Miserikordia zaharreko bainuak berreskuratuko dituzte auzolandegietako gazteek

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko uzt. 4a, 18:37

Hamabost neska-mutil Tolosan dira jada, eta Olatz Peon alkateak harrera egin die; lanerako eta eskualdea ezagutzeko baliatuko dute egonaldia.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak antolaturiko auzolandegietako bat hartuko du Tolosak, uztailean. 30 gaztek Miserikordia Zaharreko bainuak berreskuratuko dituzte, bi txandatan, eta Tolosako Udalak harrera egin die lehen hamabostaldikoei.

1966. urteko plano bat hartu, eta Uzturre azpiko bainuak bilatzeari ekin zion Amarozko espeleologia taldeak. Leku zehatza aurkitzea izan zen lehen egitekoa eta, ikusi zuten, bainuez gain, ur jauzi txiki batzuk ere bazirela bertan. Orduz geroztik, haraino doan bide zaharra garbitu eta egokitu dute, eta zenbait bisita gidatu ere antolatu dituzte; helburua bainuak herritarrei zabaltzea da.

Eta, hain zuzen horretan ariko dira auzolandegietako 30 gazteak, bi txandatan: uztailaren 5etik 18ra bitarte lehenengoak, eta uztailaren 19tik 31ra bigarrengoak. Tolosako nahiz Euskal Herriko gazte batzuek izena eman dute eta, eurekin batera, Andaluziako, Murtziako, Gaztela Mantxako, Gaztela Leongo, Valentziako, Kataluniako, Kanaria uharteetako, Madrilgo eta Kantabriako neska-mutilak ariko dira lanean.

Lan orduetan eremua prestatu eta txukunduko dute, eta putzuak ere prestatuko dituzte, ondoren ura egoki bideratzeko; azkenik, bidexkak definituko dituzte. Olatz Peon alkateak eskerrak eman dizkie parte hartzaileei, "Tolosako historia, kultura eta ondarea berreskuratzen" lagunduko dutelako. Era berean, azpimarra jarri du auzolandegietako jardunaren baloreetan: "Gauzak partekatzea da auzolandegietan aritzea, eta baita elkarrekin lan egitea ere, bizikidetza sustatuz".

Halaber azaldu du, urteak direla jada, Uzturre inguruko eremua berreskuratzen hasi zirela: pinuak atera eta bertako espeziea landatzeari ekin zioten 2013an, eta baso naturala lortzeko esku-hartzeak egin zituzten 2015ean eta 2016an.

Beatriz Urresti auzolandegiko arduradunak azaldu duenez, goizez ariko dira bainuak berreskuratzen, 09:30etik 14:00etara bitarte, eta arratsaldean Tolosa eta Tolosaldea ezagutzeko jarduerak egingo dituzte. Asteburuetan, berriz, Euskal Herriko beste zenbait txoko bisitatzea aurreikusi dute: "Goizean ikusi dugu lanean ariko garen gunea, eta gogotsu gaude bertan hasteko".

Aipatzekoa da, 2010. urtean ere, auzolandegietako gazteek Uzturreko telegrafo zaharra eraberritu zuten, udan egindako lanei esker.

2017ko udan, guztira, 207 gaztek parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzaren auzolandegietan. Tolosakoekin batera, Mundakan (Bizkaia) eta Bergaran (Gipuzkoa) ere ariko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!