Eskailera bat askatasunerantz

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 27a, 16:24

Tolosako Udalak bat egin du LGTBIQ+ harrotasunaren egunarekin; GEHITUk azaldu du, Tolosaldean aurrerapauso handiak daudela egiteko.

Ekainaren 28a efemeride garrantzitsua da lesbiana, gay, transexual, bisexual nahiz intersexualen kolektiboarentzat. 1969. urtean New Yorken gertatutako istilu batzuek LGTBIQ+ harrotasunaren egun bilakatu zuten eguna, eta Tolosako Udalak ere bat egin nahi izan du aldarrikapenarekin.

Horrela, iaz Zerkausia argiztatu bezala, aurten Antonio Lekuona kaleko eskailearak –Txerri plazakoak– kolektiboaren banderaren koloreekin margotu dituzte, aldarrikapen moduan.

Maite Ruiz de Egilaz berdintasun zinegotziak azpimarratu du, udalaren helburua dela, aldarrikatzeaz gain, LGTBIQ+ kolektiboaren errealitatea ikustaraztea. Guztia, errespeturantz: «Ez dago eskubide berdintasunik, errespeturik ez baldin badago. Gaur egun, oraindik ere, kolektibo horretako pertsonek arazoak dituzte diren moduan beren burua azaltzeko. Horregatik, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailean lanean dihardugu».

Bere aldetik, Ramon San Sebastian GEHITUko kideak salatu du, beren sorlekutik ihes egin behar izan duela kolektiboko jende askok: «Asko Madril edo Bartzelona bezalako hirietara joan ziren bizitzera, hemen, eskualdean, ezin zutelako aske bizi. Orain, belaunaldi berriok, horri aurre egin eta gure herrian eta gure erara bizitzea erabaki dugu».

Hala ere, San Sebastianek argi azaldu du LGTBIQ+ kolektiboarekiko fobia «handia» dela gizartean: «Transexualen aurkako autobus laranja datorkit gogora, edo Marine Le Penek Frantzian sortu duen korrontea».

Tolosaldean, gutxi-gorabehera, 48.000 pertsona bizi dira eta, datu orokorrek diote, gizartean %10 dela LGTBIQ+ kolektiboko kide: «Horrenbestez, Tolosaldean, 4.000 pertsona».

Kontuak horrela, ekainaren 28tik kanpo ere, urte osoan barrena, arduraz jokatzea eskatu die erakunde publikoei: «Jarduera sinboliko horiek ez dira nahikoa, eta pedagogia egin behar da, urte osoan gaia zainduz eta landuz. Kolektiboaren izena har lezake kaleren batek, eta protokolo bat ere sor liteke erasoen aurka. Herriko jaietan, berriz, kolektiboarekiko fobia eta bazterkeria salatzeko zerbait egin liteke, eta hitzaldi eta lantaldeak sortu. Gure ustez, Tolosaldea atzeratuta dabil gai hori lantzen, beste zenbait eskualderekin alderatuta».

Bere aldetik, Ruiz de Egilazek hitza hartu dio, eta azaldu dizkio udalak urte osoan barrena emandako aurrerapausoak: Hi haiz hi proiektuan gaia lantzea; udaleko datu basean sexua adierazteko aukera zabaltzea; osoko bilkuran adierazpena onartzea; eskailerak margotzea nahiz ortzadar bandera zintzilikatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!