Bizikidetzaren aldeko adostasunak nagusi, ekaineko plenoan

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 29a, 10:39

Aho batez adostu eta onartu dituzte hainbat erabaki. TOLOSAKO UDALA

Garden guraso plataformari babesa eskaini dio Tolosako udalbatzak; horrez gain, Batzokiko pintaketak ere aho batez gaitzetsi dituzte, ekaineko osoko bilkuran.

Aho batez onartutako gaien plenoa izan zen, joan den astearte iluntzekoa. Bilkurak udalaren barne-antolakuntzako zenbait gai hartu zituen, baina baita zuzenki herritarren interesekoak diren hizpideak ere. Horrela, udalbatzaren adostasuna nabarmentzekoa izan zen: besteak beste, Garden guraso plataformaren adierazpena, Batzokian egindako pintaketen aurkako testua eta LGTBIQ+ harrotasunaren eguneko adierazpena adostu zituzten EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoek.

Epaitegietara deitutako bost gazte tolosarren gurasoek aurkeztu zuten, Garden plataformaren izenean, adierazpena. Besteak beste, testuak zioen «indarkeria adierazpenek ez dutela inolako zentzurik bizikidetza sustatu nahi duen gizarte demokratiko batean». Horrela, udalbatzak aho batez onartu zuen errugabetasun presuntzioa eskatzea, eta salbuespen egoera juridikoak bukatzea, «herritarren eskubide zibil eta politikoak bermatzeko».

Azkenik, zigorrak «neurrikoak» izatea ere eskatu zuen, nabarmenduz, Tolosako Udalak «bizikidetza bidearen apustu garbia» egin nahi duela, «gizarte eragile guztiekin batera».

Bai gurasoek, bai politikariek, poza azaldu zuten adostasuna lortu izanagatik, eta bizikidetzara iristeko pauso garrantzitsutzat jo zuten.

Bide bertsua jarraitu zuen, Tolosako Batzokian egindako pintaketen harira onartutako adierazpenak. Udalbatzak aho batez arbuiatu zuen ekintza, eta azaldu zuen halakoak beren estrategiatik kanpo daudela: «Edozein motatako eskubideen urraketen aurka lanean jarraituko dugu, eta horretarako beharrezkoa da denok elkarrekin pausoak ematea; horretarako konpromisoa hartzen dugu».

Azkenik, ekainaren 28aren harira, LGTBIQ+ kolektiboaren harrotasunaren aldeko adierazpen instituzionala ere onartu zuen plenoak. Kolektibo horren aurkako eraso eta aurreiritzien aurka «jarrera irmoa» berretsi zuten ordezkariek, eta konpromisoa hartu, homofobia, lesbofobia nahiz bestelako bazterketen aurkako kanpainak abiarazteko.

Era berean, ikastetxeetako Hezkidetza proiektuan beharreko diren baliabideak eskainiko dizkiete ikasle nahiz irakasleei, errealitate horren jabe egiteko. Azkenik, Tolosako Udalak LGTBIQ+ kolektiboa ikusarazteko jarduerak egingo ditu, Antonio Lekuona kaleko eskailerak kasu.

BESTALDE, EKONOMIA

Adierazpen eta aldarriekin batera, beste hiru gai nagusik jaso zuten, asteartean, udalbatzaren onarpena.

Batetik, Oriaburu eraikinean martxan jarriko duten co-working espazioa arautzeko ordenantza onartu zuten, eta baita Pasaban espresak bere gunea egokitu eta handitu ahal izateko plan orokorraren aldaketa puntuala ere. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren parte hartzerako sortutako foroarekin bat egingo du Tolosako Udalak ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!