauregik, bere poltsikotik erosten hasteko momentua iritsi zenean, «eromena» iritsi zitzaion.

Zaletasun ohikoenen zerrenda egiten hasiko bagina, seguruenik, scalextric-en bilduma egitea, ez litzaiguke otu ere egingo. Edorta Jauregiren (Tolosa, 1963) etxea, era guztietako auto ñimiñoz josita dago. Sei urte zituenetik hasi zen scalextric-ak biltzen, eta egun, hogei auto baino ez zaizkio falta, milako muga igarotzeko.

Scalextric-en bilduma egitea arrotza izan daiteke askorentzat.

Bai, baina oso hedatua dago. Gure ingurugiroan gutxi gaude, alabaina, Katalunia aldean ezaguna da afizio hau; sei mila autoko bildumak ere badaude. Urrutira joan gabe, Lasarten bertan ere badago klub bat. Kasualitatez, orain dela hiru hilabete joan ginen, eta sartzerako garaian, begiak dir-dir egin zidaten. Ez zitzaion ezer falta, goitik behera bikain zegoen prestatuta; hori bai, baldintza horietan, lehiaketetan dute fokua. Nire kasua ezberdina da, pasioa da eta kito. Egunen batean denbora librea baldin badut, batek daki; baina, egun, ezinezkotzat daukat.

Noiz hasi zinen bilduma egiten?

Gogoan dut lehendabiziko autoak 6 urte nituela oparitu zizkidatela. Geroztik, denak bilduman sartzen hasi nintzen, eta pentsa, orain 53 urte ditut. Denak ditut gordeta, eta guztiak daude martxan. Aldizkarietan gustuko autoak ikusiz gero, Gabonetan edota urtebetetze egunean eskatu egiten nituen. Behin norberak bere poltsikoaren aginte makila duenean, eromena dator (barreak).

Automobilismoaren historia biltzen du zure bildumak.

Bai, hala da. 980 auto inguru ditut, ia 50 urtean zehar bildutakoak. Aurten, inolako ezbairik gabe, mila scalextric-en langa pasa egingo dut. Gela bateko apalategian dauzkat gordeta, orain ordea, nire gelan hasi naiz jartzen, halabeharrez. Auto asko ditut propio izorratuta, hala bukatu zituztelako lasterketa errealak. Fernando Alonso zalea ere banaiz, eta bere Renault taldeko bost auto baditut, eta goitik behera dakit auto bakoitzarekin zer bizipen izan zituen.

Oso maiz eguneratzen duzu apalategia?

Bai. Gainera, zorteduna naiz; izan ere, komertzio bat izanik, jendearekin etengabeko hartu-emana izaten dut, eta zaborretara bota beharrean, niri ematen dizkidate. Normalean, nahiko izorratuta egoten dira oparitzen dizkidaten autoak, horrelako kasuetan, ikaragarri gustatzen zait autoak nire kasa konpondu eta martxan jartzea. Esan daiteke nire bigarren ofizioa dela scalextric-en mekanikaria izatea. Beraz, badakite eskualdeko biztanleek, Tolosako Kilo dendan utzi ditzatela hautsa hartzen dauden scalextric guztiak (barreak).

Zein duzu auto kuttunena?

Zaila da esaten. Adibidez, Carlos Sainzek (aita) eta Sebastian Loebek sinatutako autoei estimu handia diet; gainera, azken honek aurrez aurre sinatu zidan. Horiez gain, bildumaren hastapeneko berebilei estimazio izugarria diet, nire eskuetan denbora ugari igaro baitute.

Zer nolako pistak dituzu?

Denetarik. Aldiro pista bera muntatu beharrean, pista ezberdinetako piezak lotzen ditut, eta 25 metroko luzera ere har dezakete. Leku asko behar du ordea, eta ezin da egunerokotasunean garajean utzi, enbarazuan. Muntatzen dudanean, bizilagunei deitzen diet, eta hemen pasatzen ditugu arratsalde bikainak geratu ere egin gabe.

Scalextric-ak dituzu erakarpen nagusi. Eta auto errealak?

Ikaragarri gustatzen zait mundu hori ere. 17 urte daramatzat urtero Bartzelonako Montmelo zirkuitura joaten, Bat Formulako lasterketak ikustera. Automobilismoa aitzakiatzat hartuta, txoko andanatan egoteko parada izan dut; besteak beste, Portugal, Jerez, Valentzia... Ayrton Sena zuzenean ikusteko ohorea ere izan nuen.

Abiadura gustuko duzu, ikusteko. Eta, zuk zeuk gidatzeko?

Gehiago gustatzen zait ikustea, gidatzea baino. Halere, nire kotxearen azeleragailua dezente zapaltzea gustatzen zait. Nire urtebetetze egunean, emazteak Nafarroako Los Arcos zirkuituan Ferrari batekin aritzeko gonbita oparitu zidan. Bi aukera eskaintzen zituen opariak: zirkuituan bertan bi buelta egin, edota, errepidera atera eta 26 kilometro egin. Begiak itxita, bigarrena aukeratu nuen, eta guardia zibilek argazkia atera zidaten (barreak). Isun latza jaso nuen, eta gidabaimeneko bi puntu kendu zizkidaten. Halaber, merezi izan zuen, sekulako irribarrearekin etxeratu nintzen eta. Gogoan daukat oraindik goardia zibilen irudia, eskuak jasota niri aginduak ematen (barreak).

Scalextric-etako bat, auto erreal bilakatzeko aukera izango bazenu, zein hautatuko zenuke?

Nire emaztea eta biok, gazteak ginenean, Seat 600 bat genuen, eta nahiz bere garaian dirutza utzi behar izan genuen, 600a aukeratuko nuke. Izugarrizko oroitzapenak ditut kotxe harekin, eta gainera, scalextric-en antza auto batek baldin badu, Seat 600ak du. Askok Ferrariren bat esango lukete, baina, auto horiek mantentzeak izugarrizko zama ekonomikoa suposatzen du. Kalean baten bat ikusten baldin badut, inbidia sanoarekin begiratzen diot.

Internetetik erosten dituzu?

Oso traketsa izan naiz betidanik teknologiarekin, hala ere, azken urteetan asko ikasi dut. Harrigarria da internet, aspaldidanik nahi izan ditudan autoak eta piezak, bertan daude. Bizio bat da, haur txiki baten moduan disfrutatzen dut. Gutxi gorabehera, 40-50 euro inguru balio ditu auto bakoitzak. Azkeneko erosketa Santanderren egin nuen; lekuren batera joan behar badut, interneten begiratzen dut ea inguruan dendarik dagoen, eta bertatik pasatzen naiz. Antenak jarrita egoten naiz aldiro.

Ba al dago auto markarik zure bilduman ez dagoenik?

Ez dut uste. Lehiaketako guztiak ditut, markarik onenetatik, bat bera ere ez da falta. Ferrari eta Porsche dira bilduman gehien errepikatzen diren markak. Bi scalextric klubetako partaide ere banaiz, eta modelo berriekin jakinaren gainean egonda, bat berak ere ez dit alde egiten.

Izurik sortzen al dizu bildumak segidarik ez izatea etorkizunean?

Ez dut gehiegi pentsatzen horretan. Halere, pena emango lidake jarraipenik ez izatea. Alabak ez du afizio handirik, baina, baditut bi iloba nahiko zaletuak direnak. Ea haiek ere autoak gordetzeko beste gela baten beharrean izaten diren.

Edorta Jauregiri ez zaio autoak saltzearen ideia otu ere egiten, ezta?

Ezta pentsatu ere, ondobidean behintzat. Auto bakoitzak bere historia du, eta begiratzen hasten naizenean, oroitzapen guztiak bergogoratzen ditut; berezia da.

Erlazionatuak

Edorta Jauregi bildumagilearen autoak

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 04 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!