Tolosako sanjoanak 2017

Tolosa lizarrez eta elorri zuriz atondurik esnatzen den eguna

Izaskun Egilegor 2017ko eka. 22a, 07:56

Santa Maria elizaren itzalpean, plazako begi guztiak erakartzen dituzte bordondantzariek. NAIARA ROLDAN DE ARANGIZ

Lizarra, elorria, eskopetariak, Beotibarko bataila, Bordon dantza, prozesioa, Arrameleko San Joan eliza, San Joan zortzikoaren doinuak... Egungo San Joan jaiak hobeto ezagutzeko tradizioak hartzen dituen elementu eta momentuak historian dute oinarria.

Atzera zenbatzen hasi gara jada, urteko egunik luzeenaren esperoan eta noski, jai giroa arnasteko irrikaz beteta. Egun berezia izaten da San Joan eguna tolosarrontzat. Ohiturak ohitura, festa eta algarak hartzen ditu Tolosako sanjoanak, lizarraren babesean, gure izanaren zergatia eta nortasunaren irudia markatzen dute. Askotariko istorio, zein ospakizunek sortzen dute San Joan jaia. Hilak 21 egun betetzen dituenean, udako solstizioan nahasten diren magia, ura, sua eta naturaren indarrak hartzen dute protagonismoa. Andre Mari plazan ospatzen den San Joan bezperako sua izpiritu txarrez babesteko eta uzta txarrak ekiditeko egiten zuten gure arbasoek. Tolosako musika bandaren melodiak lagunduta, Udaberri dantza taldeak eskaintzen duen emanaldiak zein abesbatza taldearen kantuek jaia suspertzen dute. Eduardo Mokoroak konposaturiko San Joan Zortzikoari bizia ematen diote arestian aipatutakoek, leuntasunez jaso eta moldatu den melodia preziatuari alegia.

Lizarrez eta elorri zuriz atonduak esnatzen dira Tolosako kaleak San Joan egunean sinesmen popularraren parte izanik hau ere. Goizeko ihintzak urte osorako uztak babestuko dituelakoan ate parean jartzen da hosto hau, urtean zehar gorde eta San Joan bezperako suan errez eta, horrela, San Joan egunari urteroko ohitura berdinarekin hasiera emanez.

 
Izen bereko plazak hartzen du eliza oinarri, urteetan zahar berritua izan dena, egun, Tolosako patroia denaren eliza, Arrameleko San Joan eliza. XIII. mende hasieran jada, eliza bazegoela frogatzen dute agiriek. Arrameleko San Joan Tolosako elizarik zaharrena kontsidera daitekeena , alkatearekin batera, instituzio erlijioso zein politikoen gordailu zela diote. Tolosak bere harresiak eraiki zituenean, Gaztelako errege zen Alfonso X. jakitunak eskainitako pribilegioak kontuan hartuta, Arrameleko eliza, hiribilduaren kanpoan geratu zen; zeina ez da bihurtuko Tolosaren parte XVII. mendearen bigarren erdira arte. Tolosako patroi gisara ezagutzen da San Joan ekainaren 24an bere jaioteguna ospatze aldera eta, hau Tolosako herri primitiboaren nukleora lotuta egongo da.
 
Udako lehen izpiek berotzen dituzte Tolosako kaleak, Triangulo plaza, aurrera eta atzera dabiltzan koloretako txapelek betetzen dute. Egungo eskopetarien kuadrilla eta konpainia ezberdinak dira antzinako milizien alardeen oroitzapenak.
 
Hauetan ere hiribilduak irabazitako batailak gogoratzea eta oroitzea dute helburu. Hain ezagunak ziren leinuen gerrekin iristen dira Euskal Herrira bolbora, suzko armak eta horrekin bai, Gipuzkoako zein Bizkaiko milizien sorkuntza, zeinak eragin zuzena duten egun ospatzen diren eskopetarien salbeekin. Tolosa bezalako hiribilduak noblezia feudalarentzat zuzeneko mehatxuak ziren. Euskal Herrian hain ezagunak diren Oinaz eta Ganboatarren leinuen kontra egingo dute hiribilduok, azkenean hauen existentziarekin amaitzeko. Egoera zalantzakor horren testuinguruan sortzen dira milizia popularrak, 18 eta 60 urte bitarteko bizilagunek osaturik. Emakumeak milizia hauen parte ziren alarde nagusietan entrenatzen zuten miliziak sortzeko asmotan. Milizien alarde horiek dira gaurko oroitzapenak, tiroen burrunbekin indartzen direnak.
 



Aro Modernora arte mantendu ziren miliziez gain, Erdi Aroan ere bizi izan zituen Tolosak zenbait guda, horien artean 1321. urtean jazo zen Beotibarko bataila. Bataila horren kontakizun ezagunenek, nafarren eta gipuzkoarren arteko bataila bat izan zela diote nahiz eta bestelako teoriak egon badaude, 1321ko irailaren 18an, Berastegi aldeko lurretan, gipuzkoarron garaipenarekin amaitu zena. Garaipen horren ondoren, Beotibarretik bueltan, beraien ezpata eta bordoiekin algara eta festa artean Bordon dantza sortu zuten borrokatzera joan ziren tolosarrek. Urte luzeetan iraun ondoren gaurdaino iritsi zaigu Bordon dantzaren ospakizuna, bataila horren omenaldi modura sortuko zen. 24 gizon-emakumeek osatzen dute Bordon dantza, hauek azken aldian gehitutako kapitaina buru izanik. Dantzariak San Joan zortzikoaren doinuarekin bat osatzen dute bordon dantza eta Aurreskua, bordoiak lagun hartuta.

Garaipen horren frogetako bat San Joan egunean udalaren korporazioko zinegotzi gazteenak daraman Beotibarko ezpata da. Nahiz eta ezpata horren nondik norakoak ez ezagutu, gaur egun ezpata eskutan eramaten da, lorez inguratuta. Honen heldulekua berriz, Tolosako armarria duen zapi zuri batek estaltzen du. Honek, San Joan eguneko une esanguratsu bat adierazten du; prozesioa. Zinegotzi gazteenarekin batera elizaren kabildoa, udalaren korporazioa eta Tolosako Musika Bandak osatzen dute San Joan eguneko prozesioa. Txistulariek irekitzen dute hau, ondoren Tolosako Kofradia ezberdinen santuek jarraitzen diete. Santu guztien atzetik Herriko Zutoihala deritzon estandartea ateratzen da, eta azkenik, San Joanen irudiak ixten du Santuen irudien prozesioa. Kaleko anabasatik babestua, Santa Maria elizan ospatzen den eguneko meza nagusia eta bezperak, eta Arrameleko San Joan kaperan ospatzen diren osoak, eskopetari zein prozesioaren ibilbidea adierazten dute, kanpainen etengabeko hotsekin nahastuz eta San Joan Eguna osatuz.

 

Bibliografia:

Bello Larrarte, E (2012). Una aproximación a la actividad musical en Tolosa en el pasado siglo.

De Zabala, F & Garmendia Larrañaga, J (2007). Monografía histórica de la villa de Tolosa. Eusko Ikaskuntza: Donostia.

Garmendia Larrañaga, J (1992). La mañana de San Juan. In San Juan 96, Tolosa. Tolosako Udala: Tolosa.

Garmendia Larrañaga, J (2007). Udako Solstizioa. San Juan bezpera. In Tolosa San Juan Jaiak 1988. Tolosako Udala: Tolosa.

Rilova Jerico, C (2009). La pólvora de San Juan, Alardes y milicia en Tolosa.1456-1876.

Telleria Tapia, M.G (2013). San Juanes de Tolosa. Zazpiko, 7 herrialdetako kultur elkartea. Registro Propiedad Intelectual. N.º 01/2013/2811.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!