Tolosako sanjoanak 2017

Santuek eta dantzariek poztu dute herri guztia

Asier Imaz / Josu Artutxa 2017ko ekainaren 24a

San Joan eguneko mezaren ondoren heldu da prozesioaren unea. Santu guztiak atera dituzte kalera, herriko patroia azkena zeramatelarik. San Joani, dantzariek lehen aldiz dantzatu diote San Joan zortzikoa Andre Mari plazan, mezatik atera ostean.

Hori baino lehen, erraldoiek, Musika Bandaren laguntzarekin, balts ikusgarri bat eskaini diete bertaratutakoei, geroago Euskal Herria plazan egin duten berdina. Horrela, prozesioarekin jarraitu dute. Herritarrak kalearen bazter banatan kokatu dira, prozesioa ikusi eta irudiak hartzeko. Eta prozesioan, erraldoiak, santuak bata bestearen atzetik, dantzariak eta Musika Banda. Guztiak ere udalbatzako ordezkariek lagunduta.

Prozesioaren une askotan, hain justu San Joan santua eskopetari konpainien paretik igaro denean, tiro ugari entzun dira. Amaieran, tiro horiek tiro bakarrean bihurtu dira, eskopetari guztiek Euskal Herria plazan botatako tiro erraldoiarekin. Bertan gainera, jende ugari bildu da, eta bitxia izan da erraldoiek dantza egiten zuten une berean, buruhandiak zinegotzi ugarirekin eta alkatearekin dantzan ikustea. Bitxia bezain polita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!