Tolosako sanjoanak 2017

'Ataria' irratia Zerkausitik zuzenean aritu da

Ataria 2017ko eka. 23a, 14:25

San Joan bezperan Pasahitza irratsaio berezia izan da gaur zuzenean Tolosako Zerkausitik. Festaren protagonistetako batzuk hartu dute hitza.

Berezia izango da biharko San Joan eguna eskopetarien konpainietako bi kapitainentzat. Kike Ceak gidatuko du Kabi Alai konpainia elkartearen 25. urteurrenean eta bere azkeneko urtea izango dela iragarri duen urtean suertatu zaio Justo Lillori kapitain nagusi izateko ardura.

Eskopetariekin batera dantzariek protagonismo berezia izango dute bihar Tolosan, San Joan egunez. Udaberri dantza taldeko dantzariek, goizean goiz apaintzen dituzte lizarrez Alde Zaharreko kaleak eta ondoren, prozesioa lagunduz egiten dute dantza. Beñat Azaldegi eta Josu Lizarralde Udaberriko kideek kontatu dute, taldearen 60. urteurreneko San Joan eguna nolakoa izango den.

Eskopetari eta dantzariekin batera, udal agintariek ere lagunduko dute prozesioa bihar. Nuria Carbonell Tolosako Udaleko kultura zinegotzia Zerkausian izan da gaur goizean eta festen izaera parte hartzaileaz hitz egin du. Ekimen ugari antolatu dira aurtengo San Joanetan eta xehetasun guztien berri eman du udal ordezkariak.

Tolosako Musika Bandak eta Txistulari Bandak jarriko diote musika biharko egunari. San Joan zortzikoa ibiliko dute gehienbat, baina goizean goizetik eguna nola abiatuko duten kontatu du Iñaki Letamendia, Tolosako Txistulari Bandako zuzendariak.

Biharko ekitaldi guzti hauen aurretik, ordea, izango da besterik. Gaur iluntzean San Joan suaren bueltan izango diren ohiturazko dantzekin batera, Hodeiertz Abesbatzak kantatuko du. Aurten, David Azurzak konposatutako Kanpai hotsa izeneko pieza estreinatuko dute eta Santa Maria elizako kanpaiekin batera entzun ahal izango dira abesbatzako kideen ahotsak.

Biharko egunean izango den kirol ekitaldi bati ere aipamena eginez parte hartu du Agustin Toledok, TAK arraun taldeko kideak. Batel estropadak egingo dituzte bihar gauean, 23:00 inguruan behin su artifizialak bukatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!