Tolosako sanjoanak 2017

«Kanpaiek dituzten notek doinu berezi samar bat sortzen dute beren artean»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko eka. 22a, 11:58

Argazkilaria: PABLO AZURZA.

Aurtengo ekainaren 23an, ia San Joan zortzikoak bezainbesteko jakin-mina piztuko du, Hodeiertz abesbatzak Santa Maria elizako kanpaiekin batera eskainiko duen kantuak; David Azurzak sortu du.

Aspaldian buruan bueltaka zerabilen ideia begi-belarrien aurrean ikusi eta entzun ahal izango du David Azurzak (Tolosa, 1968): San Joan bezperako emanaldian, abesbatza eta elizako kanpaiak elkarrekin ariko dira abesti batean.

Ez da, ordea, kanpai kontzertu bat izango, jende askok hala izendatu duen arren. Azurzak doinu bat sortu du, espresuki, hitzordu berezirako, eta Joxemari Iturraldek jarri dizkio hitzak. Hodeiertz abesbatza izango da behean, David Azurzaren gidaritzapean; goian, berriz, kanpai jotzaileak beren zuzendariarekin. Guztia, Santa Maria elizako lau kanpaiek sortzen duten «kolore berezia» herritarrei eskaintzeko.

San Joan bezperako suaren ondorengo emanaldia berezia izango da aurten. Zergatik?

Lehenik eta behin, argitu nahi dut leku askotan esan didatelako, ez dela kanpaien kontzertu bat izango. Pieza bakarra eskainiko dugu kanpaiekin batera. Guretzat konplexu samarra izango da, batez ere, koordinazio aldetik: batzuk goian egon beharko dute, kanpandorrean, eta beste batzuk behean, oholtzan. Eta, noski, guztiok batera joan behar dugu. Baina, berez, hori da berrikuntza bakarra: abesti batean kanpaiak sartzea. Gainerakoan, emanaldia betikoaren bidetik joango da: Udaberrik bere saioa eskainiko du, eta guk ere hiruzpalau kantu eskainiko ditugu, San Joan zortzikoarekin bukatuz.

Koordinazio lan berezia eskatuko dizuela diozu. Nola antolatuko zarete pieza hori abesteko?

Kantuaren zati batzuetan kanpaiak jo behar dira, baina, kontua da, distantzia handia dagoela abesbatza egongo den lekutik kanpandorrera. Gainera, goitik behekoa ez dute ikusi ahal izango eta, horregatik, sistema bat asmatu behar izan dugu, teknikoki arazo hori konpontzeko. Beste zuzendari bat jarriko da goian, eta entzungailuak izango ditu, abesbatzak kantatzen duena entzun eta kanpai jotzaileak zuzentzeko. Izan ere, haiek ez dute ezertxo ere entzungo, noski; kanpai baten barruan daude.

Kanpaiak jotzearen ardura izango dutenak ere abesbatzako kideak dira?

Lagunak dira, baina berez ez dira abesbatzako kideak. Lau kanpai jotzaile eta zuzendari bat behar ditugu goian, eta beren laguntza ezinbestekoa izango zaigu.

Nolatan sortu zitzaizun halako obra bat konposatzeko ideia?

Aspaldiko ideia bat da, egia esan. Duela urte asko bururatu zitzaidan, egun batean ederra zatekeela horrelako zerbait Tolosan egitea. Baina horrelako gauzak prestatzeko, askotan, hitzordu edo momentu zehatz bat behar izaten da. Bada, aurten, Tolosako Ekinbide Etxearen urteurrenaren harira, urte egokia iruditu zitzaidan. Dena den, ez genuen ezer konplexuegia egin nahi; berrikuntza txiki bat txertatu, besterik ez. Hori bai, zailtasun tekniko horiek konponduta, kantu hau kantatu eta antzeko beste zenbait sortzeko aukera badaukagu jada.



Kanpaiak eta abesbatza izango dira doinu berri horretako protagonista. Zein ezaugarri ditu piezak?

Hasieran ez nuen ezer idatzi nahi kanpaien notak edo afinazioa jakin gabe, hori kontuan hartuta hasi nahi bainuen sortzen. Horretarako, beraz, kanpandorreetara igo behar izan nuen, kanpai bakoitzak zein nota ematen zuen ikusteko. Froga batzuk egin genituen, eta grabaketa txiki batzuk ere bai, gero etxean lanean hasteko. Ikusi nuen, kanpaiek zituzten notek doinu berezi samar bat sortzen zutela euren artean, eta hori izan da nire abestiaren hezurdura edo egitura. Melodia berezi bat sortzen dute, eta egitura horren arabera osatu nuen, gutxi gorabehera, kantu osoa. Doinu kuriosoa da, eta nota horiek musikalki kolore berezia ematen dute. Gero, Joxemari Iturralderekin ere hitz egin nuen, berak doinu horri hitzak jar ziezazkion, erritmo batean sartuta eta ideia batekin. Horrela, testuak kanpai festa bat du hizpide.

Beste nonbait ikusi duzu halakorik?

Ikusi izan ditut abesbatzak kanpaiekin batera kantatzen, baina kanpai txikiekin, ez elizako kanpai handiekin; halakorik ez dut, egia esan, sekula ikusi. Kanpaien kontzertuak ere ikusi izan ditut, herri batean, eliza guztietako kanpaiak batera joz, koordinatuta; hori bai, hori kanpai kontzertu bat litzateke. Kasu honetan, abesti xume bat baino ez da, eta kanpaien laguntzak ematen dio berezitasuna.

Nola moldatu zarete entseguak egiteko?

Han bertan egin genuen entsegu bat, Santa Maria plazan. Batzuk goian, besteak behean, telefono bidez komunikatzen,... Baina, azkenean, soinu teknikaria ere etorri zen, eta hark eman zigun konponbidea, guk geuk ez baikenuen argiegi ikusten. Dena ezin genuen ekainaren 23rako utzi, ordura arte bozgorailuak ez baitira jarrita egoten. Horregatik, guztia arratsalde horretan errematatuko dugu.

Tolosarrak jakin-minez nabari dituzu?

Bai, egia esan galdetzen digute kanpaiekin kantatuko dugun abestiaz. Eta, noski, entsegua egin genuen egunean jende asko elkartu zen Santa Maria plazan, entzuten eta begira. Ni goian nengoen, eta ikusten nuen jendea begira geratzen zela, gertatzen ari zena ezagutu nahian.

Ostiralekoa ondo ateraz gero, aurtengo nobedadea urtez urte errepikatzeko asmoa duzue?

Bai, beharbada errepikatuko dugu, edo beharbada beste zerbait asmatuko dugu kanpaiekin egiteko; azken finean, kanpaiekin joko bat egitea da kontua. Egin ditugun entseguetan dena ondo joan da, beraz, espero dugu ezerk hutsik ez egitea eta guztia ondo joatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!